2020(e)ko uztailakren 25(a), larunbata

HARTZA GERRA (I)



Bidexendratik beheiti zetorren familia, monobolumena Etxebertzeko Bordan aparkatuta seguruenik. Infernuko Errekaren ondo-ondotik doan bidexkatik zebiltzan laurak, kontent, irribarretsu; neskatiko eta mutiko bat aitzinean saltoka, trostan. Aita-ama gibelean kalaka arinean.
Sasi altu batzuen gibeletik bere sarekadaren biktimak behatzen zituen Hartzak, pazientziaz.
Lasaitasunez.
Tripako kilikek etengabe gogoratzen zioten bederen bizpahiru egun zirela ez zuela deus ahoratzen. Turistengan iltzatu zituen begiak tripa laztantzen zuen bizkitartean, goseari pazientzia eske.
-Ezetz harrapatu! -Egin zion desafio neskatikoak hiruzpalau urte gazteagoa zirudien mutikoari.
-Kasu, erori gabe! -Aitak gibeletik seme-alaben jokoak zainduz.
"Perfektua" pentsatu zuen Hartzak, "primerakoa".
Unea zen.
-Geldi hortxe! -Egin zuen oihu Hartzak ezerezetik sortua bezala-. Kieto!
Inor konturatu orduko Hartzaren matxetearen ertzak neskatikoaren lepo fina ferekatzen zuen. Denbora gelditu egin zen. Gurasoen aurpegierak hormatu.
Egoera ulertu ahala, neskatikoaren gurasoen aurpegien bidez solastatu zen izua. Bat-batean, bide bazterreko sasietatik agertutako ezezagunaren esku zegoen neskatikoaren arnas beldurtua eta azeleratua asots guzien gainetik aditzen zen, txoriak, haizea eta erreka derrepentean isildu izan balira bezala.
-Geldi hortxe, demonio! -Errepikatu zuen Hartzak handituz zihoan turisten urduritasunetik apur bat kutsatuta aitak instintiboki hanka bat mugitu zuenean-. Nik erraten dudana egiten baduzue ez da inor zauriturik aterako, okei?
Gurasoek buruko baiezko mugimendu azkarrez erantzun zioten Hartzaren aholku-agindu-iradokizunari, urduri. Arreba lepotik kontzen zuen ero haren eta gurasoen artean zegoen mutikoa, izuak hartua, aho bete hortz, burua alde guzietara jiratuz gertatzen ari zena ulertu nahiz. Gero, birritan pentsatu gabe, aita-amaren oinarrizko babes bila edo, gurasoengana abiatu zen korrika ziztu bizian, beldurrak hilik. Amaren hanka bati oratu zen, bere gibelean ezkutatuz. Amak eskuak luzatu zizkion, hamar-hamabortz metro aitzinago gatibu zegoen alabari begia kendu gabe.
Aitak solastatzeari ekin zion nahiz eta ez jakin zehatz-mehatz zer erran nahi zuen:
-Aizu... entzun, faborez... ez egin ezer gure alabari, faborez. Nahi duzuna emanen dizugu, baina ez egin ezer gure alabari...
-Hago isilik! -Oihukatu zion Hartzak-. Ez diat hire alabari deus egiteko inolako asmorik...
Egoerak bertzelakoa zioen ordea, batez ere neskatikoaren lepo ahula ferekatzen zuen matxeteak.
Aitak Hartzaren aldera zeuzkan besoak luzatuta, eskuak beherantz irekita, eta goiti-beheiti mugitzen zituen, Hartzari lasaitasun eske.
-Ez dugu diru askorik gainean -jarraitu zuen aitak beren burua justifikatu nahian-, Bartzelonatik etorri gara aste bat igarotzeko landetxe batean, eta bertan utzi dugu diru gehiena...
-Ixo, redios! -Moztu zion berriz ere Hartzak-. Ez diat sosarik nahi.
Gurasoek zeharo deskontzertatuta begiratu zioten elkarri; zikin, ilea nahasita eta ia eskale baten itxura zuen ero hark ze demontre nahiko ote zuen alaba askatzearen truke beren baitan galdetuz.
-Jatekoa nahi dut, jakiak, jan daitekeen edozein gauza -horratx erantzuna.
Arindura uhin batek neskatilaren gurasoen aurpegiak zeharkatu zituen historiako erreskaterik merkeena izan zitekeena aditzean.
-Bai, bai, lasai -erran zuen aitak presaturik. Sorbaldetan zeraman motxila kendu eta irekitzeari ekin zion.
Hartzak bere aldetik, antzekoa egin zuen. Neskatikoaren lepotik matxetetzarra kendu gabe, ezker sorbaldatik dilindan zeraman mendiko motxila ireki zuen eta ezker eskuarekin kontu zuen.
-Poltsa batean sartuko dizkizut ogitarteko guziak, ados?
-Ez, ez; ez diat plastikorik nahi -eman zion arrapostu Hartzak-, emazkiok semeari eta ekar ditzala hona -agindu zion ezker eskuan irekita zeukan motxila buruko mugimendu batez seinalatuz-. Zer daukazue?
Jatekoak zerrendatzen hasi zen aita semearen esku ttikietan paratzearekin batera:
-Urdaiazpiko lau bokata pan amb tumaca-rekin, bi handi eta bi txikiagokoak -zehaztu zuen-, espetec bat, gasna zati bat, lau laranja, bi sagar...
-Ongi duk, ongi duk -ahoa urtzen hasia zitzaion Hartzari pentsatze hutsarekin-. Espetec higuingarri hori ez diat nahi. Gainontzeko guzia emaiok semeari eta ekar dezala.
Mutikoak besoen laguntzaz bildu zuen aitak emandakoa eta aita-amaren hitz lasaigarri batzuen  ondoren bere arrebaren bahitzailearengana abiatu zen, urduri, beldurrez, arrebaren lepoa laztantzen zuen matxetetik begirada kendu gabe.
-Sartu dena hemen -Hartzak motxila luzatu zion-. Orain itzuli zure gurasoengana.
Mutikoak ziztu bizian bete zuen Hartzaren agindua, eta amaren hanken gibelean bilatu zuen babesa berriz.
Aitak antsietatez bahatzen zuen alaba, Hartzak noiz askatuko.
-Eskatu diguzuna eman dizugu -amak azkenean-, utziozu gure alabari gurekin itzultzen, faborez!
Amaren hitzetan errezelo puntu bat antzeman zitekeen, Hartzak baldintzaren bat gehiago izan zezakeen beldur.
Eta hala zen.
-Telefonoa! Ba al daukazue telefono mugikorrik?
Aitak amari begiratu zion, eta erantzun baino lehen zalantza egin zuen. Noski baietz, bazuten mugikorra. Gaur egun nork ez dauka? Nor joaten da mendira telefonorik gabe?
Hartzarengana iltzatu zuen berriro begirada, pentsakor, telefonoaren galderaren erantzun posibleak eta horien ondorioak aztertzen eta neurtzen.
Beldurraren beldurrez, izua ikusi zuen islatuta alabaren aurpegian. "Jainko laztana, bokata miserable batzuengatik" pentsatu zuen. Ez zen heroidizitaterako unea. Ez hain merke, ez hain garesti.
-Bai, badugu telefono bat -azkenean-, semeari emanen diot ere?
-Ez dik merezi. Bota iezadak, bertzerik gabe.
Amak aitari begiratu zion bekainak goitituz, harrituta, eta motxila hartu zion senarrari telefono jaurtiketa aiseago egin ahal izateko. Bien arteko distantzia neurtzeko bezala, eta bizpahiru amago egin ondoren, aitak jaurtiketa bonbeatu batez jaurti zion telefono mugikorra Hartzari.
Segundo guti batzuen bueltan izan zen dena, kamara geldoan bezala, telefonoak aitarengandik Hartzarenganako hegaldia burutu zuen denbora laburrean.
Mugikorra airean ikustean, mugimendu azkar batez, neskatikoaren lepotik matxetea kendu eta gerrian lotuta zeraman larruzko zorro batean sartu zuen Hartzak. Neskatilari bulkaldi txiki bat eman zion ezkerreko besoarekin, "joan hemendik" erranez bezala, "libre zara".
Guraso eta anaiarengana korrika abiatu zen neskatila lauhazka handian, hegan kasik.
Segundo-milesima bakan batzuk lehenago matxetea kontzen zuen esku berak urritzezko makil bat atera zuen Hartzaren bizkarretik, samuraien sablea bailitzan, eta Kubako bateadorerik onenak eginen zuen moduan alimaleko zartakoa eman zion airetik zetorren telefonoari.
Hamaika pusketan lehertu zen telefonoa, eta plastikozko zatiek konfetiaren antzera atondu zituzten mendiko bidexendraren bazterrak.
Familiak harri eta lur jarraitu zuen ikuskizuna eta, ezusteko su-artifizialak akitu zirenean, harat-honat astindu zituzten begiak eta buruak, bizitzako sustorik handiena emana zien ero zikinaren bila.
Hartzaren seinalerik ez, ordea.
"Agur Ben-Hur eta jan jogurt".


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat