2015(e)ko apirilakren 27(a), astelehena

HOTZAK, hirugarren eguna (IX)


 
IX

Aitorren faltan, nire buruari besarkaturik iratzarri nintzen. Bera besarkatu eta nire gorputzaren kontra ongi estutuko nukeen eguna noizbait ailegatuko litzateke; bizkitartean, bere besarkadak nituen amets.

Oinak hotz nituen. Hala ere, nagiki atera nintzen lo-zakutik. Eta Karlosek utzitako lo-zakutik Karlosek prestatutako gosarira egin nuen. Biba hi, Haibol!

Gosarian irri batzuk egin genituen Jon eta bere hanka-sartze xelebreekin. Egia erran, maiz egiten zituen holakoak. Nerearekin tematu zen aldi hartan bezala. Lotsarik gabe, ohi bezala, kalakan hasi zen klasean, San Jose goiti Nerea beheiti, Nerea goiti San Jose goiti… Azkenean galdetu egin nion ea zer erran nahi zuen ditxosozko Nerea horrekin, eta “bai” erran zidan, “Nerea, Maria, Jesusen ama... La virgen!”

-Nondik atera duzu hori Jon? -galdetu nion harriturik- Nereak ez du Ama Birjina erran nahi.

-Mikel Laboaren kantatik -erantzun zidan, eta kantatzeari ekin zion-. Hegoak ebaki baniskion, Nerea y San Jose…

Hau kalamidadea pentsatu nuen. Gosariko tearen inguruan kontatu nuenean, barre-algara batean egon ziren Karlos eta Karmelo. Ez zuen ematen Joni anitz axola zitzaionik. Normalean, horrelako astakeriak erraten zituelarik eta zuzentzen nizkiolarik, ez zuen apuru handirik hartzen. Behin batean, aldiz, hondoa jo zuen klasearen erdi-erdian. Ez naiz oroitzen zer ari ginen ikasten zehazki, Nor-Nori-Nork lehen aldian edo, eta erabat blokeaturik gelditu zen. Amorruz, erdi negarrez hasi eta ospa egin zuen klasetik, klasean geunden guztiok ez zerurako ez lurrerako utziz. Denbora tarte bat itxaron nuen eta bere xerka joan nintzen, lasaitzeko asmoz.

-Egun txarra isan dut -erran zidan-, eta batxuetan pentxatxen dut es naisela inois ongi ikasiko.

-Lasai Jon, denok izaten ditugu egun txarrak. Eta nik, ez bat ez eta bi ere, aise gehiago izaten ditut.

-Es, es… no hay más cera que la que arde. Es dut inois ongi ikasiko. Gausa asko bai agian, baina ongi-ongi inois es. Nire ama-hizkuntxa gastelania da, eta kitxo.

-Ados Jon, txikitatik ikasi zenuen hizkuntza gaztelania izan da, baina euskara barne-barnean sentitzen baduzu, ederki aski ikasten ahal duzu. Azken finean, Euskal Herria denon ama baldin bada, euskara denon ama-hizkuntza izan daiteke, ez?

Hau errandakoan, aurpegia aldatu zitzaion Joni eta moztuta gelditu nintzen. Ez nuen zergatia ulertu, baina hanka sartua nuela iruditu zitzaidan. Apenas nekien ezer Joni buruz, nor zen, nongoa zen, zer pentsatzen zuen… Nola ezagutu behar nituen zeintzuk ziren bere euskara ikasteko arrazoiak? Gasteizkoa zela errana zuen, baina argi zegoen gurasoak kanpotarrak zituela, Espainiako hegoaldekoak edo, zeren eta azentu txiki batek salatzen zuen.

Eta ni Euskal Herriaz eta holako alukeriez solasean.

Jende batek Euskal Herrikoa sentitzen delako ikasten du euskara, bere sustraiekin lotzeko modu eraginkorrena delakoan, baina bada bertze jende mota bat zeinak curriculuma apaintzeagatik baino ikasten ez duena, bertzerik gabe, frantsesa, alemana edota swahilia balitz bezala.

Bertze batzuek, Baztan bezalako zonalde euskaldunetan batez ere, inertziaz ematen dute izena euskaltegian, egunerokoan praktikoa izan daitekeelakoan, erabakiari sobera buelta eman gabe. Jon, beharbada, multzo horretan sartzen zen. Erratzura etorri eta mundu guztia euskaraz solastatzen zela ikusirik, ez zitzaion ideia txarra irudituko Zubi Puntako mozkor batean behin eta berriz erran ziotenean. Gainera, euskaltegira etortzeak bere bizi soziala handituko zuen, baita alferkeria garaian ez aspertzen lagundu ere.

Edozein modutan, arrazoiak arrazoi eta bajoiak bajoi, ederki ari zen ikasten. Pausorik zailenak emanak zituen dagoeneko: euskaltegian izena ematea eta bere buruarekin batera bere harremanak euskalduntzea.

Lehenbiziko pausua jende anitzek ematen du; ados, eta ez da horren zaila, baina bigarrena… hori bai zaila! Erabateko iraultza mentala behar da lehenagotik dituzun harreman erdaldunak euskalduntzeko. Gurasoak, anai-arrebak, lagunak… Betidanik erdaraz ezagutu duzun jendearekin arras zaila da txip aldaketa hori egitea. Zenbat koadrila egonen dira Euskal Herrian den-denak edo ia denak euskara ikasi arren, erdara dutenak hizkuntz nagusia lagunartean?

Bada, Jonek, erdietsi zuen. Eta hasieran ezagutu genuen Vitoriako erdaldun hura Gasteizko euskalduna bihurtua zen jadanik.

***
Karlos atera zen soka-buru.

Ikaragarrizko hotza egiten zuen, kristoren haizea, eta guti balitz bezala, elur-ekaitza sartu zen goiz erdialdean. Ez zen apenas ikusten, hiru metrora baino ez. Robot baten antzera, oinak aurrekoaren aztarnetan sartu eta segi aitzina, ez nuen bertzerik egin. Horrela ez dakit zenbat ordutan, eta egia erran, ez nuen batere disfrutatu tarte horretan.

Solenco orratzera ailegatu ginenean, apur bat animatu zen eguna. Lettre d’au revoir iraganbidea entretenitua izan zen, eta bideko monotonia zuri-hotzarekin apurtzeko balio izan zuen. Pasoaren tentsioak adrenalina goititu zuen eta adrenalinak kolore pixka bat eman zion egunari. Berez, ongi aseguraturik, ez zeukan horrelako arriskurik, baina zure oinen azpian berrehun metro baino gehiagoko amildegia ikusteak errespetua ematen du. Ongi egon zen, eta hurrengo egunetan etorriko zenerako beroketa moduko bat izan zen.

Ayere de Nueisera ailegatu ginelarik, eta uste genuenaren kontra, ez zen lana akitu. Soilik atseden bero baten itxaropenak arindu zuen kanpamentuaren muntaketa.
 
 
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina