2015(e)ko otsailaren 4(a), asteazkena

Erlojuari eraso basapiztiaren sabelean (X)




BARKATU

Promenade.

Eguzkiak patioko zoko bat berotzen du. Gaur, sugandila izanen naiz eta ahalik eta eguzki-izpi gehien itzaltzea proposatu diot nire buruari.

Taldetxo bat bueltaka ari da, eleketan. Ni eta eguzkiaren artean gelditu dira halako batean, eztabaida piztuan.

Itzalik ez egiteko eskatu diedalarik, “desole” erran dit batek. “Zuek abiatzearekin berriz soleatua” pentsatu dut nik.

 

AKADEMIA

Frantsesez ez naiz sobera ongi moldatzen, eta Dieudonné umoristaren ikuskizunak izan ditut eskola ia bakarra.

Espetxeko patioko azentuak, hizkerak eta jarrerak ikusirik, ezin izan nuela akademia aproposagorik aurkitu iruditu zait.

 

BI ORDUZ

Aspaldi, Baztango bazterrak korritzeari ekin zion karakolak, emeki, egunean bi orduz baino ez. Ohartu orduko, hogei urte bete zituen Xorroxin irratiko “Karakola segi hola!” irrati saioak.

Nik duela urte batzuk ezagutu nuen karakola, eta usu igo egin naiz bere gainera bidaiatzeko. Baztandik ihes egin behar izan nuen artio.

Geroztik, teknologiari esker, tarteka-marteka egin izan diot bisita karakolari, berak jakin ez arren. Azkeneko aldia errate baterako, lagunez inguraturik bere 20. urtebetetzea Zubi Punta ostatuan ospatu zuelarik izan zen. Zorionak karakola!

Karakola bezala, egunean bi orduz ibiltzen naiz ni ere, emeki, ordu bat goizean eta bertze bat arratsaldean. Patioan bueltaka, karakolaren gainean bidaiatutako dudan hurrengo aldiarekin egiten dut amets. Espero dut hogei urte ez pasatzea ohartu gabe.

 

URRATSEN MEMORIA

Behin, Baztango mendietako bideetatik galdurik, “harri hauek solastatuko balira..” erran nion lagunari. “Harriak dira, ez dute hitz egiten” erantzun zidan. Baztango aborigena zen bera, ni, aldiz, kalekumea, baina ez nion sinetsi.

Urrats bakoitzean ejertzito galtzaileen ipuinak kontatzen zizkidaten harri haiek, baita ejertzito irabazleenak zein bidelapurrenak ere, gauza bera ez badira.

Harri edo bide bat zapaltzen duzu, eta konturatu gabe, zure ipuina ari zara lurrari kontatzen. Zure gibeletik norbait etorriko da, eta bere oina leku berean paratzean zure ipuina jasoko du, ulertu ala ez.

Ni adibidez, kontrabandisten ipuinak errezitatzen zituen bideak libratu ninduen torturatik.

Urte batzuetan, idatzi ezin diren ipuinak ibili nituen.

Patioko asfaltoak arnasarik hartu gabe kontatzen ditu ipuinak, urrats bakoitzean entzun ditzaket. Hori bai, hainbertze ipuin hain eremu txikian kontatzean, erabat kolapsaturik daude lineak, eta istorioak nahasi egiten dira. Alabaina, Senegaleko elezahar liluragarriak aditu ditut, Mosku eta San Petersburgoren magia ezagutu, Algeriako merkatariak ikusi, Portugaleko fadoak abestu, Marokoko koloreak usaindu, Rumaniako basoak bisitatu…

 

OHARRA

Patioan entzuten den erdia baino gehiago gezurra izan daiteke. Literaturak kontatzen duen gehiena gezurra izan daiteke. Zer erran, beraz, literaturak patioko gora beherak kontatzen dituelarik?

Hala eta ere, periodikoetan zein telebistako albistegietan baino egia gehiago dago ziega batean juntatutako hitz hauetan.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina