2014(e)ko ekainakren 18(a), asteazkena

Beltzazulo


 
Kobazuloen eta leizeen barnean beti dago ilun, hortaz, alferrik da goiz jaikitzea. Goizeko 11etan paratu genuen hitzordua, Sorogaingo aterpean gosaltzeko. Eta, tripa ongi beteta, apur bat aitzinago joan ginen autoz, Adi aldera ateratzen den pistaren bidegurutzeraino. Txatarra guzia jantzita, pistatik goiti abiatu ginen oinez.

Batek ordu laurdena erran zuen, bertze batek ordu erdia… Berrogei minutu inguru ibili ginen goiti, zehaztu gabeko puntu bateraino, eta, pista ezkerrean abandonaturik, Beltzazulo leizearen sarrera bilatzeari ekin genion ezpel, ahabia eta pagoen artean.

Espeleologia talde ezberdinen artean omen dute Nafarroako eremua  banaturik, talde bakoitza zonalde zehatz bat esploratzeaz arduratzen dela. Bada, Sorogaingo eremu honetaz, Otxola espeleologia taldea arduratzen da eta, Beltzazulo leizea hain zuzen, Otxola taldea bera ari da esploratzen, kartografiatzen eta holakoak egiten.
 
 
Leizearen sarrera aurkitu genuen luze gabe. Arrastaka, 10-15 bat metroko katazuloa pasatu behar izan genuen sartzeko. Ongi etorri bikaina! Sarrerako tunel estua igarota, berehala hasi ziren jaitsierak.

Beltzazulo leizea arras labirintikoa da eta aldiro ikus zitezkeen handik eta hemendik aitzinetik edo gibeletik joaten ziren lagunen argiak paretako ziloetatik agertzen.

Bide “nagusi” bat segitzen genuela erran daiteke, beheiti denbora guzian, igarobide estuetatik, jaisteko tresnetara eskuak sartzeko lekurik ez zegoela plaken arteko estutasunagatik tarteka-marteka. Lokaztutako pareten arteko giza-sandwicha izan ginen.

Soka tarteen eta kopuruen kontua galdu genuen beherakoan, eta errekatto bat edo bi igaro genituen. Sagu-zahar zenbaiten siestaren lukuko izan ginen ere.

Leizearen punturik sakonenera ailegatu ginen, sarreratik 90 metro sakonera dagoen ur-putzu batera, hain zuen. Beltzazuloren labirintoak baina, ez dira bertan akitzen. Ur-putzuaren bertze aldean 8-10 metroko soka batetik igo ginen aitzina segitzeko.
 

Lau hanketan batzuetan eta arrastaka bertzeetan, tunelak eta igarobideak gero eta estuagoak ziren. Katazulo txiki bat igarora azken soka batera agertu ginen eta, tartea igota, aitzina jarraitu genuen kaskoaren tamaina “erraldoia” madarikatzen genuela.
 
Haize korronteak antzeman zitezkeen eta apur bat aitzinago hostoak, eltxoak, armiarmak eta holakoak zeuden. Beraz, bertze sarreraren bat imajina zitekeen inguruetan… Non baina? Nolakoa? Guk bederen ez genuen aurkitu. Hortaz, buelta erdia eman eta sarrerarako bidea hartu genuen, tunel, katazulo, soka eta igarobide guziak kontrako norabidean errepikatuz.

 
Autoak genituen lekuaren ondoko errekan arropak eta txatarra garbituta, aterpera bueltatu ginen mokadu bat egitera eta, tripa berriz beteta, etxerako bidea hartu genuen alimaleko agujetak utzi zizkigun leizeak utzitako zapore onaz gozatuz.
 


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina