XXV
Bi orduko gau motza izan zen,
baina nolako orduak! Haizeak sekulako burrunba sortzen zuen, eta gainera, tai
gabe kolpatzen zituen kanpin-dendaren paretak. Ikaratzeko moduko hotza egiten
zuen.
Hala ere, nekea handiagoa
zen, eta lo hartu nuen.
Bat-batean, kanpin-dendaren
kremailera ireki zuen Flamarique sarjentuak eta, pistola eskuetan, Karlos,
Karmelo eta Eider esnatu zituen.
Karmelori begiratu nioenean,
harri eta zur geratu nintzen. Honek egon behar zuen tokian Julian zegoen,
txikitako laguna.
-Aspaldiko Jimenez, zer
moduz?
-Ongi -erantzun nion apur bat
harriturik.
-Duela hilabete batzuk don
Juan Luis irakaslea ikusi nuen, eta guardia zibil sartu zinela esan zidan.
Ikusten dudanaren arabera, egia zen, bai horixe, egia borobila. Pozten naiz
Jimenez, eta zutaz harro nago. Gaude.
-Benga, benga -moztu
zuen Flamarique sarjentuak Julian eta bion arteko elkarrizketa-, hemen lanerako
gaude, ez aspaldiko lagunak agurtzeko. Zein da Karlos, edo Aitor, edo…
Karlosek eta Eiderrek
konpartitzen zuten lo-zakura seinalatu nuenean, ez zegoen horietako inor.
-Hemen egon behar zuten, nire
sarjentua! -esan nuen larriturik hauen lo-zakua esku batez goratzen nuela.
Karlos eta Eiderren lo-zakua
goratu eta izugarrizko sorpresa hartu nuen. Karlos eta Eider ez, Maria zegoen,
nire emazte ohia, Antonio eta Peperekin. Hauek, lizunki musukatzen zuten, baita
beren zakiltzarrekin Mariaren hankarteko bidea bilatzen ere.
-Hau zirkua! -egin zuen irri
Flamarique sarjentuak barre-algara batean- Ez zara gai ezta zure emazteari
behar den bezala txortan egiteko ere. Eta nik uste nuen benemeritan ez zutela
marikoirik sartzen uzten!
-Gaizki ulertu bat egon da
nire sarjentua -argudiatu nuen benetako argudio bat asmatzen nuen bitartean-,
justu zu sartu baino lehen, hemen zeuden etarra putakume horiek…
-Hemen, non? Nik ez ditut
ikusten! A bai, beharbada nire koskoilen artean ezkutatu dira!
Flamarique sarjentua zeharo
koleratu egin zen, eta kolpeka hasi zitzaidan. Hanketan kolpe bat, beste bat
bizkarrean… bultzada bat hemendik, matelezurreko bat handik… eskua zapaldu
zidan, gero ostiko bat eman…
Beste norbaitek eskua paratu
zidan sorbaldan.
-Jon, ongi hago?! Jon,
iratzarri hadi, ongi hago?!
Karlos zen, kezka
aurpegiarekin. Alde guztietara begiratu nuen, egoera ezin ulertuz. Ez zegoen
Flamarique sarjentuaren arrastorik, ez Julian txikitako lagunarena, ez eta,
noski, Maria nire emazte ohiarena, Antoniorena eta Peperena ere.
-Haizeak segurtasunezko
puntuak goititu ditik eta bortz bat metro beheiti bota gaitik -azaldu zidan
Karlosek.
Kostatu egin zitzaidan
Karlosek kontatzen zuenaz zein egoeraz jabetzea. Gero, egoeraren larritasunak
berehala ezabatu zuen amesgaiztoak eragindako ezinegona.
Karmelok berri txar gehiago
eman zidan:
-Zure motxila eta Haibolena
galdu dira, bertze gauzen artean.
Instintiboki, pistola neukan
tokira eraman nuen eskua mugimendu mekaniko batez, nire saihetsera, eta
pistolaren konkorra ukitzean, lasaitu ederra hartu nuen. Bihotza bere
lekura itzuli zen. Beharrik pentsatu nuen, beharrik soinean neraman
eta ez motxilan, hasieran pentsatu bezala. Bestela, sekulako marroia nuen.
Ale majo, joan koartelera eta esan pistola galdu egin zaizula ez-dakit-nongo
haraneko ez-dakit-nongo mendian, ez-dakit-non. Argi izan nuen, txiripaz izan
bazen ere, asteburu batzuetako ziega edo arrastatzetik libratu nintzela,
Elizondon patrola galdu zutenei gertatu bezala, edota Jon Anzaren aferan
zebiltzanei pistolak hotelean ahazteagatik ere gertatu bezala.
Buelta gehiago eman gabe, eta beste aukerarik
ezean, abiatu egin ginen baldintza baldar haietan. Chanson Triste d’Irina
glaziarrean itsuak bezala ibili nintzen argitu zuen arte, nahiz eta beste
soka-kideak bidea argitzen ahalegintzen ziren. Onartu behar dut beldur handia
pasatu dudala nire bizitzan, are gehiago horrelako lan batekin Euskadin
destinatuta egonik, baina eskuineko magal haietan pasatu nuenarekin ia ez dago
konparatzerik.
Lehenbiziko elur-jauzi batek
susto ederra eman zidan, baina Karlosek eta Karmelok kontu egin ninduten, ez
baitzen oso bortitza izan. Bigarren elur-jauzi batek ordea, ia sokada guztia
harrapatu zuen, ia soka-kide guztiok. Nekearen nekez, hasieran ez nintzen
konturatu elurra zela mugitzen zena, eta ez ni. Gero, berehala, itsasoko olatu
solido baten antzera goititik ekin eta paperezkoa bainintzan eraman ninduen
jira eta bira. Erabat desorientaturik, begiak ireki eta dena beltza ikusi nuen.
Zeharo aztoraturik nengoen eta ez nekien ea buruz behera, buruz gora ala
zeharka nengoen, baina elur asko eduki behar nuen gainean zeren eta ezinezkoa
zitzaidan besoak edo hankak mugitzea.
Nire atzetik etorririk
bezala, soinu batzuk entzun nituen, eta ahotsa desberdindu orduko, bi esku
indartsuk besapeetatik eutsi ninduten.
-Lasai Jon, hemen nagok,
hemen nagok -errepikatzen zidan Karlosek.
Arnasestuka, ezin nuen
indarrik egin kasik, baina Karlosek ahal zuen indar guztiarekin tiratzen zuen
nire besoetatik gora, eta, emeki, ni elurretatik ateratzen hasi zen. Halako
tiraldi batean, gore-texa atera zidan, ni erdi lurperaturik nengoela oraindik.
Jantzia alde batera bota eta berehala itzuli zen nigana, osorik ateratzeko.
Bere eskuak nire bularrean gurutzatu eta soinetik hartu ninduen, eta tira egin
zuen gora, indar handiz, eta tira, eta tira… eta orduan izan zen. Nahi gabe,
neraman kamiseta termikoa goratu zidan, elurretatik ateratzeko ahaleginetan,
eta hortxe agertu zen pistola, bere zorroan nire saihetsean loturik.
Esfortzua nahiz ezustekoaren
eraginez, elurretara erori ginen biok, ni bere gainera baina erdi bizkarrez
aldi berean. Karlosi begiek begi-zuloetatik atera behar zitzaizkiola zirudien
pistola ikusi zuenean.
-Hi… -hasi zen esaten
ikusitakoa ulertzen saiatzen zen bitartean. Bere besoa nire lepotik pasa eta ni
immobilizatzen ahalegindu zen.
-Ez egin lelokeriarik, Karlos
-esan nion ahots ito batez.
Baina Karlosek ez ninduen
askatzen, eta arnasarik gabe ari nintzen gelditzen. Eskuin ukondoarekin kolpe
gogor bat eman nion saihetsetan eta lepoko zepoa arindu zuen apur bat. Beste
kolpe bat eman nion jarraian eta bere gainetik kendu nintzen, handik
ospa egiteko asmoarekin.
Sokadari lotzen ninduen
segurtasunezko mosketoia askatu eta abiatu egin nintzen, ahalik eta lasterren,
baina Karlos astapito hori gainera etorri zitzaidan berriro ere, eroturik,
deabruturik. Putakumea! esaten zidan, urde zakur putakumea!, eta
kolpeak ematen zizkidan eten gabe.
Ez nuen beste aukerarik izan.
Handik bizirik atera nahi banuen behinik behin, ez nuen beste aukerarik. Nola
edo hala, ukabilkada eta hainbat kolpez Karlos gainetik kendu, eta tiro egin
nion.
Handik urrundu nintzen,
adrenalina borborka eta burdin beroa eskuan.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina