2014(e)ko uztailakren 29(a), asteartea

Erlojuari eraso basapiztiaren sabelean (II)


 
KASU, TXAKURRAK

Jende pilo batek errana zidan kasu emateko Urruñako errotondan, usu egoten zirela txakurrak. Handik pasatu nintzen guzietan ordea, txakurrik ez.

Baionako polizia-etxerako bidean, atxiloturik eramaten nindutela, kontrol famatua harrapatu dugu. Keinu adiskidetsu bat egin eta paso eman digute.

 

GURE SEGURTASUNERAKO

Segurtasun uhala paratzeko eskatu diodanean harridurazko aurpegiarekin begiratu nau segurtasun uhala paraturik ez eramateagatik isunak paratzen dituenak.

 

TXAKURRAK SUSARAN

Aulkian jartzeko agindu dit txakur emeak. Argazki-kamara prestatu eta klik! egin behar zuelarik, bizkarra eta ipurdiaren arteko muga zehaztugabetik bulkatu du txakur ar batek, zirikan, jostetan…

-Ai, geldi! -erran dio txakur emeak irribarre ttiki batez.

-Zer? -galdetu du txakur arrak, eta berriz bulkatu du, irri ezti batez.

Terroristari argazkiak egin dizkiote azkenean, aurrez zein perfilez, zutik zein jarrita. Ez da arras guapoa atera, eta serio xamar dago, baina botaka egon zitekeen.

 

ERRUTINA

Zakur bat edukitzea gauza polita da, eta maiz, gizakia bera baino lagun hobea da. Alabaina, ez daki etxeko komuna erabiltzen, ezta teletiendako makinetan ariketa fisikoa egiten ere. Hortaz, usu atera behar da pasaietara.

Ohartu orduko, errutina zehatz batean sartzen zara: ordu bertsuetan ateratzen zara, bide bertsuetatik ibili…

Lapurdi, alde urbanistikotik, katastrofe bat da, kaosa, eta asfaltorik gabeko bideak topatzea lan benetan zaila bilakatzen da askotan. Ibiliaren ibiliaz, Berttikekin paseatzeko bide lasaiak aurkitu nituen, inguruko baserrien barrideen lau kotxeen trafikoa baino ez zutenak.

Egun batean, kotxe arrotz bat agertu zen, eta atxilotu egin ninduten. “Errutinazko kontrol batean atxilotuta” idatzi zuten prentsan, baina beraiek soilik kontrola paratu zuten, errutina nirea zen.

Orain, espetxean, errutinaren ama ezagutu dut. Eta kontrolaren aita.
 
 
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina