2014(e)ko urriakren 2(a), osteguna

Erlojuari eraso basapiztiaren sabelean (VI)


 
MAKILLAJEA GORROTO

Egia errateko, ez naiz inoiz aunitz makillatzen den neska batekin liatu. Eta egia errateko berriz ere, ez zait inoiz makillajeak neskak edo mutilak edertzen dituenik iruditu. Zapore txarraren gaian sartu gabe…

Elurra aldiz, paisaiaren makillajea izan daitekeena alegia, ezberdina da.

Mendiak ederrak dira, eta elurrak are ederragoak egiten ditu. Basoak ederrak dira, eta elurrak are ederrago bilakatzen ditu. Herriak edo hiriak politak eta itsusiak izan daitezke, baina elurrak denak edertzen ditu.

Zinez maite nuen elurra, hegalak moztu dizkidan espetxea elur geruza polit batez edertua ikusi dudan artio.

Gainera, 30 bat zentimetro bota ditu, eta nik 8-10 metro behar nituen.

 

ATEA IREKI, ATEA ITXI

Seysseseko espetxean, Tolosa (Okzitania) ondoan, hamar presoetatik sei edo zazpi arabiarrak edo magrebtarrak dira, bi edo hiru zuriak, eta bat edo bi beltzak. Haietatik gehienak Tolosa zein hiri handien periferien auzo txiroetatik datoz, eta garai bateko etorkinen seme-alabak dira.

Goizeko 11:30ean bazkaria banatzen digute hiru langilek (bi preso eta kartzelari bat), eta arratsaldeko 5:30ean afaria zein biharamuneko gosaria ekartzen dizkigute bertze hiru langilek (igandeetan kruasana eta guzi!).

Ziegako atea ireki eta ixteko atezain ezberdinak ditugu egunean zehar, baita promenadera edo parloirera edo liburutegira edo kirola egitera joateko laguntzaile ezberdinak ere.

Epaitegira joan behar dugularik txoferra paratzen digute, eta txoferraren taxiraino egin beharreko bidean hamarnaka jende dugu gure zerbitzura, dela ziegaz ziega ibiltzeko dela ipurdia eta pitilina bidean ez ditugula galdu ziurtatzeko.

Hogeita lau ordu dugu argindarra ziegan, baita ur beroa ere. Hotel honetara sartzean arropa poltsa bat ematen digute debalde: pijama bat, bi kamiseta, trikota bat, bi gayunbo, praka batzuk, bi pare galtzerdi, espartin batzuk, dutxarako txankletak, nezeserra, toallak, maindireak…

Horren hotel handia eraikitzea seguru ez zela merkea izan, are gutxiago mantentzea.

Patioan zaintzaileak ditugu min har ez dezagun jostetan gauden bizkitartean. Zaintzaile hauek jornala izanen dute…

Hainbertze hesi, burdin, kamara, pantaila, bozgorailu, megafono eta kristal paratzeko sosa ez dut uste inguruko baratzetan ateratzen denik…

Hain zaila al zen sosa horiek guziak presoen auzoetan xahutzea itxaropenari atea irekitzeko?

Dirudienez, aise errazagoa da burdinazko ateak giltzarrapoz ixtea.

 

ERROMANTIZISMOA PIKUTARA

Duela urte batzuk ‘Canal du Midi’ delakoaren ibilbide guzia egin genuen bizikletaz, Tolosatik bertatik Mediterraneoraino. Ez naiz zehazki oroitzen baina 300 kilometro inguru ziren.

Orain, Tolosa ondoko espetxean ostataturik, harritu egin nau zenbat itsastxori dabiltza inguruetan itsasoa hain urrun egonik.

Itsasoa, itsastxoriak, askatasun eza, hegan egitea… Osagai hauek guziak kontakizun erromantiko eta nostalgikoak idazteko baliatzen ahal nituen: …itsastxoriek espetxe inguruan egiten dute hegan, presook ikus ditzagun, patiotik urruneko itsasoetara ihes egiteko hegan… Edo itsastxoriak presoen leihoetara hurbiltzen dira, urruneko itsaso, pirata nahiz altxorren elezaharrak kontatzeko, denboraren segundo luzeen erasoaren aitzinean amore eman ez dezagun… Edo…

Baina ez. Errealitatea bertzelakoa da. Preso beterano batek kontatzen duenaren arabera, espetxeak berak sortzen duen zaborretik bizi dira itsastxoriak (politikarien, polizien eta epaileen antzera, beraz), eta itsasoko arrantza ez-segurua baino, zabor segurua nahiago omen dute.

Espetxea beraz, delinkuenteak gizarteratzea helburu omen duen instituzioa, itsastxoriak zabortxori bilakatzen duen zoologikoa baino ez da.     

 

1 iruzkin:

  1. Aspertzen hintzen doike, holako pitokeriek idazteko! Jajajaja...

    Broma da... Sei kapituluak irakurri ditut eta aski pollitek dire...

    ErantzunEzabatu