2015(e)ko martxoakren 25(a), asteazkena

Erlojuari eraso basapiztiaren sabelean (XIII)




Epaile txit agurgarria:

Little nauzu, Ernesto, Urruñan bizi zen Berriozarko Baztandarra. Bai, hori da, epaitegian elezaharrak kontatuz enroilatzen zena.

Afera da elkar ikusi genuen hondar aldian hitza moztu zenidala (bizarra eta guzi egina nuen zurekin nuen hitzordura joateko!), eta solasez aipatu nahi nuena idatziz adieraziko dizut, zehatz-mehatz eta hitzez hitz oroituko ez naizen arren.

Ni ez espainaratzeko eskatu nizun, logikagatik. Izan ere, ez da logikoa euroaginduak bezalako neurri errepresiboak ezartzea Euskal Herrian aro politiko berri bat irekitzen ari den denboran, eta euskal preso zein iheslari politikoen kolektiboek egoera berri honekiko adierazitako atxikimenduak aipatu nituen zehazki.

Ondoren aipatu nizun euskal preso bakarra naizela Toulousse-Seysseseko espetxean, eta bertze presoek jakin-minez begiratzen nautela eta edozein egoera profitatzen dutela nirekin solastatzeko. Galdera aunitz egiten dizkidate: ea bonbak egiten dakidan, ea armarik banuen, ea eraila dudan norbait, ea lagun Talibanik badudan… Ezezko arrapostua dute galdera hauek guziek. Orduan, denek gauza bera erraten didate: ez baduzu horrelako deus egin ez da logikoa espetxean egotea…

-Españarendako euskaldun guziok gara terroristak -izaten da nire azalpena.

-Eta zer dio Frantziak? Zer egiten du?

-Frantziak, euskaldunokin, Españak agintzen duena egiten du.

Honaino, harrizkoa zirudien zure aurpegiak baina hondar baieztapenarekin zimurtzen hasi zen zure kopeta. Nik alabaina, nirearekin jarraitu nuen:

-Estatu frantsesean delitua da juduen holokaustoa ukatzea. Normandiako lagun batek erran zidan Frantziako jendartean existitzen den konplexua edota errudun sentimendua dagoela egoera honen oinarrian, Nazien Alemaniarekin Frantziako Vichyko gobernuak emandako kolaborazioagatik hain zuzen.

Zure kopeta gero eta gehiago zimurtu zen. Nik, ordea, nirera:

-Naziek frantziar naziotasuna ez zuten juduak atxilotzea eskatu zioten Frantziari lehenik…

Eta hemen moztu zenidan, oroitzen? Bai, erran zenuen ez zegoela juduen holokaustoa eta euskaldunon egoera konparatzerik, eta nire Historia liburuak errepasatzea gomendatu zenidan harrokeriaz.

Nik ihardetsi nuen nire asmoa ez zela bi egoera haiek alderatzea, inondik inora, eta argumentuekin bukatzen uzteko eskatu nizun.

Ezetz eta ezetz, tematu zinen, baita “iragan urruneko kontuak” ez aireratzeko eskatu ere (aitzineko asteko bistan Españako gerra zibileko kontuak aipatu nituen eta ez omen zitzaizkizun iragan urruneko kontuak iruditu, ez hitza kentzeko adina bederen).

Prefosta, iraganaren pisu astuna ezerosoa da eta, burua aldeetara mugituz, niri zuzenean begiratu gabe, Historia liburuetara igorri ninduzun berriro.

Hemen, gainera, Historia bat eta bakarra ez dela existitzen aipatu nahiko nizuke eta zu bezalako jendea irabazleen egia inposatzen saiatu arren, guk, euskaldunok, beltzok, arabiarrok, txirook, ijitook, indiarrok… aski ongi ikasi dugula zuen egia kirasdunetik darion gezurrari iskin egiten. Hori baina, bertze kontu bat da eta itzul gaitezen gurera.

Beraz, gutun honetan moztu zenidan tokitik helduko diot kontakizunari:

-Naziek frantziar naziotasuna ez zuten juduak atxilotzea eskatu zioten Frantziari lehenik, eta Frantziak atxilotu egin zituen, baita frantses kontzentrazio esparruetara eraman ere (portzierto, kontzentrazio esparru horietako bat, Gursekoa hain zuzen, ez dago zuk epaitu ninduzun lekutik urrun).

»Gero, homosexualak, komunistak, sozialistak, anarkistak eta ijitoez gain, judu guzi-guziak atxilotzea eskatu zioten naziek Frantziari, naziotasuna kontuan hartu gabe. Frantziak horrela egin zuen. Trenak ekialdera partitzen hasi ziren luze gabe eta Auschwitz eta Mauthausen bezalako tokietan tai gabe lan egin zuten gizaki aunitz jan eta gizaki guti elikatzen zuten labe makabroek.

»E egunean aliatuen lehorreratzea gertatu zen Normandian, Ejertzito Gorriak borroka heroikoa egin zuen ekialdeko frontean… eta ordura artio herri logikatik sortutako zurrumurruak baino ez zirenak egia ofiziala bilakatu ziren mundu mailako zirrara sortuz.

»Paradoxikoki, juduen holokaustoarekin kolaboratzetik, holokaustoa ukatzea delitu bihurtzera igaro zen Frantzia.

»Euroaginduen aferarekin, euroagindu bat eta holokaustoa alderatu gabe, antzeko dinamika eraman da. Hasieran Hegoaldeko militanteoi ezarri zaie, espainiar naziotasuna inposaturik dutenei, eta Iparraldeko militanteekin segitu duzue, frantziar naziotasuna inposaturik dutenekin, Aurore Martin Batasuneko militantearen kasuan gertatu bezala.

»Euskal Herrian -segituko nuen-, ez dugu gerra bat, noski, baina dagoeneko inork ukatzen ez duen gatazka politiko bat bai. Gatazka hau irtenbide bidean sartuko da noizbait eta gaur artio herri logika izan dena (nor zegoen GALen gibelean, zer gertatu zen Jon Anzarekin edota torturaren aplikazio sistematikoa Españako polizia-etxeetan errate baterako) egia ofiziala bilakatuko da.

»Beraz, logikoagoa iruditzen zait torturaren praktika oinarri duen prozedura batekin ez kolaboratzea, ezenez etorkizun hurbil batean, bakea eta justizia Euskal Herrira ailegatzen direlarik, torturaren existentziaren ukapena delitu bilakatzea.

Hori zen dena, epaile txit agurgarria.

Beraz, nire asmoa ez zen euskaldunen kontrako errepresioa juduen holokaustoarekin alderatzea baizik eta nire argumentuetarako oinarri bat finkatzea.

Luzea beharbada? Hau, Historia bezala, begiratzen den ikuspuntuaren araberakoa izaten da. 6 eta 12 urte arteko espetxe zigorra arriskatzen nuela kontutan harturik, atrebentzia al zen zure denbora sakratutik 5-6 minutu hartzea? Izan ere, ez dut uste itzultzaile eskubideak nire defentsarako eskubidea murrizten zuenik, ezta?

Edozein modutan, hau zen guzia.

Eta, nolanahi ere, egun hartako zer edo zer konparatu beharko banu, orrazkerak konparatuko nituzke. Izan ere, loturik eraman eta ekarri ninduen poliziaren orrazkerak antza handia zeukan Hitlerren soldaduek zeramatenarekin. Baina hori ez da politika, moda baizik.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina