2016(e)ko ekainaren 18(a), larunbata

HOTZAK, zazpigarren eguna (XXIV)


XXIV

-Puzkerra bota behar dinat, e?
-Zer?
-Puzkerra bota behar dinadala.
-Hi Haibol, ez izan zerria! Andereño batekin lo egiten eta puzkerra bota behar duk?
-Bai, proban. Bat botako dinat probatzeko, eta usainik badu, ez dinat gehiagorik botako, ados?
-Ze proba eta ze probaondo, ez bota puzkerrik, ez izan zerria, Haibol.
-Ados… hau emakumea!


Ez dakit probarik egin ote zuen ala ez, baina puzkerrik bota bazuen, usainik gabekoak izan ziren. Edozein kasutan, han geunden, Nueis Luengasen, elur eta haizearen erasoaren erdian gure lo-zaku hibridoan sarturik. Kanpin-denda doi-doian sartzen zen leku batean muntatu genuen, gehiegizko konfiantzarik gabe, genituen aukera txarren artean hoberena zelakoan. Gure lo-zaku hibridoari zegokionez, ez dakit bertze era batera lotu genuen ala zer, baina aitzineko gauean hobeto funtzionatu zuen, eta bigarren horretan hotzak nengoen.
-Hi, Haibol, hotzak nagok -erran nion.
-Bai, gaur ostian hotza egiten din.
-Bai.
Isilune bat egin nuen solastatzen jarraitu baino lehen, pentsakor, eta zera erran nion azkenean:
-Hi Haibol, besarkatu behar haut, ados?
Orain Karlos izan zen isilunea egin zuena, eta erantzun egin zidan gero:
-Ados.
Karmelok jaikitzeko erran artioko bi orduak horrela eman genituen, elkar besarkaturik eta aldikako lo tarteak eginez. Ez geunden batere eroso, egia erran, baina ezezko arrapostua eman genion Karmelori. Hotza, elurra, haizea, izotza, iluntasuna… ez, ez eta ez. Ezetz, ezta pentsatu ere. Hagitz nekatuta geunden, leher kaka eginik, eta hotzak. Kanpora ateratzea pentsatze hutsak gure egoera negargarria areagotzen zuen, baita gure moral beheititua gehiago kolpatu ere.
Karlosen gorputzeko berotasun urria ebasten jarraitzeko asmoa neukan; baina, luze gabe, grabitatearen esku geunden. Haizeak seguru guztiak goititu zituen eta beherantz amildu gintuen. Une larria izan zen, kaotikoa. Pentsa, lau lagun lo-zakuen barruan, gehi motxilak eta material guztia, maldan beheiti ilunpetan eta iraulik doan kanpin-denda baten barrenean. Bada, hori, kaotikoa.
Egoeraren larritasunaz jabeturik, ordena pixka bat paratzen ahalegindu ginen, eta ez dut erranen egoera kontrolatzen saiatu ginenik, zeren eta han ez zegoen deus kontrolatzerik. Nolabaiteko zenbaketa egin genuen. Bi motxila, eskalatzeko materiala eta ez-dakit-zenbat gauza gehiago falta ziren. Hala ere, eta alde baikorretik begiraturik, suerte handia izan genuela erran daiteke; izan ere, onik atera ginen laurok ezbehar horretatik, eta bortz metroko erorketa izan bazen ere guti goiti-beheiti, hamar, ehun edo berrehunekoa izan zitekeen.
Mendiak kanporatu nahi gintuen, eta desgrazia handiegirik gabeko erorketa hura abisutzat hartu genuen.
Bideari ekin genion. Sokadaren hondar postuan egokitu zitzaidan, Karmeloren gibelean. Ahaleginak eta bi egin genituen Karmeloren aitzinean zihoan Jon koitaduari bidea argitzeko, baina nahiko itsuan zihoalakoan nago, elurrak ez baitzuen gehiegi ikusten uzten. Frontalarekin edo gabe, arras ikuspen guti zegoen, oro har.
Chanson Triste d’Irina glaziarra zeharkatzen hasiak ginen eguna argitu zuenerako, eta oso-oso motel izan arren, bide zati polita egina genuen. Itxuraz, izotz puskek, arraildurek, haizeak zokoetan pilatutako elur mukuruek zein izotzak herrestan ekarritako harri zatiek labirinto zuri-hotz iraganezina osatzen zuten.
-Inguru lazgarria, ezta? -hausnartu zuen Karmelok haizearen uluen artean.
-Bai… -erantzun nion- Eguraldi onarekin eta helikoptero batetik ikaragarria behar du izan glaziarrak, baina hemen erdian egonik eta eguraldi kaskar honekin… Ikaragarri hitzak bere zentzurik maltzurrena hartzen du, ez duzu uste?
-Badakizu zer etorri zaidan gogora?
-Zer? -galdetu nion buruko mugimendu mutu batez.
-Ernest Shackletonek eta bere gizonek Elefante irlara ailegatzeko txalupa ttipi batzuetan zeharkatu behar izan zuten itsaso zakartua. Izotz bloke hauek guztiek haize hotz batek bat-batean izoztutako itsaso zakarra dirudite, ezetz?
-Aupa zu, Karmelo, baina sobera hotza egiten du gauzak hain era poetikoan ikusteko, eta nik dakidan gauza bakarra da glaziar honek Irinaren Kanta Tristea duela izena, eta zerbaitengatik izanen da. Baten batek ez zuen kantu alaietarako arrazoirik aurkitu nonbait.
-Kantu alairik ez, nik Shackletonen Itsaso Izoztua paratuko nioke.
Ez nion erantzun. Han eta hemen elur-jauziak ikusten edo entzuten ziren, eta erran bezala, ez nengoen poesiatarako.
Glaziarretik atera, eta ordura artio urrun ikusten genituen elur-jauzi horietako batek Jon eraman zuen ia. Karlosek aitzinetik eta Karmelok gibeletik, pioletak elurretan sartu eta aparteko arazorik gabe kontu zuten. Elur-jauzi txikia izana zen, eta ez zuen bete-betean harrapatu, baina bigarren abisutzat ulertu genuen. Alarma guztiak piztu ziren gure baitan.
Karlos arrisku gutxien zegoen lekuetatik ahalegindu zen bidea irekitzen, baina momentu batetik goiti ezinezkoa izan zen. Elur freskoak tranpa hilgarriak bilakatu zituen Mer de Rêves haraneko eskuin magalak. Gezurra zirudien. Apenas hogeita lau ordu lehenago Pic de Mallacaneko kaskoan geunden, ikaragarrizko eguraldiarekin, pozarren eta ezin motibatuagorik, gure gerrako oihua lau haizetara hedatuz garaiezinak bagina bezala. Orain, aldiz, eta era guztietako zailtasunak igaro eta gero, gure egoera penagarria zen. Zeharo desmoralizaturik geunden. Itxuraz magal inuzentea zena gure etsairik handiena bilaka zitekeen, gure biziak ezkutuko indarren nahiaren arabera suertearen ala patuaren eskuetan utziz. Horrelako muturreko egoeretan ohartzen zara benetan zeinen hurbil dauden mendian poza eta atsekabea, heriotza eta bizitza, tragedia eta zoriona.
Eta mendiak dar-dar egin zuen, eta elur-jauzi bat gainera etorri zitzaigun.
Gero etorri zenak ordura artio Jonen begiradan hainbertzetan ikusi bai baina ulertu ez nuena erakutsi zidan.
Egoeraren gordintasunak aldez alde zeharkatu ninduen eta alimaleko hotzikara eragin zidan.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina