2015(e)ko apirilakren 8(a), asteazkena

HOTZAK, bigarren eguna (VI)


VI

“Metro guti batzuk bota naiz, bertzerik ez” esan zuen Karlosek. Aupa baztandarrak pentsatu nuen, ez direla erortzen, botatzen baizik. Gauza bat da euskaltegian ikasten duguna eta beste bat, oso ezberdina batzuetan, kalean hitz egiten dena. Baztandarrak, beraz, harroak beraiek, ez dira erortzen, botatzen dira.

Aurreko udan Erratzuko kanpinera astebete etorri ziren Gernikako gazte haiekin bezala. Zubi Puntara sartu eta “zelan?” galdetu zidan batek. “Ez, ni langabezian” erantzun nion. Ziur ajataka daudela oraindik nire kontura.

Erratzukoen artean Karlosi ulertzea zen gehien kostatzen zitzaidan, hika edo hitano delako hori egiten zuelako. Hala ere, izen hori pila bat gustatzen zitzaidan: hitano. Eta kanta bat gogorarazten zidan: “soy hitano y vengo a tu casamiento…”

Karmelori errazago ulertzen nion, normal egiteaz gain, garbiago ahoskatzen zuelako. Berak beti zirikatzen ninduen nire ahoskera zela eta, baina niri ez zitzaidan axola, nahi nuenerako aski eta sobera baitzen nire euskara traketsa.

Eta denen gainetik, Eider zegoen. Eiderri den-dena ulertzen nion, edo hala uste nuen behinik behin. Nabari zen euskara irakaslea zela, bazekien poliki ahoskatzen, hitzak ongi bereizten esaldietan, baita sinonimo eta keinuen bidez azalpen argiak ematen ere. Bere ahotsak txorien txioa imitatzen zuen, eztia zen, gozoa… ai…

***
Kanpamentua muntatua eduki genuenean, zopa bero bat hartu genuen gorputza apur bat epeltzeko. Kanpoan zebilen haizeak kanpin-denda barrura bahitu gintuen. Eguraldi txarraren harira, hain zuzen, ika-mika txiki bat izan zuten Karlosek eta Karmelok. Eiderrek baretu zituen animoak azkenean.

Ez zuen ematen Karlos eta Karmelo gaizki konpontzen zirenik, eta ez dut uste kalapita handiegirik izanen zutenik. Lagunak ziren txikitatik, herriko lagunak. Koadrilakoak.

Hori dute herri txikiek, zure lagunak ez dituzula aukeratzen. Zure kintoak dira normalki, eta kito. Bestela, hiri edo herri handietan, dagoen faunaren artean aukeratzen dituzu lagunak eta, horregatik, zaletasun zehatz edo ideologia baten inguruan bildurik, koadrilak homogeneoagoak izaten dira beharbada. Herri txikietan aldiz, lagunak tokatzen zaizkizunak dira, koadrila heterogeneoagoak osatuz nolabait.

Horrek alde positibo handi bat dauka, izaera ezberdinen arteko orekan toleranteagoa izaten ikasten duzula. Edo ez. Karmelo, Karlos eta Eider betiere, ongi moldatzen ziren beraien artean; gainera, ezpal berekoak ziren alproja horiek.

Egun hartako tira-bira eguraldi txarraren ondorioz sortutako inpotentziak edo ezinegonak eragin zuen, eta kanpin-denda barruan frontalekin jokatu genuen mus partidak berehala konpondu zuen.

Gero, bakoitza bere lo-zakuan sarturik, une intimoagoa edo indibidualagoa etorri zen. Kasualitatez, edo ez, dendaren beste aldean ipini zen Eider. Distantzian ez zegoen oso urrun egia esateko, baina Karmelo eta Karlos tartean egonik, helmuga eskuraezina zen hura.

Karlosek Mp4ko aurikularrak ipini eta musika entzuten egon zen. Karmelo fikziozko liburu bat irakurtzen, Bilbo Samurai edo horrelako zerbait. Eider, ez nuen ikusten. Eta ni, nire burutazioetan galdurik.

Lo-zakura sartzean, disimuluz eta nahi gabe, edo bai, leka begiratu nion Karmelori. Ez pentsatu gaizki, ni ez bainaiz marikoia. Kuriositateak bultzatutako erreakzio huts bat baino ez zen izan. Jakingura esan dezagun. Nolanahi ere, ezin izan nituen konparazioak ekidin.

Horrekin arazo bat neukan beharbada. Bueno, nik… eta gizon askok, gehienek ez esateagatik. Amerikako Estatu Batuetako ikerketa batek zioen zakila luzatzeko ebakuntza egiten dutenen artean poliziak eta suhiltzaileak direla gehienak, hots, lantokian aldagela konpartitzen dutenak. Dirudienez, erreferentzia falta omen da konplexu guztien jatorria.

Neskak kexatu egiten dira telebistan ageri diren emakume gehienak politak, argalak eta titi handikoak direlako, eta horrek konplexuak sortzen omen dizkielako, baina guk, gizonok, non ikus dezakegu gurea ez den zakil bat? Edo zakil tente bat zehazkiago esateko? Bada, pelikula pornografikoetan soilik, eta hor sekulako tresnak agertzen dira beti.

Beraz, berriro diot, Karmelori buztana begiratzean, ez nenbilen marikoikerietan, erreferentzia bila baizik.

Fimosisetik operatutako nire txoritxo garbi eta despejatuarekin alderatuta, gehiegizko azal tolestutako pito itsusia baino ez zitzaidan iruditu Karmelorena. Ez nintzen bestelako ondorio sakonetara ailegatu. Gainera, nire lankide batek zioen bezala,
sorpresa faktorea da inporta duena, hau da, zimurtutako pitilin txiki batek erekzioan handitzeko duen gaitasuna. Bai azaldu zigun, prakak eta gailunboak jaitsi eta erdi barregarri den pitilina Aladinoren lanpara bailitzan igurtzi eta… sorpresa! Altzairuzko paretak zeharkatuko zituen ikaragarrizko tramankulua! Hori da sorpresa faktore on bat! Beste lankide batek a!, elastikotasuna gehitu zuen. Esaten dutenaren arabera, beltz zikin horiek dituzte zakil handienak atsedenean, baina elastikotasun gutxien duten zakilak dira, gero ez direla asko luzatzen, alegia. Txinatarrenak aldiz, zakil txikienak omen dira, baina gero, behar denean, zakil elastikoenak dira eta teleskopio baten antzera luzatzen omen dira. Hori esan zuena marikoia zela esaten zen aspalditik kuartelean, eta zakilez “hainbeste” jakiteak ez zion gehiegi lagundu.

Zebra-gizona deitzen genion, eta ez preseski bere buztanaren luzeragatik. Egun batean, kuarteleko aldageletan, morenoa eta errubioa zela ohartu ginen. Buruko ilea erdi beltzarana zeukan, bizarra erdi ilegorria, bularreko ilea beltza, zakilaren gainekoa ilehoria kasik, barrabiletakoa apur bat ilunago eta, hankena, beltz-beltza. Zebra bat ematen dik! erran zuen batek isekari, eta goitizen horrekin gelditu zen betiko.

Zebra-gizona marikoia zela ere esaten zen beste guardia zibil batekin askotan ibiltzen zelako handik eta hemendik, Jardinerorekin hain zuzen ere. Jardinero erdi metrosexuala zen, bere janzkera eta itxura asko zaindu eta gorputz ia guztia depilatzen duten horietarikoa. Ilea zeharo engominatua eramaten zuen beti, flekillo arraro batekin. Urteak aurrera joan ahala baina, azotea argitzen hasi zitzaion eta Jardinero gaizoak gero eta arazo gehiago izan zuen gomina boteak bukatzeko. Kuartelean esaten zen egunean bi aldiz ureztatzen zuela burua alopeziari aurre egin nahian, balkoiko loreak ureztatzen zituen bidenabar.
 
***
Lo-zakuaren barnean etzan nintzen. Maldan eta kranpoiekin zeharka ibiltzeagatik nahikoa kargaturik nabari nituen hanketako bolak. Begiak itxirik eta erdi lo nengoela, kanpin-dendaren kremailera entzun nuen. Eider zen, arropa ipini eta kanpora zihoala.

-Nora soas? -galdetu nion instintiboki.

-Lasai, berehala etorriko naiz.

Nora demontre doa neska hau ordu hauetan egiten duen hotzarekin? galdetu nion nire buruari. Ez nekien ze tenperaturatan geunden, baina hotzegi paseo bat emateko betiere.

Ez dakit zenbat denbora egon zen Eider kanpoan, berehala lokartu bainintzen.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina