2020(e)ko martxoakren 29(a), igandea

Sokada baten hiru muturrak



Duela hamabortz bat urte utzi nuen kirol eskalada eta, egia errateko, zergatia ez dut ongi gogoratzen. Motibazio falta seguruenik. Gogoekin lotutako sentsazioa edo. Orain, sentsazio haiek hausnarketa argudiatuan antolatuta, erran dezaket kirol eskaladak duen abentura falta izan zela motibazioa galtzearen arrazoia.
Gimnasiora ez naiz inoiz joan. Gimnasio hitza aditzen dudan bakoitzean hamster baten irudia datorkit burura, bere kaiolako zirrikan kilometroak alferrik egiten. Gimnasioetako gauza interesgarri bakarra dutxak izan daitezke, baina ez arrazoi lizunengatik, jakin-min hutsagatik baizik. Ze proportzioa dago gizon eta emakume gihartsu horien gorputzetan? Kulturisten bainujantzi txikitxoak ikusita, ze leku dute zakilek eta titiek giharren artean? Kanpotik ikusita, traba bertzerik ez dietela egiten ematen du. Gustura ikusiko nuke kulturista koadrila bat biluzik. Irudi xelebrea iruditzen zait.
Rokodromora ez naiz inoiz joan. Sobera antza hartzen diot gimnasioarekin. Rokodromoetako gauza interesgarri bakarra dutxak izan daitezke, baina ez jakin-minagatik, lizunkeriagatik baizik. Ba al dago eskalatzailearena baino gorputz perfektuagorik? Ba al dago eskalatzaile baten mugimenduak baino ekintza kitzikagarriagorik? Ba al dago eskalatzaile baten malgutasuna baino gauza iradokitzaileagorik? Askotan irudikatzen dut eskalatzaile bat biluzik, rokodromoan eskalatzen. Eta masturbatu egiten naiz.
Aurten kirol eskaladara itzuli naiz, entrenamendu modura, eskalada klasikoko bideak igotzeko helburuarekin. Klasikoko bideak eskalatu nahi nituen, abentura bila, eta kirol eskalada entrenamendu praktikoa zen. Kirol eskaladako sektoreak, orokorrean, autotik hurbil egoten dira, paretako bideak ongi ekipatuak, eta luze batekoak izaten dira gehienetan. Eskalada klasikoan, aldiz, mapak eta GPS-ak behar izaten dira maiz paretaraino ailegatzeko, paretako bideak luze askokoak izaten dira, bilatu egin behar dituzu, eta ez daude erabat ekipatuak. Zure burua babesteko zuk zeuk sartu behar dituzu seguruak paretan, eta horrek guztiak emozioa ematen dio abenturari. Abentura ematen dio eskaladari, hobeki erranez.
Udaberrian mezutxo bat idatzi nion Emeri:
"Aupa! Aspaldiko!” Eme gaztetako laguna zen, eskalatzen genuen garaikoa, hain zuzen. “Zer egin behar duzu larunbatean? Joanen gara eskalatzera?”
Ez nion bertzerik idatzi, nahiz eta gutxitan ikusia genuen elkar azken urteetan. Apur bat urduri itxaron nuen bere arrapostua, mugikorra aldika begiratuta.
Bere ohiko naturaltasunez erantzun zidan.
“Aupa, Ese, aspaldiko, zer moduz? Bai!”
Hori zen Eme, motibatzen erraza gehiago galdetu gabe.


Lagun onak izanak ginen unibertsitatean, bestaz besta irri eta orro. Polita zen bera, eta polita nintzen ni. Hala ere ez ginen bikote moduan inoiz atera. Ez dakit zergatik. Ez ginelako eskatzera ausartu seguruenik. Behin liatu ginen, goizaldean, Iruñeako karrika hotzetan. Mozkorrak, muturrak jan genizkion elkarri, besarkaturik. Gure esku izoztuek gure gorputz beroen zokoak bilatu zituzten arropen tolesturen artean. Egunsentiarekin nork bere bidea hartu zuen, nork bere ametsekin desiraren uberan. Ez genituen gorputzak berriz lotu, ez genuen gau hartakoa inoiz gure artean komentatu. Porrotari beldurrak tabua ezarri zuen gure artean. Lagunak ginen. Lagun onak.
Idatzi nion arratsaldean, mugikorreko mezuak enegarrenez irakurrita, eskaladak aukera berri bat eman behar zigula otu zitzaidan, eta Emeren gorputza memoriarekin ibilita masturbatu nintzen. Horren hotz, horren bero.
Peñartean gelditu ginen lehen larunbat hartan, Alaitz mendilerroan. Arras puntual agertu nintzen hitzordura, beti bezala. Eme aldiz, berandu agertu zen. Beti bezala. Ezustekoa baina, autotik ateratzean eman zidan, ez baitzetorren bakarrik.
-Aupa Eme, zer moduz? -Bi muxu eman zizkidan.- Hau Erre da, nire bikotea.
Istant batez moztuta geratu nintzen. Zozo aurpegiarekin nik uste. “Urde ilupa!” pentsatu nuen nire baitan eskalatzeko hitzorduari zita kutsua hartu izanagatik.
Igarotako denbora eta garai bateko bizipenak izan genituen solasgaia lehen momentu haietan eta, gehiago luzatu gabe, sektorea aukeratzeari ekin genion.
-Lehen Plakara joaten ginen beti.
-Nik Pachá sektorea ezagutzen dut.
-Arroilaren bukaeran Orraun izeneko sektore berri bat ekipatu zuten…
Orraun ez genuen ezagutzen eta horra joatea erabaki genuen. Sentsazio berriak bilatzen genituen, pareta berriak.
Bortzgarren graduko bideak eskalatu genituen, gure mailan, garai batean bezala eta, hasierako ezustekoa pasatuta, ederki joan zen eguna. Emek beti bezain goxoa izaten jarraitzen zuen eta Errek jatorra zirudien. Gustura egon ginen. “Pachuca” bidearen ondoren, “El Alacran” eskalatu genuen. 5b maila markatzen zion liburuak, aurrekoari bezala. Gogotsu, bidea irekitzeari ekin nion. Ongi ailegatu nintzen goitiko bilgunera, goiko aldeko pausua zailxeagoa iruditu zitzaidan arren. Emek berak jaitsi ninduen. Top rope teknika erabili beharrean, soka kendu eta bidea berriz irekitzeari ekin zion Emek. Nahi gabe, zeramatzan kotoizko elastiko estuek bildu zuten nire arreta. Emek paretan goiti zihoan, hanka zabal-zabalik, eta nik, bere hankartearen azpian goiti begira, ez nion begirik kendu. Une batez lotsa eta guzti sentitu nuen, ez begiratzeko moduan, hain lotsagabe iruditu baitzitzaidan, baina begiratu egin behar nuen. Aseguratu egin behar nuen. Pausu zailera ailegatu zen eta, igarotzeko tokirik egokienaren bila, hainbat mugimendu hasi zen probatzen, arnasestuka. Ohartu orduko, nire eskuak tenkatutako gorputz hura ferekatzen ari zirela hasi nintzen irudikatzen. Gure gorputz biluziak inarrosi genituen gose aseezina itzali nahian eta, aiene neurri gabean, azalak erre arte estutu genituen gure gutiziak…
-Kasuuuu!!!
Segundo-milaren bat kostatu zitzaidan erreakzionatzea eta oso azkar gertatu arren, kamara geldoan bezala ikusi nuen dena. Emek oihu egin zuen-begiak ireki nituen-ahalik eta soka gehien biltzen ahalegindu nintzen-paretan beheiti erori zen Eme-gri-gria blokeatu egin zen-sokak tiraldia eman zion txapatutako azken seguruari-Emeren arneseko zortzi korapiloa estutu egin zen-sokak gorantz tiratu ninduen-Emek kolpea hartu zuen paretaren kontra-nik paretaren kontra jo nuen ere…
-Buaaa!
-Osssstia!
Erorketa handia eduki zuen Emek, metro batzuetako hegaldia. Gainera, hanka batean trabatua zitzaion soka erortzean eta mina hartua zuen.
-Jaitsiko zaitut?
-Ez! Berriz saiatuko naiz!
Saiatu eta lortu egin zuen. Bilguneraino ailegatu zen bigarren saiakeran. Erre izutu egin zen Emeren erorketarekin eta ez zuela bide hura probatu nahi erran zuen. Maila bereko bideen artean egoten diren maila ezberdintasuna izan genuen hizpide autorako bidean eta, gustura egona ginela eta errepikatu behar genuela aipatuta, muxu parea emanik agurtu genion elkarri.


Aste batera, bertze mezu bat igorri nion Emeri eta Etxaurira joateko gelditu ginen. Berriz ere, Errerekin agertu zen. “Iniciación” sektorean, “Kakaculopedopis”, “Betizu”, “Txirri”, “Mirri”, “Epi” eta “Blas” bideak eskalatu genituen. Soka kenduta, bidea irekitzen igo genituen hirurok, baita Errek ere. Erre ez zen aunitzetan eskalatzera joana, baina arras kirolaria zen betidanik eta hagitz fisiko egokia zuen eskalatzaile ona izateko. Konfiantza apur bat falta zuen bere buruarengan.
Emek aipatu zuen gustura itzulia zela eskaladara, eta plan ona izan zitekeela astean behin gelditzea. Errek berehala erran zuen ideia ona iruditzen zitzaiola, gehiago eskalatu nahi zuela. Nik, birritan pentsatu gabe, baiezkoa eman nion proposamenari. Nik ere eskalatu nahi nuen gehiago, eta ni ere itzulia nintzen gustura eskaladara Emerekin.
Emek WhatsApp talde bat egin zuen asteroko hitzordua finkatzeko. Hortik atera nuen Erreren telefono zenbakia. Bere profileko argazkia begiratu nuen eta inbidia apur bat eman zidan. Emerekin besarkaturik ageri zen irribarretsu. Erre aski jatorra zela pentsatu nuen eta Emegatik poztu nintzen. Ideia hura kontsolamendu erraza iruditu zitzaidan.
Asteak joan asteak etorri, sektore eta pareta zaharrak eta berriak korritu genituen. Etxauri, Peñartea, Aiztondo, San Fausto… arratsalde pasa ederrak egin genituen udaberrian eta udan zehar. Udako gau bero batean, hain zuzen, etxean nintzen gogaiturik. Telebistako ehunka kateetan ez zegoen fundamentuzko ezer, irakurtzen ari nintzen nobelaren trama poliki moteldua zen eta, bertze alternatibarik ezean, ohatzera sartu nintzen. Goiz samar izaki, bueltaka hasi nintzen ezin loak hartuz. Eskuinetara, ezkerretara, goiti, beheiti… Ohartu orduko hankartean neukan eskua, goxo, ferekan. Begiak itxi nituen eta arnasa azeleratzen zitzaidala nabaritu nuen. Bat-bateko beroak ito ninduen eta tapakia kendu nuen gainetik, nire gorputz biluzia eskainiz. Erreren gorputz biluzia etorri zitzaidan burura, nire parean bihurrituta. Erre masturbatzen ari zen nire aurrean eta horrek eszitatzen ninduen. Esku batekin lizunki laztantzen zuen bere gorputz gihartsua eta bertze eskuarekin zakar igurzten zuen bere hankartea. Hasperen egiten zuen bizkarra uzkurtuz eta hasperen egiten nuen bizkarra uzkurtuz. Gero eta azkarrago astintzen zuen bere hankartea eta gero eta azkarrago astintzen nuen nire hankartea. Aiene egiten zuen plazerez eta aiene egiten nuen plazerez. Bero, lizun, eta axolagabe, Erre urtu egin zen nire begi aurrean. Hark zeharo kitzikatu ninduen eta, intziri ttiki batzuk askatuz, bero, lizun eta axolagabe urtu egin nintzen Erreren aurrean. Niretzat. Beretzat.
Egun hartatik aurrera, nire amets hezeen ohiko protagonista bilakatu zen Erre, jarrera guztietan, tolestura guztietatik. Batzuetan era menderatzailean lotzen genuen elkar ohatzean, ballestrinke korapiloak erabiliz. Bertze batzuetan, aldiz, korapilo dinamiko fugatuak erabiltzen genituen, mugimendu askatasuna irabaziz soka gehiago eman ahala. Batzuetan Txindokiko ertzaren gisan gainkatzen genuen, luze, goxo, aise. Gordinki disfrutatuz. Bertze batzuetan erortze handiko sabaiaren antzera, motz, sutsu, leherkor. Antsietate hutsez.
Bistan denez, eskalatzera joaten ginelarik, bertze modu batez begiratzen nion Erreri.


Arratsalde batean “Los maños” izeneko bidea egin genuen Etxaurin, klasiko bat klasikoen artean. Bideak lau luze ditu osotara laurogei metrotan eta apenas dago ekipatua. Han-hemenka zeure aseguru propioak sartu behar dituzu pausuak babesteko. Lehenengo luzea, laugarren gradukoa, Emek ireki zuen, Errek aseguratuta. Erre eta biok bakarrik gelditu ginen lurrean. Bibrazio onak antzeman nituen gure artean. Erre Emeren atzetik abiatu zen ondoren, eta ni Erreren atzetik azkenean. Sokada hark nire egoera emozionalaren metafora zirudiela pentsatu nuen umoretsu. Bilgunea arbola batean zegoen, eta zabala zen, erosoa. Hiru lagunak aise sartu ginen. Bigarren luzea, bortzgarren gradukoa, nik ireki nuen, Errek aseguratuta. Atzetik Erre etorri zitzaidan, eta Eme ondoren. Horrelako etorkizun batekin egin nuen amets. Bilgunea bertze arbola batean zegoen. Lehenengoa baino txikiagoa hala ere, eta elkarren kontra estutu behar izan genuen apur bat. Hirugarren luzean seigarren graduko pausua zegoen, plaka batean, eta Errek ireki zuen. Eme igo zen bigarren eta ni hirugarren. Egoera gordina zen ordena hura gauzak aldatu ezean. Hirugarren bilgunea zintzilik zegoen paretan, eta ez zegoen tokirik. Ondorioz, elkarren kontra baino, elkarren gainean kokatu behar izan genuen. Laugarren luzea, bortzgarren graduko diedroa, Emek ireki zuen eta Erre eta biok bakarrik gelditu ginen berriz. Irudia zoragarria zen. Etxauriko amildegiek gure oinetan egiten zuten hegan eta Erre zoragarri zegoen atrezzo hartan. Alturak edertu egiten zuen Erre. Paretan zintzilik itsatsirik, bere usainak nire fantasia pornografikoenetara eraman ninduten une batez eta Errerenganako desira gainezka egin zuen. Azken luzea Erreren atzetik egin nuen, ezin begirik kenduz bere gorputzetik.
Errerekin ari nintzen maitemintzen, zilegi bazait amodioaz solastatzea erakarpen sexualaz ari garelarik.


Axkin-Arrondora joan ginen goiz batean, Elgorriagatik sartuta. Ordura arte kareharrizkoak ziren eskalatuak genituen sektorek, Axkin-Arrondon aldiz, konglomeratua zen, errekarri txikiz osatutako arroka, alegia. Apur bat ezberdin eskalatzen da arroka mota horretan eta agerian gelditu zen gure teknika falta. Ederki sufritu genuen bortzgarren graduko bideetan.
Paranoia izan gabe, Erre eta bion artean kimika zegoela iruditu zitzaidan. Gero eta handiagoa gainera. Gehienetan nik aseguratzen nuen, eta berak ni. Igo baino lehen goxo konprobatzen genion arnesa elkarri, dena ongi lotuta zegoela ziurtatzeko. Edozein aitzakia baliatzen genuen kontaktu apur bat edukitzeko eta ohikoak bilakatu ziren laztanak eta ferekak besoetan. Ematen zuenez, Eme ez zen ohartzen Erre eta bion hurbilketaz, edo, bertzerik gabe, ongi eramaten zuen eta futitzen zen.
Irailaren erdialdean Eginora joan ginen asteburu pasa, bide luze pare bat eskalatzera.
-Eramanen dut kanpin-denda? -Galdetu nuen lo egitekoa lotzen hasi ginelarik.
-Ez, lasai, nire furgonetan sartuko gara hiruak. Apur bat estu baina sartuko gara.
Erreren erantzunak kitzikatu egin ninduen. Nik ere egin nahi nuen lo Errerekin! Alabaina, Eme egonen zen gurekin, eta ez zegoen zer gertatuko zen iragartzerik. Erre eta bion artekoak aurrera eginez gero, Erre eta Emeren artekoa pikutara joanen zen. Gakoa beraz, Emeren jarrera zen. Nola hartuko zuen? Eme laguna zen eta ez nion minik egin nahi.
Ortziralean hurbildu ginen Eginoraino, ilunabarrean. Lasaiago egonen ginelakoan, Lezeko parkingera joan ginen lo egitera. Errek erran bezala, estu sartzen ginen furgonetan. Gaitz erdi!
Larunbatean herriraino hurbildu ginen berriz eta elizaren atzean aparkatu genuen. Interneteko blog batetik ateratako informazioa baliatu genuen paretaraino joateko, GPS batek lagunduta. “Elmer” bidea hautatu genuen, “Lapiaz” bidearekin lotuta. Berrehun eta berrogeita hamar metro, 5c gehienezko zailtasunarekin. Zazpi luze osotara eta, zati erraz batzuk izan ezik, ia dena ekipatua.
Paretaren oinarrian prestatzeari ekin genion eta, nahi gabe, Erreri begiratu nion begi-bazterraz. Goiz hartan bertan furgonetan aldatzean bezala. Udan arras arropa gutxirekin eskalatzen genuen eta erran zitekeen Erreren gorputza biziki ongi ezagutzen nuela. Hala ere, begi-bazterraz begiratzen nion aldiro arropaz aldatzean. Batzuetan Erreren gorputz biluzia irudikatzen nuen masturbatzean eta bertze batzuetan arropa gutxirekin. Erre biluzia ala Erre arropa gutxirekin, zerk kitzikatzen ninduen gehiago? Usu egiten nion galdera hura nire buruari. Erotikoaren eta pornografiaren arteko eztabaida betierekoa etorri zitzaidan burura. Argudioetan sakondu gabe, nire fantasien Erre biluziak pornografia ordezkatzen zuela ondorioztatu nuen. Arropa gutxiko Erre erdi biluzia irudi erotikotzat hartu nuen.
Nolanahi ere, argudioak argudio eta irudiak irudi, masturbazioa zen beti emaitza.
“Elmer” bidearen eskalada ongi joan zen, nahiz eta Emek mina hartu zuen esku batean. Kalitatezko kareharria zegoen leku gehienetan, itsaspen onarekin, eta erosioaren ondorioz sortutako “ur tanta” izeneko formazioak ohikoak ziren. Begetazio nahikotxo zegoen paretan zehar. Areago, bi puntutan, oinez egin behar izan genuen luzeen arteko distantzia zuhaixken artean.
Gure arteko giroari zegokionez, aurreko egunen antzera joan zen dena. Emerekin ongi eta Errerekin arras ongi, alimaleko kimikarekin. Erreren eta bion arteko desira agerikoa zen. Baita Emeren aurrean ere.
“Elmer” bukatutakoan, ehun eta berrogeita hamar metro inguru egin behar genituen oinez “Lapiaz” bideraino, eta, soka bilduta, abiatu egin ginen. Eme zihoan lehena, Errek itxoiteko eskatu zion arte.
-Uste dut eskuin aldera jo behar dugula gehiago -proposatu zuen Errek.
-Ez, oraindik ez -erantzun zion Emek-. “Lapiaz” eskuinean dago baina altura apur bat irabazi behar dugu oraindik.
-Seguru? Nahiko igo garela erranen nuke nik. “Lapiaz” eskuinago dago -Errek berriz.
-Bai, eskuinean dago, baina apur bat gorago -Emek tonua igo zuen.
-Seguru zaude? -Erreren iritzi berekoa nintzen ni.
-Baietz -itxi zuen Emek eztabaida-, ikusiko duzue.
Buelta erdia eman eta goiti segitu zuen Emek, mutu. Errek eta biok elkarri begiratu genion sorbaldak goratuta, eta Emeren atzetik abiatu ginen deus ez erran gabe.
Luze gabe, ertzaren gaineko aldera ailegatu ginen, “Lapiaz” bidea aurkitu gabe.
Errek hautsi zuen hiruon artean ezarria zen isiltasun ezerosoa.
-Sobera igo gara.
-Bai, noski, arrazoia zenuen, beti bezala -erran zion Emek zakar. Deus gehiago erran gabe, furgonetarako bidea hartu zuen ertzaren ezkerrera zihoan bidea hartuta.
Errek eta biok berriz begiratu genion elkarri, zeharo harrituta Emeren jarrerarekin. Mutu, beherako bideari ekin genion. Bide polita zen, esku-bandekin eta nahiko amilduta, baina ez genuen batere disfrutatu.
Furgonetara ailegatzean, bideak hausnartzeko aukera eman izan balio bezala, Emek barkamena eskatu zion Erreri.
-Barkatu lehenagoko erantzunagatik. Eskalada zoragarria izan den arren ez dut erabat disfrutatu -zauritutako eskua laztandu zuen Emek, aitzakia bila nire ustez.
-Lasai, Eme, lasai.
Furgoneta hartu eta Lezeko parkingera joan ginen berriz, afaltzera eta ohatzea prestatzera. Afaldu ondoren Emek benda bat paratu zuen mindutako eskuan eta paseo bat eman nahi zuela aipatu zigun, bakarrik, bere deabruekin borrokatzeko. Azkeneko hau ez zuen berak erran, baina nik hori pentsatu nuen, ideiak ordenatu nahi zituela.
Nekatuta geunden eta gau erdia eman gabe sartu ginen hiruak lozakuetara. Eme alde batean paratu zen, Erre erdian eta ni bertze aldean. Erre eta bion lo zakuak lehenbiziko momentutik ukitu ziren. Lo egon gabe, isiltasuna berehala nagusitu zen furgonetako atmosferan. Arnasari eutsiz, apur bat mugitu nintzen. Erreren eta Emeren arnasak entzuten nituen. Erreren bibrazioak sentitzen nituen, eta ziur nintzen erne zegoela. Emeren arnasak, aldiz, ez zidan pistarik ematen. Lo egonen zen. Ala erne. Mugitu egin nintzen lozakuaren barruan, eztula txikia egin nuen. Erreren bibrazioak ailegatzen zitzaizkidan. Emeren seinalerik ez. Lo egonen zen. Ala ez. Lozakuaren kremailera ireki nuen, eztula txikia egin nuen berriz. Erreren mugimendua nabaritu nuen. Emeren seinalerik ez. Lo egonen zen. Ala ez. Bat-batean Erreren eskua nabaritu nuen nire gainean.
-Erre -xuxurlatu nuen.
-Zer? -Galdetu zidan ahopean.
-Eme.
-Lo dago, lasai.
Sinetsi egin nion. Eskua hartu nion eta nire lozakuaren barruan sartu nuen. Poliki-poliki, bere aldera jiratu nintzen eta ahoa bilatu nion. Gure muturrek bat egin zuten eta, xuabe, mingainak gurutzatu genituen. Eskua bere lozakuan sartu nuen eta hainbertzetan amestua nuen gorputzaren geografia laztantzeari ekin nion. Ez nuen zaratarik egin nahi baina eszitazioa erabatekoa zen. Mugimenduak kontrolatu nahi nituen, baina ezin nuen. Arnasketa kontrolatu nahi nuen, baina ezin nuen. Erre muxukatzen ari nintzela, Emeren silueta lokartuari begiratu nion begi-bazterraz eta ezin nuen sinetsi egiten ari ginena. Begiak itxi eta Erreren desirei errenditu nintzen. Goxo eta lizun, nire eskuek bere gihar guztiak eskalatu zituzten lepoa jaten nion bitartean. Berak nire hankartean galdu zuen eskua eta plazerari lotu zen, hasperen luzeak eginez. Lozakua ireki zuen gure larru gosetuei menu haragikoia eskainiz. Erreren gainera amildu nintzen eta gure gorputz-adarrak korapilatu egin ziren. Konplexurik gabe, sexu-grinari erantzun genion, ero, zoro. Arnasestuka, izerdiak gainezka egin zuen poro guztietatik. Aieneka hasi nintzen luze gabe bi eskuak nire hankartean fereka-dantzan ari zirela. Mina eta plazera nahasten zituen indarra sortu zitzaidan barne-barnetik eta zorabio txiki bat sumatu nuen. Gelditzeko, baina urrun joan gabe, eskua paratu nuen bere eskuen gainean. Arnasketa emeki-emeki lasaitzean, nire onera hasi nintzen itzultzen. Bere eskuak laztandu nituen. Lasaiago arnastu nuen. Bere eskuak laztandu nituen. Xuabe. Lasaiago arnastu nuen. Bere eskuak laztandu nituen. Xuabe, poliki. Eskuetako batean traba egiten zuen zerbait sumatu nuen. Begiak ireki nituen eta benda ikusi nuen. Bendatutako eskua ikusi nuen.
Durduzatuta, kosta egin zitzaidan Emeren eskua ezagutzea.





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina