2014(e)ko urriakren 13(a), astelehena

La Dordogne à vélo



Sarean apur bat bilatzea aski izan zen ondorio argi batera ailegatzeko: Dordoña leku bikaina zen bizikletaz gozatzeko. Beraz, furgoneta motxilaz bete, bizikletak lotu, eta Okzitaniara buruz abiatu ginen.

Lehen geldialdia Bergeracen egin genuen, inprimaturik generaman informazioaz gain zer edo zer zehatzago lortzeko. ’La Dordogne à vélo’ izeneko gida eskuratu genuen turismo bulegoan 8 eurotan. Osotara 24 ibilbide ageri dira gida honetan, era zirkularrean planteaturik denak, 25 eta 55 kilometro bitartekoak.




Gida eta mapa pare bat kontsultaturik, berehala ohartu ginen Dordoñak ez duela Breizhek adina biderik esklusiboki bizikletendako. Hortaz, tarte dezentetan errepide txiki eta ez hain txikietatik joan beharko genuen zenbait ibilbide burutu ahal izateko. Haur txiki batekin eta orgatxoarekin joanik, buruhauste zenbait sortu zizkigun horrek. Dordoñako geografia aldapatsua ere kontutan eduki beharreko bertze faktore bat zen.




Mauzac

Mauzaceko plazan lo egin ondoren (komun publikoak badaude bertan), bizikletak prestatu eta ibilbideari ekin genion. Erreka bazterretik abiatuta, berehala sortu ziren lehen zalantzak. Errekak ezkerretara segitzen zuen eta ubidea eskuinetara. Gidan erraten zuen erreka bazterretik joan behar zela, GR-aren marketatik. Alabaina, markak ubidetik joaten ziren, ez errekatik.

Guk ubidea segitu genuen, errepidea saihesteagatik.



Sauveboeufeko espetxetik pasatu eta gero, Lalindera ailegatu ginen. Itzulixka eman genuen herria ikusteko eta Sainte-Colomberantz abiatu ginen errepidetxo bat harturik. Zorionez, ez zegoen trafiko handirik. Gainera, berehala hartu genuen errepide txikiago bat.

Errepide txikietatik goiti eta beheiti, Pressignac-Vicq, Vicq eta Grand-Castang herri eta auzoetatik igarota, gure helmugara ailegatu ginen, Mauzac-eko portuko ostatu batean garagardo goxo eta fresko bat hartzeko.

 


Montfort

Auto-karabanendako gunea bilatuz ailegatu ginen Monfortera, nahi gabe kasik, eta bertako gaztelua parez pare agertu zelarik aho bete hortz gelditu ginen.
 

Monforteko auto-karabanendako udal gunean egin genuen lo. Gune hau munizipala izanik, debaldekoa da eta komun publikoak ditu.

 
Bizikletak prestatu eta errepidera atera ginen, La Canéda aldera.


Bertan bide berdearen bila desbideratu ginen, Sarlat-La-Canédara ailegatu gabe (aurreko egunean, furgonetarekin galdurik eta bueltaka, hamaika buelta eman genituen herri horretan, beraz, bisitatutzat eman genuen).



Bide berdetik Carsac Aillac pasatu genuen eta, erreka gurutzaturik, Groléjac bisitatu genuen.
 

Apur bat gibelerat eginik Souillacerantz abiatzen den bide berdea egin genuen, Calviac herri txukuneraino.
 

Hondarrean, Carsac Aillacen Monforterainoko errepidetxoa hartu genuen gure helmugara ailegatzeko.
 

 
 


Bertzerik

Hurrengo egunetan Castelnauderaino hurbildu ginen, intxaurrondoen artean Daglaneraino joaten den bide berdeaz gozatzera. Périgueux ere bizikletaz bisitatu genuen furgoneta kanpoko aldean aparkaturik.
 




Egia da bizikletarendako ibilbide pila dagoela Dordoñan, ongi seinalaturik eta markaturik, gehienetan era zirkularrean gainera, baina egia da ere errepide aunitz konpartitu behar dela autoekin. Hortaz, iruditzen zaigu Dordoña arras ongi dagoela plan matxakan joateko, ez ordea plan domingero-familiarrean.

Piraguan akaso…

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina