2014(e)ko irailakren 30(a), asteartea

'Orpoz orpo' Diario de Noticiasen


Bigarren eleberria kaleratu du Ernesto Pratek, ‘Orpoz orpo’

Txalapartak argitaratu duen eleberrian umorea, sexua eta ihesaldia uztartzen dira.

Klandestinitatea, sexua eta umorea: horiek dira Ernesto Prat Urzainki, Little-en (Berriozar, 1978) Orpoz orpo azken eleberriaren hiru gako nagusiak. Hala azaldu zuen egileak berak ostiralean Iruñeko Elkar liburu-dendan ospatutako aurkezpen ekitaldian. Berriozarraren bigarren lana da Txalaparta argitaletxearen eskutik datorren Orpoz orpo, 2013an Metaziri aldizkari kolektiboarekin kaleratu zuen Hiru ilargi laurden-en ondoren. Egileak, herrian egindako atxiloketa batzuk medio Guardia Zibilarengandik ihesi dabilen pertsonaia baten gorabeherak ditu hizpide kontakizun honetan.
Iparraldean hasi eta Italiaraino eramango duen bidaia horretan, argitaletxetik azaltzen den bezala, “aberriaren edo sozialismoaren militante baino sexuaren militante den Karlosek inguruan dauzkan guztiak dantzan jarriko ditu: laguntza emango dioten kideak, poliziak, Erakundea...”.

“Erabat konplexurik gabe idatzi nuen istorioa”, argitu zuen atzokoan Pratek, “ez nuen konplexurik izan ez sexu eszenak azaltzerakoan ez protagonistaren jarrerak erabakiak eta hautuak euskal gatazkan, klandestinitatean eta militantzia iraultzailean kokatzerakoan”. Hala ere, eta sexuak kontakizunaren baitan pisua daukan arren, egileak lehentasuna tramari eman diola ere azaldu zuen: “Sexua bada istorio honetan baina badira gauza gehiago. Irakurlearen jakin-mina piztuko duen trama sortu nahi izan dut, eta trama hori umoretik kontatu”.

Jon Jimenez Txalapartako editoreak ere umorearen erabilpena azpimarratu zuen atzokoan. “Umorea den heinean, gure umorea da, guk geure buruaz egiten duguna, kanpotik guri buruz egiten duten umorea indargabetuz”. Editorearen iritziz, Literotura sailaren baitan biltzen den lana ausarta da: “Egiaren ausardia azpimarratu behar da, hemen bizi izan dugun egoera umorez tratatzen duelako. Irakurtzen duen edonork barre egiten du”. Ihesaldian idatzitako ihesaldi istorioa Ernesto Prat Guardia Zibilarengandik ihes egiten zegoela hasi zen idazten, 2008an. Orpoz orpo lanaren lehenengo zatia, hartara, ihesaldian hasi zen itxura hartzen, egileak berak atzo azaldu moduan. “Bigarren atala atxilotu eta Toulousseko espetxean nintzela idazten hasi eta behin kalean nintzela bukatu nuen”.

Izan ere, Praten egoera pertsonalak eragin zuzena izan zuen, garai hartan, literaturaren arloan murgiltzerakoan. “ Ihesaldian garai desberdinak bizi izan nituen eta, oso burumakur nenbilen garai batean, garai zail batean, hasi nintzen liburu hau idazten. Egoera zail bati umorea landuz erantzun nion”.

Hala ere, azpimarratu zuenez, lanak ez du autobiografia arrastorik. “Nire esperientzia pertsonalak baliatu ditut narrazioan baina pertsonaiak eta kontakizunak ez du zer ikustekorik nirekin”.

2009an, sasian zegoela, Pyrenaicako mendi ipuinen IV. lehiaketan lehen saria eskuratu zuen Pratek Free Peltier Little Horse lanarekin eta 2012an Iruñeko Udalak antolatutako Egile berrientzako euskarazko XXIII. literatur lehiaketan hirugarren saria irabazi zuen Lozen izan nintzen lanari esker.

xehetasunak

Fitxa teknikoa. Egilea: Ernesto Prat Urzainki. Argitaletxea: Txalaparta. Bilduma: Literotura. Salneurria: 17 euro.

Eleberriaren inguruko hitzaldiak, Elizondon eta Izuran. Joan den astean Donostian eta pasa den ostiralean Iruñean aurkeztu ondoren, egileak ‘Orpoz orpo’ eleberriaren inguruko hitzaldi txandari ekingo dio laster. Lehenengoa Elizondoko gaztetxean izango da, urriaren 10ean, ilunabarrean. Eta bigarrena Izuran (Nafarroa Beherea, Oztibarre eskualdea) eskainiko du, urriaren 17an. Etorkizunera begira, bere sorterria den Berriozarren ere hitzaldiren bat lotzea du helburu idazleak.

Miren Mindegia - Oskar Montero - Domingo, 28 de Septiembre de 2014 Iruñea

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina