2015(e)ko otsailakren 16(a), astelehena

Desagerpena Sanferminetan


Istorio hau desagerpen baten istorioa da, nirea izan zitekeena hain zuzen ere. Hogeigarren mendearen hasiera zen eta Iruñera buruz abiatu nintzen San Fermin ferian idi baten saltzera. Normalki behorrak eramaten nituen feria hartara, Baztandik Iruñeko joan-etorria bi egun eskasetan eginez. Aldi hartan baina, ezberdina izan zen. Idi zahar bat saldu behar nuen, beraz, idiaren ondoan ttipi-ttapa, hiru eguneko bidaia aurreikusi nuen.

Egun oso bat eman nuen bidean eta, Belate gaindituta eta Ultzama zeharkatuta, Iruñeko inguruetara ailegatu nintzen ilunabarrarekin batera. Gaua nola edo hala igaro nuen eta biharamunean feriaraino hurbildu nintzen idia saltzera.

Holakoetan prezio altuxeago batekin hasten nuen eguna eta orduak aitzina egin ahala, saltzen ez zela ikusita, prezioa beheititzen joaten nintzen. Eguerdi partean saldu nuen hondarrean, ez nahi bezain garesti baina prezio politean hala ere.

Nahiko berandu zen abiatzeko eta Iruñean bertan bertze gau batez gelditu ala ez izan nuen zalantza. Hondarrean baina, Baztanera buruz abiatzea deliberatu nuen, etxera gauez ailegatzen banintzen ere.

Uztaileko egunak luzeak dira, hala ere, gauak hartu egin ninduen bidean eta, horrelako batean, bat-batean, aurpegiak zapi batez estaltzen zituzten bi gazte sasoiko eta indartsu atera zitzaizkidan bidera.

-Bazakiagu Iruñeko feriatik heldu haizela eta idi bat saldu duala, eman sosa guzia eta ez zaik deus gertatuko! -egin zidan oihu gazteetako batek.

-Nik ez dut sosik, ez dut sosik -errepikatu nien, baina, ohartu orduko, nire gainera amildu ziren bi gazteak.

Gupidarik gabe, alimaleko jipoia eman zidaten eta lurrean erdi konorterik gabe nintzela, gorputz guzia miatu zidaten balizko sosaren bila.

Beren harridurarako baina, ez zuten idiaren salmentaren sosa aurkitu eta, etsiturik, lasterka eta korrika lekutu ziren bi gazteak.

Lurretik goratuta, bide bazterreko harri baten gainean eseri nintzen.

Gorputz guzia nuen kolpatua eta mindua baina ibil nintekeela baieztatu nuen. Ez etxeraino ailegatzeko ordea. Beraz, bideari ekin nion gaua igarotzeko etxe baten bila.

Baserri batean, zauriturik heldu nintzela ikustean, adeitsuki artatu ninduen etxeko gizonak, baita ohatze bat eskaini ere. Zeharo iziturik, gertatutakoa kontatzeko eskatu zidan eta nik, zauriak sendatzen nituen bizkitartean, den-dena kontatu nion: Iruñeko feriatik heldu nintzela, gaua egin zitzaidala bidean, gazteak bide erdian agertu zirela bat-batean, jipoia eman zidatela eta, idiaren salmentaren sosa galtzerdiaren barnean neramanez, ez zutela aurkitu.

Gizonak, salda bero bat zerbitzatuta, eskainia zidan ohatzerako bidea erakutsi zidan.

Gorputzeko gihar eta hezur guziak kexatu ziren ohatzean etzatean eta, hartutako sustoa gainetik ezin kenduz, bueltaka ibili nintzen koltxoi zaharraren gainean. Erran bezala, uztaila zen, uda bete-betea eta gelako leihoa irekita zegoen gauaren freskotasuna sartzeko.

Bada, horrelako batean, ahots batzuk aditu nituen etxearen kanpoko aldean. Etxeko gizonaren ahotsa zirudienak honela zioen:

-Hemen da txoria, ohatzean zaurituta. Sosa galtzerdian sarturik zeukan.

Bertze ahots bat aditu nuen, jipoia emana zidan gazteetako batena zirudiena.

-Eta zer eginen dugu, aita?

-Begira, apur bat itxaronen dugu, ordu bat edo, txoria ongi lokartu artio. Orduan, ni neu sartuko naiz bere gelara eta kolpe bat emanen diot buruan. Zaku batean sartu eta leihotik botako dut, ados? Zuek bildu zakua, igo behor batera, eraman ezazue Otsozelaiko leizera eta bota ezazue leizean beheiti. Han ez du inork aurkituko.

Aditzen nuena ezin sinetsiz, nire gorputzeko gihar guziak tenkatu ziren. Segituan, asotsik ez egiteko ahaleginetan, ohatzetik jaiki eta gelako atearen gibelean kokatu nintzen. Ez nuen erlojurik baina ate haren gibelean nire hiltzailearen zain eman nuen denbora eternitate bat iruditu zitzaidan.

Etxeko eskaileren karraska entzun nuen hondarrean, norbait goiti heldu zela seinale. Ukabilak estutu nituen instintiboki. Gelako atea ireki egin zen eta itzal bat ikusi nuen sartzen. Ahalik eta indar gehienak bildu eta eraso egin nion itzalari.

Espero nuen moduan, etxeko gizona zen, esku batean egur lodi bat zeukala eta zaku bat bertzean. Gizonak oreka galdu zuen nire kolpearen ondorioz eta egurra erori egin zitzaion. Nik, egurra hartu, eta bigarren kolpe bat eman nion buruan.

Lurrean botata gelditu zen gizona, konorterik gabe.

Azkar eta urduri, zakuaren barrenera sartu nuen gizona eta, berak nirekin egin nahi zuen moduan, leihotik bota nuen.

Ilun-iluna zen gaua baina bi gazteek zakua biltzen zutela iruditu zitzaidan.

Luze gabe gainera, behor baten apatxak sumatu nituen, gauaren iluntasunean eta basoen urrunean galtzen zirela Otsozelaiko leizera buruz.

Gerora jakin nuenez, baserri hartako gizona desagertua zela zioen zurrumurrua hedatu zen eskualde guzian. Etxekoek baina, ez zuten bilatu.
 
 
 
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina