2014(e)ko azaroakren 3(a), astelehena

Erlojuari eraso basapiztiaren sabelean (VIII)




MOZTU

Ziegan bakarrik, jende gehiagorekin egon nahi dugu. Patioan, jendez inguraturik, bakarrik.

Batzuetan, tarteka, alimaleko txapak jasan behar dira patioan, “epaileak erran didala ez-dakit-zer, nire abokatuak dio bertze hura, egun horretan epaitegira berriro, seguruenik ez-dakit-zenbat hilabete, eta epaileak erran dit ez-dakit-zer, eta nire abokatuak dio bertze hura, eta egun horretan epaitegira berriro…”

Karraka mozteko, pausua apur bat azkartzea aski izaten da normalki.

Batek, kotxe istripua mozkorra edukitzen duen bigarren aldia dela erran dit eta lehenengoan ondoan zihoan laguna hil egin zela, eta ez dagoela ongi, ez duela espetxean egon behar, ez duela espetxean egon nahi. Giza-zabortzat dauka bere burua, aita putakume baten emaitzaz omen. Ez du espetxean egon nahi. Eta ez du seme-alabarik eduki nahi, horrela, berarekin desagertuko dira bere aita putakumearen abizenak. Eta ez duela espetxean egon nahi, eta kotxe istripua mozkorra edukitzen duen bigarren aldia dela, eta lehenengoan bere ondoan zihoan laguna hil egin zela, eta ez dagoela ongi, ez duela espetxean egon behar, ez duela espetxean egon nahi…

Bortz-sei aldiz entzunik, pausua azkartu eta karraka moztu diot.

Goizaldeko bi orduetan, ondoko ziegan, ogia mozten ez duen nabalarekin moztu ditu zainak.

 

BESTONDOA

Zein txarrak diren bestondoak. Eta egun guzia kanapean botata egoteko aukera baldin baduzu, tira, baina lanera joan behar baduzu, edo bertze zer edo zer egin behar baduzu, akabo.

Batek, punk kontzertu batean hasi zuen besta, eta patioan oinez bueltaka hasi du urte bat iraunen dion bestondoa. “Ez dut sekula berriz edan behar” erran omen du.

 

LIBURUZAINA

Promenade. Bueltaka. Itzuli bat.

Preso batek kontatzen dit pitokeri batengatik espetxeratu dutela (gu guziok bezala bertzalde). Mozkorra zegoen, lagun batzuekin irri eta orro, eta kutxa bat ikusi zuen denda baten aitzinean. “Hartu” egin zuen.

Liburu denda bat zen, eta kutxa liburuz beterik zegoen. Eskola garaitik ez duela liburu bakar bat ere irakurri onartu du.

Gaur, moduluko liburutegira joateko baimena eskatu du, eta aukera izanez gero, bertan lan egiteko eskatuko du. Lan on eta lasaia irizten dio liburuzainarenari.

 

LANAREN IRONIA

Promenade. Bueltaka. Bertze itzuli bat.

Preso batek kontatzen dit ez zuela lan egitea maite, eta loctite eta metalezko lamina txiki batez kutxazainak frekuentatzeari ekin ziola.

Gaur, leku publiko hau kudeatzen duen enpresa pribatuak lan egiteko proposatu dio, eta baietz erran du, itzalean eman beharreko denbora fiteago xahutuko zaiolakoan.

120 euro kobratuko du hilabetean, egunean zazpi bat ordu lan egiteagatik.

 

Bertze itzuli bat.

Senegal utzi eta bizia arriskatu zuen bertze preso batek, estatu espainiarrean lan egiteagatik. Denbora batera Aznarrek eman zizkion behar zituen paperak.

Zortzi urtez, Bartzelonako fabrika batean lan egin zuen, fabrikaren nagusi delinkuenteak langileen soldatak ordaindu gabe txiringitoa ixtea erabaki zuen artio. Ez omen zegoen lan gehiago.

Italian probatu zuen presoak, baina Berlusconi arras lanpeturik zebilen “bunga-bunga” egiten. Paperik ez beltzendako.

Estatu frantsesean probatu zuen, baina Sarkozy ere lanpeturik zebilen ijitoei bidaia-txartelak banatzen. Egoera etsigarria zen.

Sistemak erraten digu lan egin behar dela, fuerte ahal bada, eta ebastea gauza itsusia dela. Baina lagun baten paper legalekin ilegal lan egiteagatik ebatsi diote askatasuna Senegalgo preso honi. Senegalgo preso politiko honi.

 
 
 
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina