2015(e)ko maiatzakren 28(a), osteguna

Erlojuari eraso basapiztiaren sabelean (epilogoa I)




Azken guda dantza

Promenade ordua zen eta nik, mandoak bezala, bueltaka ibiltzeari ekin nion. Patioa ixten zuen hesiaren kontra bermatu ziren hiru preso eta rapeatzen hasi ziren. Frantsesez ari ziren, espetxeko edo kaleko frantsesez, ez telebistako albistegiko gabatxo pedantez. Beren ondoan pasatzen nintzen aldiro zozoturik gelditzen nintzen aldarri ozen haiek adituz. Bertsolarien antzera, elkarri erantzuten zioten, itxuraz, erabateko inprobisazioan. Liluraturik eta disimuluz, beren saioa aditzera gelditu nintzen inguruetan. Une batez, hip hopari esker, aske sentitu nintzen, ez espetxean baizik eta hiri handi bateko auzo txiro batean.

Eduardo Galeanoren “Espejos” izeneko liburua irakurria nuen hondar egunetan eta, honen eraginez, nire espetxealdiaren kronika ironikoa ari nintzen osatzen zenbait testu motzen bidez. Promenade ordua akiturik, patioko raperoen une magiko hura kronika hartan sartu behar nuela nuen burutan kartzelariak ziegaraino lagundu ninduelarik.

Atea ireki zidan, ziegara sartu nintzen, eta, atea berriz itxi baino lehen, agindua bota zidan kartzelariak, garrantzirik eman gabe kasik:

-Prat, egin maletak, lekualdatua izanen zara.

Arriufa! Ze nerbioak!

Ordu bat eskas neukan nire lau gauza biltzeko baina, urduri, hamaika buelta ematen hasi nintzen ziegan. Jada ez nuen egun hartarako lekualdatzea espero. Burutan sartua zitzaidan autoz eramanen nindutela mugara eta pentsatzen nuen egunaren lehen orduetan paratuko zutela martxan ni entregatzeko bidaia.

Baina ez.

Eguerdia zen eta Españako (in)justiziaren esku utzi behar ninduten.

Kantinan erositako jakiak aste haietan apur bat lagundu zidaten preso pare bati eman nizkion eta Tolosako espetxetik ateratzeko egin beharrekoak nahiko azkar joan ziren. Luze gabe, furgoi batean nindoan, eskuak eskuburdinekin lotuta. Berandu zen eta Madrilera gauean ailegatuko nintzela kalkulatu nuen, edo polizia-etxeren batean gaua pasatu beharko nuela.

Furgoia hala ere, Tolosa inguruko errepideetan bueltaka hasi zen, eta aireportua begiztatu nuen.

Hegazkinez, doike! pentsatu nuen.

Aireportuan aldaketak egon ziren. Frantziako matoiek (estatu frantsesean kartzelariak arduratzen dira lekualdatzeez) Españako Poliziaren esku utzi ninduten eta, aginte aldaketan, eskuburdinak aitzinean eramatetik bizkarrean eramatera behartu ninduten.

Polizia batek azalpena eman zion kideari:

-Los franceses los esposan adelante y así van tan cómodos. Esposados a la espalda van todo el viaje incómodos y jodidos, como tiene que ser.

Egoera berriak baina, bertze berrikuntza bat ekarri zuen. Eskuak bizkarrean loturik, ezin nuen ia tona bat pisatzen zuen nire petatea eraman, beraz, polizia batek kargatu behar izan zuen. Zozokeri honi garaipen zaporea hartu nion.

Poliziaren abionetan jada, Toulousse-Seysses espetxeko patioko raperoez oroitu nintzen, eta espetxealdiaren kronika ironikoaren beren ataltxoa “Azken guda dantza” dei zitekeela pentsatu nuen.
 
 
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina