2015(e)ko martxoakren 30(a), astelehena

HOTZAK, bigarren eguna (V)




V

Erori berria zegoen elurra, freskoa erraten den moduan, eta bidea irekitzea lan neketsua zen. Gainera, haizeak gogor jotzen zuen aurpegian. Gogotsu iratzarri nintzen baina, eta soka-buru joatea erabaki nuen.

Bueno, horregatik eta Karmelori lan pixka bat kentzearren. Izan ere, lehenbiziko eguneko bide ia guztian bera joan zen soka-buru, eta elurretan aztarna irekitzeak badu bere lana. Horretatik aparte, ohi baino serioago ikusten nuen gainera. Ez zuen ja ere erraten, baina banekien Eider eta Jon etorri izanak apur bat kezkatzen zuela. Urrundik nabari zitzaion. Karmelo ez da horren serioa, kontrakoa baizik, zinez tipo alaia, batez ere lagunartean.

Edozein modutan, Karmelo deskribatzen duen ezaugarri bat baldin badago, hori ateoa izatearena da. Ateo aktiboa, militantea. Alajainkoa, ez dut nire bizi guztian horren pertsona ateoa ezagutu!

Eguberriak mendian igarotzeko hasierako proposamena, adibidez, Karmelok berak egin zuen, data nazkagarri horiei nolabaiteko boikota egiteko. Bertze adibide bat paratzeagatik, anekdota txiki bat kontatuko dut. Pic de Mallacanera abiatzeko aitzineko gaua zen eta garagardoz aseak geunden Zubi Puntako zokoan. Bada, “aquí se pide pa´ Cristo y no se da ni pa´ Dios” pintatu nahi zuen elizako atean. Ideia horrekin tematurik eman zuen gau guztia, irri eta orro.

Ni soka-buru joanez gero, Karmelo apur bat erlaxatuko zen. Edo hori zen nire asmoa bederen.

Haizeak ez zuen ibilbidea batere erosoa egiten eta elurra uste baino lan gehiago ematen ari zitzaidan. Hala ere, arroka eta izotz gune zenbait ari ginen gainditzen sobera buruhausterik gabe. Hau erranik, onartu behar dut ni ere gehiegi erlaxatu nintzela akaso, nire gauzetan pentsatzen bidea irekitzen nuen bizkitartean.

Nire Bateko Urreko giltza aurreko gurpilaren gibelean ezkutaturik utzia nuen, ezkerrekoan, egin behar genuen zeharkaldian zehar niri edo nire motxilari zer edo zer gertatuz gero, etxera itzuli ahal izateko. Giltza ezkutatzeko ea ez ote ziren hobe eskuineko gurpila edo gibelekoak ari nintzen pentsatzen. Norbait asmo txarrekin hurbilduz gero, ezkerrekoa begiratuko zuen lehenengo, ez? Bai, gidariaren aldekoa alegia. Logika horri jarraiturik, gibeleko eskuineko gurpila egokiena izanen zela ondorioztatzen ari nintzen eta…

-Arriufa!

Zapaldua nuen izotz plaka hautsi eta, ohartu orduko, maldan beheiti irristan nindoan. Berehala erreakzionatu nuen. Lehenbiziko mugimendu batean gorputza jiratu eta pitoz beheiti paratu nintzen. Pioleta elurretan sartu eta gorputzaren pisua bere gainean paratzen ahalegindu nintzen, oinak goitituz eta belaunak tolestuz, erorketaren abiadura murriztuz gorputza erabat gelditu artio. Hagitz azkar izan zen dena, eta hala behar du izan, bertzenaz, maldan beheiti abiadura irabazi ahala zailagoa da gelditzen, horregatik da hain garrantzitsua lehenbailehen erreakzionatzea. Bertze aldetik ere, soka-kideek geldituko nindutela pentsatu nuen. Hiru izanki, pisu edo abiadura handia hartu beharko nukeen nirekin batera eramateko.

-Ongi hago?

-Bai, ongi.

-Seguru?

-Bai, ongi nagok.

-Seguru?

-Bai… Lasai hadi Karmelito, oraindik ez zaidak eta segaren andereñoarengana joateko tenorea ailegatu.

-Ixo! Eta uztak bakean segaren andereñoa, ez izan makabroa -sartu zen Eider.

-Hobe heriotxari irri egitea hark guri egitea baino, esta? -erran zuen Jonek.

-Ez dakit ba, beti erran ohi da irri egiten azkenak hobeki egiten duela, ez?

-Tira, ez gaitezen dramatikoak paratu -moztu nuen elkarrizketa-, metro guti batzuk bota nauk, bertzerik ez.

***

Bigarren kanpamentua muntatu genuen tokiraino ezusteko gehiagorik gabe egin genuen. Haizeak ez zuen tregoarik ematen eta gero eta maizago egiten zuen elurra. Ez zirudien hobera eginen zuenik. Kontrakoa.

-Iragarpenek ona egin behar zuela zioten, edo ez hain txarra bederen -justifikatu zuen Karmelok bere burua.

-Ona edo ez hain txarra ez dituk gauza bera -estutu nuen nik.

-Berdin dio zer dioten paperek, telebistek edo internetek -erran zuen Eiderrek posizio komuna bilatu nahian-, hemen gaude jada, eta kontrakoa erabakitzen ez dugun bizkitartean, aitzinera eginen dugu, ez?

-Horise bera pentxatxen dut nik -itxi zuen Jonek eztabaida.

Hotz zegoen giroa. Kanpoan zein barnean.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina