2015(e)ko maiatzakren 4(a), astelehena

HOTZAK, hirugarren eguna (X)


 
X
Jonek nire ondoan egin zuen lo, nire begien gozamenerako. Grezia klasikoko atleta baten gorputza zeukan, den-dena bere tokian maisuki zizelkatu eta horniturik. Hori monumentua!

Kamisetarekin ez zuen hainbertzerako ematen; baina, kendutakoan, aldizkarietako azaletan ageri diren modeloen pare zeuden beso gihartsuak, bular landuak eta txokolate tableta ageri ziren. Ongi depilaturik gainera! Olentzeroa berriki pasatu izan ez bazen, horrelako bat eskatuko niokeen. Argi eta garbi.

Ororen gainetik baina, zer edo zer nabarmentzen bazen, bere ipurdi polit, borobil, beltzaran, sendo, leun, suabe, gozo, perfektu, erakargarri eta jateko moduko hori zen. Lastima hiztegi aberatsago bat ez edukitzea bi muino zerutiar horien deskribapenean orduak, egunak, asteak edo hilabeteak emateko. Abartan mendiaren borobiltasun perfektuaren errepresentazioa zen Jonen ipurditxoa, bi Abartantxo goxo-goxoak.

Zergatik zirikatzen nuen Jon hainbertze, ordea? Gustukoa nuelako seguruenik. Nolatan ez nuen horrelako monumentua gustukoa izan behar? Horregatik zirikatzen nuen bere ahoskera edota bere hanka-sartzeak zirela medio hamabortz urteko nerabe baten antzera, gustukoa nuelako, bai... Los que se pegan se quieren, edo, los que se pelean se desean erraten genuen eskolan, eta hogeita pasa urte geroago berdin ari nintzen jokatzen. Urde maritxu patetikoa ni!

Monumentua bai, baina nolakoa zen Jon izaeraz? Gupidarik gabe, materialista hutsaltzat jo nuen nire burua, ipurdi eskultoriko batek ezagutzen ez nuen pertsonaz maitemintzera bulkatzen ari zitzaidalako, heteroek bi titi eder batzuen aitzinean burua galtzen duten modu berean. Urde maritxu patetikoa ni!

Akaso ez nintzen maitemintzen ari, eta nire ondoan zegoen Greziako artearen ordezkariari matakaldi on bat eman baino ez nuen nahi, hots, gozoki on bat dastatu.

Akaso.

Eta berak? Nahiko zuen? Nondik jotzen zion haizeak? Erratzun zegoenetik ez zen inorekin liatu, eta ez genuen gai horretaz inoiz hitz egin. Beraz, hetero izan zitekeen, baita homosexuala ere. Zergatik ez?

Ni ez naiz Brad Pitt, baina tira!, garai haietan ez nengoen hain gaizki, eta bere gustukoa izan nintekeen. Aurreko gauean, adibidez, lo-zakura sartzeko arropa kentzen ari nintzela, ez dakit nire paranoia izan zen ala zer, baina niri begira egon zela iruditu zitzaidan. Beharbada gaya zen bera ere, eta ez zekien ni zer nintzen. Handik edo hemendik enteratuko zela pentsatu nuen, bertzenaz, nola edo hala, ni arduratuko naiz horretaz.

Galdera bat etorri zitzaidan burura: bere gustukoa baldin banintzen, eta hala zirudien, zertaz ematen zuen batzuetan puntuak irabazi nahi zituela Eiderrekin? Bisexuala izan zitekeela pentsatzean, zelo-ekaitza sentitu nuen Eiderrekiko.

Edozein modutan, ekaitz polita, bidean harrapatu gintuena izan zen. Lainoak inguru guztia estali zuen eta haize bortitzak aurrera egitea oztopatzen zuen kasik. Alabaina, naturaren indarren kontra egin eta pauso bat bertzearen gibeletik emanez, bidea irekiz joan ginen.

Pausu bat, eta bertzea. Bat, eta bertzea. Bat, eta bertzea. Pazientziaz.

Momentu batez Bilbo Samurai sentitu nintzen, zibilizaziorik gabeko mundu batean naturaren elementuen kontra borrokan. Bidea mingarria eta latza izan arren, eutsi egin genion, kexarik egin gabe, errenditu gabe. Bilbo Samuraik eginen lukeen bezalaxe.

Eguraldiaren kaskartze horrek hondar hilabeteetako lurrikarak, tsunamiak, uholdeak, sumendien leherketak eta abar ekarri zizkidan gogora, eta horrek gure zibilizazio garatuaren bukaera uste baino hurbilago egon zitekeela pentsatzera eraman ninduen berriz ere, era apokaliptiko batean.

Egun batean, dena normala zen. Betikoa. Ohikoa. Hurrengoan, hainbat itzalaldi egon ziren leku ugarietan. Kexak izan ziren baina ez zen benetako alarmarik egon, inork ez baitzuen espero hura behin-behineko matxuraren bat baino gehiago izaterik. Handik oso gutxira, industria asko geratu egin ziren, denetariko gailuak, ur-ponpak… Eta, ez bat eta ez bi, dena azkartu egin zen. (…) Zibilizazioaren geruzak begi-kliska bat baino ez zuen iraun.

Akabo zibilizazioa. Eta poliki-poliki izan beharrean, naturak begi-kliska batean itzuliko balizkigu guk eragindako kalte guzti-guztiak? Ea Bilbo Samurairen garaia hurbil ez ote zegoen galdetu nion nire buruari.

Ni prest nengoen borrokarako, eta ez nuen agurtzeko gutunik idazteko inolako asmorik, nahiz eta Lettre d’au revoir izeneko parajera ailegatu ginen.

Aseguratzeko tokia muntatzen lagundu nion Haiboli. Gero, Bilbo Samurai menperaezinaren arimaz mozkorturik, aurrera egin nuen. Elur erori berriak oinak ongi sartzen laguntzen zuen, batetik; baina, bertzetik, azpian zegoen izotza estaltzen zuen. Emeki, pazientziaz eta seguru, iraganbidearen erdialderaino egin nuen metroz metro. Hor, une bat hartu nuen azpian neukan amildegiari behatzeko. Leku horri Lettre d’au revoir izena paratu zionak zinez pertsona ironikoa behar zuela izan ondorioztatu nuen irribarre txiki batez. Gibelera begiratuta, nire hiru soka-kideen aurpegiak ikusi nituen, arretaz begiratzen zidatela. Lehiaketetako oilar bat nola, halatsu puztu nintzen, harro. Han nengoen ni, ausardiaz eta adorez beterik, berrehun metroko amildegi baten gainean hain lasai. Jonen begiek distira berezia zutela iruditu zitzaidan, baita Eiderri distantzia irabazten niola ere, noski.

Mugimendu dotorez, apur bat antzeztuak beharbada, bertze alderaino igaro nintzen. Gero, niganainoko tartean aseguratu nituen Eider, Jon eta Haibol, Ayere de Nueis-eraino eramateko ondoren.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina