2016(e)ko urtarrilakren 25(a), astelehena

HOTZAK, seigarren eguna (XXI)


XXI 

Muturreko hotza egin arren, energiaz gainezka ikusten nuen nire burua. Bortz eguneko haize eta elur-ekaitzak pasatu eta gero, izugarrizko moral txutea izan zen zeru oskarbi hura ikustea. Eguzkiak bere energia guztia eman zidan, eta soka-buru paratu nintzen, deus erran gabe. Nire hiru soka-kideak herrestan eramateko adina indar sumatzen nuen nire baitan. Gogoz ekin nion eskaladari.

Arras bide estetikoa zen hondar luzeetakoa eta, Fenix hegaztiaren antzera zeharo indarberriturik, zalantza ttipiena ere izan gabe egin nuen aitzinera, gustura, hegan. Les Enfant du Ciel eta ekialdeko kaskoa gibelean utzi eta Pic de Mallacaneko kasko nagusira ailegatu ginen, mendebaldekora. Hondar luze haiek hamaika aldiz errepikatu ditudan mugimenduez gainditu nituen, pentsatu gabe, etxeko sukaldean te bat prestatzen duzuneko mugimendu automatikoak bezala, armairua irekitzen duzu inertziaz, eta zer ari zaren ohartzen zarenean, zer ari nintzen? pentsatzen duzu, eta, a, bai, azukrea erantzuten diozu zure buruari. Gustura ari nintzen, gozatzen, eta konturatu orduko, gailur nagusian nengoen.

Pioleta elurretan iltzatu eta besoak altxatu nituen. Pic de Mallacan, Shackletonen Bidea, neguan eta ezin eguraldi kaskarragoarekin. Alimaleko marka iruditu zitzaidan. Zinez. Tira, ez geunden Himalaian, baina ederki sufrituta erdietsi genuen haraino ailegatzea, eta zirkurik gabe gainera, hori baita azken finean batzuk lortzen duten gauza bakarra, mendizaletasuna, edo himalaismoa zehatzago erranik, zirku bihurtzea. Zirku mediatikoa, zirku komertziala eta zirku burgesa, mendizaletasuna kapitalismoaren zerbitzura paratuz.

Nire hiru soka-kide proletarioei itxaron nien, pozaren pozez.

Eider pozarren zetorren, Etxauriko erregina errepublikazalea elurretako erregina hozbera bilakaturik. Neurtu ezinezko irribarrea zekarren, egindako esfortzua zein pilatutako neke guztia satisfazioz atzenduz. Aspaldi ez nion halako irribarre luzerik ikusten. Aritzakungo eskolan asteburu-pasa egon ginen abuztuko aldi hartatik beharbada. Nahiz eta abuztua izan, sua piztu genuen, eta haren inguruan bildu ginen xingar eta ziztor batzuk kerrenean erretzeko. Etxolako atea hobe zegoela irekita erraten zuen Eiderrek, zeharo tematurik. Eltxoak-eta sartzen zirela erraten genion guk, eta gauean janen gintuztela. Bada, bulkatu markoaren kontra, baina ez itxi krisketa erraten zuen berak. Txikitako trauma edo beldurren bat izanen zuela pentsatzen hasiak ginen dagoeneko, eta bat-batean, atea ireki egin zen, kanpotik bultzaturik, eta Aitor sartu zen. Ez zerurako ez lurrerako geratu ginen guztiok, hura sorpresa! Gurea, noski, zeren eta Eiderrek ederki zekien bisita berezi hura izanen genuela gauean. Atea irekita uztearenak zein eltxoen txitxia izatearenak bere zentzu guztia hartu zuten.

Urte eta erdi pasatxotik ez genuen Aitor ikusten, eta ezusteko bisita haren lehenengo momentuetan poza eta urduritasuna nahasi ziren. Hura muxu eta besarkada besta! Goapoa zegoen, buruzuriagoa agian, eta flakoagoa, dudarik  gabe. Adi-adi entzun zuen Erratzun nahiz Baztanen berak ihes egin eta gero gertatutakoaren kontakizuna, Eiderren eskua eta gerria askatu gabe. Hauek bigarren semea izan dute, honek lana galdu du, bertze horiek haurdun daude, Zubi Punta gorri magentaz pintatu dute, Xorroxin irratiari diru-laguntza kendu diote, baina “behi-kaka” zozketa eroa asmatu dute… Argazkien ordua ailegatu zen gero. Eiderrek kristoren argazki-mukurua atera zuen motxilatik: kirikoketa besta, Elizondoko feriak, gizakunde, iñauteak, Nafarroaren eguna, Herri Urrats, herrietako bestak, Erratzukoak, San Fermin, Baztandarren Biltzarra, Erratzuko frontoi berria, jendea, jendea eta jendea, haur sortu berriak eta jende gehiago… Gau ahaztezina izan zen Aritzakungo eskolan egon ginen denendako. Emozioz beterik, sentimenduek borborka egin zuten.

Agurraren beldur-edo, agertu bezala desagertu zen Aitor, ezustean, eguna argitu baino lehen eta erabat oharkabean.

Aritzakungo eskolako literan ezin lokartuz eta bueltaka, mugalari eta kontrabandisten bideetatik imajinatu nuen Aitor, mendi-zokoetan barna. Biba hi, gaueko haize hotzean dabilen errebeldea pentsatu nuen nire artean Boby Sandsek idatzitako kantaren letra gogoratuz.

 
***


Eiderren gibeletik Haibol zetorren sokadan, hau ere kontent. Eta fresko samar.

-Animo petit garçon! -zirikatu nuen.

-Ni petit garçon eta hi… hik badakik!

Ateraldi xelebreetan maisuen maisua zen Haibol, baserriko bertsolariek duten umore zirikatzailearen maisu, alegia. Aitorren bila etorri zireneko sarekadaren ondoko Baztandarren Biltzarran bi zerri atera nahi zituen Erratzuko orgaren aitzinean, zein baino zein handiagoa, kartel banarekin lepotik dilindan. Kartel batean petit garçon idatzi nahi zuen, eta bertzean grande marlaska. Horra hor burutazio xelebrea! Azalpena omen zen izen ezberdina izan arren, urde-zerri handiak direla biak ala biak.

Bertze batean, adibidez, udan euliz nazkaturik, eltzetxo bat paratu nahi zuen Zubi Puntan, sosa bildu eta bi iguana erosteko. Ostatuko sarrerako atearen gainean paratu nahi zuen iguana bat, kaiola batean sarturik, eta terrazako atearen gainean bigarrena. Euliei gerra deklaratzeko tenorea ailegatua zela zioen, eta iguanak gure punta-puntako gudariak izanen zirela, euliei tregoarik eman gabe.

-Bihar, bihar -erran genion eroaren arrazoia emanez.

-Ez utzi biharko gaur jaurti dezakean harria.

Harrapazak.


***

 
Azkena eta ez hain kontent Jon zetorren, nahiko burumakur.

-Ongi, Jon?

-Bai, ongi esan beharko.

Ez zirudien arras konbentzituta. Ea gimnasioko gizaki gihartsuak ez ote zeukan fondorik galdetu nion nire buruari. Nekaturik egonen zen? Ez zen posible, gihar mukuru hori ezin zen gu baino nekatuago egon.

-Gurekin entrenatzera etorri beharko zenuke fondo pixka bat irabazteko.

-Fondoa irabasi baita ostia koadrila bat jaso ere! -erantzun zidan.

-Denek berdin pentsatzen duzue, baina errugbia ez da uste den bezain bortitza. Kontaktu-kirola da, bai, hori ez dizut ukatuko, baina aise zikinagoa da futbola, adibidez. Lesioen estatistikei begiratuz gero, hortxe-hortxe ibiliko dira bi kirolak seguruenik. Gainera, arras giro ona dago Baztango taldean.

Ni horregatik hasi nintzen errugbian, giroagatik. Hasieran, eta arauak ulertu ez arren, partida bat ikustera hurbildu nintzen Lekarozko zelaira, arratsalde zozo eta ergel horietako batean. Gero, hirugarren denborak deskubritu nituen, zelaian jokatzen diren bi denboren ondotik ostatuan eta janariz zein garagardoz inguraturik bi taldeek batera jokatzen dutena. Azkenean, Larraintzarko frontoian errugbi taldeak sosa ateratzeko antolatzen duen gau-pasan, entrenamenduetara agertzeko konbentzitu ninduten, zerbezaz lepo eta alkoholetan itota.

Berehala imajinatu nuen Jon melearen erdian aitzinera bulkatzen. Traktore geldiezina behar zuen izan. Partida akiturik, aldageletan imajinatu nuen. Mmmm…

Konturatu nintzen aste guztian ez nuela behin ere ikusia Jon kamisetarik gabe, ez azpiko kamiseta termikoa aldatzean ez eta lo egitera sartzean ere. Zer nahi duk egiten duen hotzarekin ondorioztatu nuen nire baitan. Hala ere, suhiltzaile gorputza antzeman zitekeen arroparen azpian, baina ez suak itzaltzen ibiltzen diren suhiltzaile horietako bat, baizik eta egutegiak egiten dituzten bertze horietakoa. Bai, uztailekoa, adibidez, edo abuztukoa, baina aro bero batekoa betiere.

Egunen batean, alajaina, etxea sutan dugula suhiltzaileak deitu eta ezin direla etorri erranen digute, egutegi baterako argazki-saioan daudela. Bueno, ez du inporta, lehentasunek lehentasuna daukate, eta suhiltzaileen egutegi horiek gizarte-funtzioa betetzen dute kasik. Nik, dagoeneko, ezin dut mundu hau imajinatu egutegi horiek gabe. Ez merezi duen mundu bat, bederen.


***


Pic de Mallacaneko kaskoan taldeko argazkia atera, gerrako oihua bota, eta beherako bideari ekin genion. Ez zen batere erraza izan. Lehenengo eta behin, ez genuelako bide egokirik aurkitu, eta gero oso tarte arriskutsua suertatu zelako Eslampar izeneko ertza.

Oinazturen kutxa bat-batean ireki izan balitz bezala, alimaleko haize bortitzak hasi ziren, eta amildegian beheiti eramanen gintuela pentsatu nuen behin baino gehiagotan. Nekez egiten genuen aitzinera eta urrats bakoitza ongi planifikatu eta aztertu beharreko ekintza bilakatu zen, ipar aldean ikaragarrizko amildegia baitzegoen. Erdi herrestan, kranpoiak eta pioletak elurretan ongi sartu, eta lau hanketako animalien antzera ibili ginen.

Ikusi bai; aditu, ordea, ez zen deus aditzen. Haizeak komunikazio saio oro boikotatzen zuen. Lau ginen, sokada bat, baina bakar-bakarrik bageunde bezala ari ginen laurok.

Nekaturik eta ia desesperaturik, Nueis Luengasen muntatu genuen kanpamentua. Tokiak ez zuen ematen sobera segurua zenik, baina ez genuen bertze aukerarik izan. Hasierako asmoa Chanson Triste d’Irina glaziarrerako bidea hartzea zen, ezagutzen genuen bibakean gaua pasatzeko, baina xerka eta xerka ibili ondoren, ez genuen topatu. Ezin genuen horrela jarraitu, atsedena behar genuen. Goizeko hirurak aldera, ilunpetan, gosetuta, zeharo hoztuta eta erabat leher kaka eginda, kanpin-denda muntatzea erabaki genuen.

Gau hura eromena izan zen.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina