2015(e)ko maiatzakren 19(a), asteartea

HOTZAK, laugarren eguna (XII)




XII 

-Haika mutil, jeiki hadi, argia den mira hadi -kantatu zidan Eiderrek goizean.

-Bai nausia, argia da, gure oilarra kanpoan da -arrapostu nion nik.

Argia bazen, baita hotza ere. Alimalekoa. Gauean ez-dakit-zenbat gradu beheiti egin zuen tenperaturak eta, Haibol izan ezik, arropa gehiago paratzeko jaiki ginen gainontzeko guztiok gaueko momenturen batean. Jada ez nuen arropa gehiagorik, bertan neukan guztia jantzita neraman, eta nik bezala, Eiderrek eta Jonek.

-Nola segitzen zuen kantak? Haika mutil, jeiki hadi, hortxe zer den mira hadi        -galdetu nion Eiderri haize ufada azkarrak zeudela ikusi nuelarik.

-Bai nausia, haizea da, gure leihoa ideki da -erantzun zidan berak oraingoan.

-Bingo Eider, bete-betean eman duzu, ikaragarrizko haizea dabil.

Hotzagatik izanen zen agian, baina di-da batean desmuntatu genuen kanpamentua eta, eztabaidarik gabe, ni neu paratu nintzen soka-buru. Ayere de Nueisetik goiti arras bide zati ezerosoak zeuden. Nahiko aldapatsua izan arren, harri laxo anitz zegoen elurraren azpian eta muturkatu gabe ibiltzea zaila izan zen. Gainera, harri mukuru bat edo bertze amiltzen zen tarteka-marteka, lau laguneko sokadan arrisku potentziala bihurtuz. Bertzenaz, ez zegoen bertzelako zailtasun teknikorik.

 Biderik egokiena bilatzen ahalegindu nintzen, zeharka, nire gibeletik zetozenei harriak ez botatzearren. Hegoaldea jomugatzat harturik betiere. Denok daukagu gure Hego zuria errana zuen behin Ernest Shackletonek, eta hala zirudien. Pic de  Mallacanera gindoazen, hegoaldera, eta Shackletonen Bidetik, hots, elur eta izotzezko itsaso zuri batetik.

Maldak gehiago tenkatu ziren eta grabitatearen legeak bere papera jokatu zuen. Harri solterik zein elurrik gabe apenas, azpiko izotza agertu zen. Hirurogeita hamar graduko izotzezko maldak ziren guti goiti-beheiti. Arretaz, eskaladari ekin nion. Aitzineko egunean Lettre d’au Revoir iraganbidean ez bezala, ez nuen nire burua sobera seguru sentitzen, eta zenbait mamu hasi zitzaizkidan agertzen. Ezkerreko sorbaldako mina, errate baterako. Aurreko asteko errugbi partidan kolpea hartua nuen plakaketa altu batean eta, hurrengo bizpahiru egunetan mina eduki nuen arren, gero pasatu egin zitzaidan, bertze hainbertzetan bezala.

Ordura artio.

Izotz-torloju pare bat sartu nuen bidea aseguratze aldera eta, hala ere, ez nindoan gustura. Ezkerreko sorbaldak mina zeukala erraten zion buruari eta buruak ez zela deus erantzuten zuen. Sorbalda min handiagoarekin saiatzen zen burua konbentzitzen eta buruak, temati, ez zela deus erantzuten zuen berriro. Eztabaidaren erdian, airean ikusi nuen nire burua.

Hogei metroko hegaldia izan zen, erabat ezustean harrapatu ninduena. Erorketa nahiko garbia izan zen, pareta nahikoa leun zelako. Suertea izan nuen. Sustoa pasatutakoan, burua ezkerreko sorbaldarekin koleratu zen, eta errieta eman zion: ez egin horrelakorik gehiago! Ez nazazu gehiago despistatu!

-Ongi hago, Karmelo? -galdetu zidan Haibolek.

-Ongi nagok, bai -erantzun nion paretara ongi egokituz berriro-. Ez zekiat, despistatu nauk eta, konturatu orduko, beherantz nindoaan.

-Txandakatzerik nahi al duk?

-Agian bai -arrapostu nion ez oso seguru.

-Ni paratuko naiz soka-buru -sartu zen Eider determinazioz.

-Bai? -Haiboli begira, zalantza egin nuen- Pixka bat goitiago Milentas de Bozes tartea dago, Shackletonen Bidearen gakoa, hain zuzen.

-Aizu Karmelito, oroitu Etxauriko erreginarekin ari zarela solasean -erran zidan Eiderrek espantu doinu batez. Segituan, begi-keinu bat egin zidan.

Haibolek sorbaldak goititu zituen, ez zitzaiola gaizki iruditzen adierazi nahian. Berehala, Eider aseguratzeko prestaketekin hasi zen. Begi-keinu bat egin zidan berak ere.
 
***
 
-Biba Etxauriko erregina errepublikanoa! -egin nion oihu Eiderri Milentas de Bozes tartea gainditu zuelarik.

Aupa Eider! Aupa, aupa! Milentas de Bozes ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula, ez horixe. Berrogei metroko plaka bertikala zen, mistoa; hau da, pareta zeharkatzen duten arrailduretatik gainditu beharreko izotzezko eta arrokazko plaka.

Hiruzpalau egun eta oztopo zenbait falta ziren oraindik gure espedizio xumea akitzeko, baina erran zitekeen Eider bere harrizko erresuma elurren errepublikara hedatzeko bidean zegoela. Hori jada ez zen erresuma, inperioa baizik!

Eiderrek utziko zituen apurrekin konformatu beharko nuen. Egonen zen Jon apur horien artean? Itxaropena ez da inoiz galdu behar.

Baita gerlaririk hoberenak ere atsedena behar duelako, Haibolek hartu zion lekukoa Eiderri, eta bibakeraino geratzen zen bide zatian soka-buru joan zen. Gero eta elur gehiago zegoen eta haizeak ez zion gogor jotzeari uzten. Ikuspena ez zen hagitz ona eta behin baino gehiagotan izan genuen zalantza. Hondar tarteetan tregoa txiki bat eman zigun eguraldiak eta arratsaldeko azken argiekin batera gure laugarren kanpamentua izanen zen tokira ailegatu ginen, Lever du Soleil izenekora, alegia.

Lan bikaina egin zuen Eiderrek Milentas de Bozesen, baina Haibol ere makina bat zen, eta egun horretan demostratu egin zuen. Urde zerria! pentsatu nuen nire baitan inbidia apur batekin.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina