2014(e)ko irailakren 24(a), asteazkena

Erlojuari eraso basapiztiaren sabelean (V)



ETXERA

Libre nintzelarik, euskal presoak, E-TXE-RA! oihukatzen nuen manifetan, idazten nuen afitxetan, margotu pankartetan. Orain, preso nagoela, euskal presoak, KA-LE-RA! oihukatu nahi dut. Lehenik kalera, eta bakoitzak erabaki dezala gero etxera joan nahi duen ala ez.

 

KULTUR TRUKAKETA

Egun batean espainiarrak eta frantsesak etorri ziren Euskal Herrira, eta akelarre, zulo eta bertze hitz batzuk ikasi zituzten. Bertze egun batean milaka kilometrora sakabanatu gintuzten, eta patio eta promenade, eta vis a vis eta parloir ikasarazi zizkiguten.

 

EGUZKIA

Hondar urteetan usu solastatu naiz ilargiarekin, baita berarekin amets egin ere. Orain, eguzkia dut bidaide.

Okzitanian ere (Frantzian ez dakit), ekialdetik sortzen da ekia, eta mendebaldetik sartu. Bide horretan, ziegako leihotik sartzen zait tarte batez, lotsagabe.

Bere izpien ferekak senti ditzaket.

Gaur, otsoaren hilak hamaika dituela eta bi aste eta erdi igaro direlarik paretatzar hauen artean sartu nindutela, kartzelariak iragarri dit leihotik ez baizik eta parloirretik sartuko zaidala eguzkia.

 

DEITU ETA SEGI

Espetxean, zer edo zer nahi baduzu, tinbre bat duzu ziegan. Korridoretik eskaileretara ateratzeko, tinbre bat duzu.

Deitu, eta, zuk ikusten ez duzun nahiz eta berak bai ikusten zaituen pertsona batek atea irekitzen dizu.

Modulutik ateratzeko ere, tinbre bat duzu, eta horrela denbora guzian, lekuz leku eta aretoz areto joateko.

Bihar, maleta prestatu eta tinbrez tinbre saiatuko naiz hemendik ateratzen.

Kontatuko dizuet.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina