2016(e)ko ekainaren 23(a), osteguna

HOTZAK, zazpigarren eguna (XXV)


XXV

Bi orduko gau motza izan zen, baina nolako orduak! Haizeak sekulako burrunba sortzen zuen, eta gainera, tai gabe kolpatzen zituen kanpin-dendaren paretak. Ikaratzeko moduko hotza egiten zuen.
Hala ere, nekea handiagoa zen, eta lo hartu nuen.
Bat-batean, kanpin-dendaren kremailera ireki zuen Flamarique sarjentuak eta, pistola eskuetan, Karlos, Karmelo eta Eider esnatu zituen.

-Lan bikaina egin duzu, Jimenez -esan zidan-. Orain, azaldu nor den nor.
Karmelori begiratu nioenean, harri eta zur geratu nintzen. Honek egon behar zuen tokian Julian zegoen, txikitako laguna.
-Aspaldiko Jimenez, zer moduz?
-Ongi -erantzun nion apur bat harriturik.
-Duela hilabete batzuk don Juan Luis irakaslea ikusi nuen, eta guardia zibil sartu zinela esan zidan. Ikusten dudanaren arabera, egia zen, bai horixe, egia borobila. Pozten naiz Jimenez, eta zutaz harro nago. Gaude.
-Benga, benga -moztu zuen Flamarique sarjentuak Julian eta bion arteko elkarrizketa-, hemen lanerako gaude, ez aspaldiko lagunak agurtzeko. Zein da Karlos, edo Aitor, edo…
Karlosek eta Eiderrek konpartitzen zuten lo-zakura seinalatu nuenean, ez zegoen horietako  inor.
-Hemen egon behar zuten, nire sarjentua! -esan nuen larriturik hauen lo-zakua esku batez goratzen nuela.
Karlos eta Eiderren lo-zakua goratu eta izugarrizko sorpresa hartu nuen. Karlos eta Eider ez, Maria zegoen, nire emazte ohia, Antonio eta Peperekin. Hauek, lizunki musukatzen zuten, baita beren zakiltzarrekin Mariaren hankarteko bidea bilatzen ere.
-Hau zirkua! -egin zuen irri Flamarique sarjentuak barre-algara batean- Ez zara gai ezta zure emazteari behar den bezala txortan egiteko ere. Eta nik uste nuen benemeritan ez zutela marikoirik sartzen uzten!
-Gaizki ulertu bat egon da nire sarjentua -argudiatu nuen benetako argudio bat asmatzen nuen bitartean-, justu zu sartu baino lehen, hemen zeuden etarra putakume horiek…
-Hemen, non? Nik ez ditut ikusten! A bai, beharbada nire koskoilen artean ezkutatu dira!
Flamarique sarjentua zeharo koleratu egin zen, eta kolpeka hasi zitzaidan. Hanketan kolpe bat, beste bat bizkarrean… bultzada bat hemendik, matelezurreko bat handik… eskua zapaldu zidan, gero ostiko bat eman…
Beste norbaitek eskua paratu zidan sorbaldan.
-Jon, ongi hago?! Jon, iratzarri hadi, ongi hago?!
Karlos zen, kezka aurpegiarekin. Alde guztietara begiratu nuen, egoera ezin ulertuz. Ez zegoen Flamarique sarjentuaren arrastorik, ez Julian txikitako lagunarena, ez eta, noski, Maria nire emazte ohiarena, Antoniorena eta Peperena ere.
-Haizeak segurtasunezko puntuak goititu ditik eta bortz bat metro beheiti bota gaitik -azaldu zidan Karlosek.
Kostatu egin zitzaidan Karlosek kontatzen zuenaz zein egoeraz jabetzea. Gero, egoeraren larritasunak berehala ezabatu zuen amesgaiztoak eragindako ezinegona.
Karmelok berri txar gehiago eman zidan:
-Zure motxila eta Haibolena galdu dira, bertze gauzen artean.
Instintiboki, pistola neukan tokira eraman nuen eskua mugimendu mekaniko batez, nire saihetsera, eta pistolaren konkorra ukitzean, lasaitu ederra hartu nuen. Bihotza bere lekura itzuli zen. Beharrik pentsatu nuen, beharrik soinean neraman eta ez motxilan, hasieran pentsatu bezala. Bestela, sekulako marroia nuen. Ale majo, joan koartelera eta esan pistola galdu egin zaizula ez-dakit-nongo haraneko ez-dakit-nongo mendian, ez-dakit-non. Argi izan nuen, txiripaz izan bazen ere, asteburu batzuetako ziega edo arrastatzetik libratu nintzela, Elizondon patrola galdu zutenei gertatu bezala, edota Jon Anzaren aferan zebiltzanei pistolak hotelean ahazteagatik ere gertatu bezala.
Buelta gehiago eman gabe, eta beste aukerarik ezean, abiatu egin ginen baldintza baldar haietan. Chanson Triste d’Irina glaziarrean itsuak bezala ibili nintzen argitu zuen arte, nahiz eta beste soka-kideak bidea argitzen ahalegintzen ziren. Onartu behar dut beldur handia pasatu dudala nire bizitzan, are gehiago horrelako lan batekin Euskadin destinatuta egonik, baina eskuineko magal haietan pasatu nuenarekin ia ez dago konparatzerik.
Lehenbiziko elur-jauzi batek susto ederra eman zidan, baina Karlosek eta Karmelok kontu egin ninduten, ez baitzen oso bortitza izan. Bigarren elur-jauzi batek ordea, ia sokada guztia harrapatu zuen, ia soka-kide guztiok. Nekearen nekez, hasieran ez nintzen konturatu elurra zela mugitzen zena, eta ez ni. Gero, berehala, itsasoko olatu solido baten antzera goititik ekin eta paperezkoa bainintzan eraman ninduen jira eta bira. Erabat desorientaturik, begiak ireki eta dena beltza ikusi nuen. Zeharo aztoraturik nengoen eta ez nekien ea buruz behera, buruz gora ala zeharka nengoen, baina elur asko eduki behar nuen gainean zeren eta ezinezkoa zitzaidan besoak edo hankak mugitzea.
Nire atzetik etorririk bezala, soinu batzuk entzun nituen, eta ahotsa desberdindu orduko, bi esku indartsuk besapeetatik eutsi ninduten.
-Lasai Jon, hemen nagok, hemen nagok -errepikatzen zidan Karlosek.
Arnasestuka, ezin nuen indarrik egin kasik, baina Karlosek ahal zuen indar guztiarekin tiratzen zuen nire besoetatik gora, eta, emeki, ni elurretatik ateratzen hasi zen. Halako tiraldi batean, gore-texa atera zidan, ni erdi lurperaturik nengoela oraindik. Jantzia alde batera bota eta berehala itzuli zen nigana, osorik ateratzeko. Bere eskuak nire bularrean gurutzatu eta soinetik hartu ninduen, eta tira egin zuen gora, indar handiz, eta tira, eta tira… eta orduan izan zen. Nahi gabe, neraman kamiseta termikoa goratu zidan, elurretatik ateratzeko ahaleginetan, eta hortxe agertu zen pistola, bere zorroan nire saihetsean loturik.
Esfortzua nahiz ezustekoaren eraginez, elurretara erori ginen biok, ni bere gainera baina erdi bizkarrez aldi berean. Karlosi begiek begi-zuloetatik atera behar zitzaizkiola zirudien pistola ikusi zuenean.
-Hi… -hasi zen esaten ikusitakoa ulertzen saiatzen zen bitartean. Bere besoa nire lepotik pasa eta ni immobilizatzen ahalegindu zen.
-Ez egin lelokeriarik, Karlos -esan nion ahots ito batez.
Baina Karlosek ez ninduen askatzen, eta arnasarik gabe ari nintzen gelditzen. Eskuin ukondoarekin kolpe gogor bat eman nion saihetsetan eta lepoko zepoa arindu zuen apur bat. Beste kolpe bat eman nion jarraian eta bere gainetik kendu nintzen, handik ospa egiteko asmoarekin.
Sokadari lotzen ninduen segurtasunezko mosketoia askatu eta abiatu egin nintzen, ahalik eta lasterren, baina Karlos astapito hori gainera etorri zitzaidan berriro ere, eroturik, deabruturik. Putakumea! esaten zidan, urde zakur putakumea!, eta kolpeak ematen zizkidan eten gabe.
Ez nuen beste aukerarik izan. Handik bizirik atera nahi banuen behinik behin, ez nuen beste aukerarik. Nola edo hala, ukabilkada eta hainbat kolpez Karlos gainetik kendu, eta tiro egin nion.

Handik urrundu nintzen, adrenalina borborka eta burdin beroa eskuan.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina