2016(e)ko otsailaren 1(a), astelehena

Erlojuari eraso basapiztiaren sabelean (epilogoa II)


Begi bistan

Kanpotik handiagoa ematen zuen baina zortzi edo hamar eserlekuko abioneta baino ez zen Poliziarena, txikia. Aberatsek beren hangarretan antzekoak izanen zituztela imajinatu nuen, handik eta hemendik garbeoak emateko alderrai. Ate apaletik sartuta bi motatako izakiak ikusi nituen: eskuburdinak paratuta zituztenak eta eskuburdinak paratzen zituztenak. Polis y cacos, alegia. Ni, eskuak bizkarrean lotuta, cacoa nintzen, abionetako hirugarrena hain zuzen. Polisak lau edo bortz ziren naski.



Zaindariak agindutako lekuan esertzean agur motz bat egin zidaten lotuta joaten zirenek baina poliziak elkarrizketa saiakera oro moztu zuen zakar.

Mutu, beraz.

Bertze bi presoak behatu nituen irribarre zalantzati batez. Ziur nengoen bat euskalduna zela, mendiko arropa janzten baitzuen. Bertzeak ordea, janzkera neutroa zeraman.

Kide menditarra eserlekuaren gainean bihurritzen zen minez, eta apenas irekitzen zituen begiak. Izorratua zihoan. Arras. Bidaiak iraun zuen denboran ez genuen inolako komunikaziorik izan.

Bertzearekin begiraden bidez komunikatu nintzen. Bekainak goratu, baiezkoa egin, irribarre diskretua, imintzioa eskuin, ezker…

Prefosta, euskalduna zen ere.

Abioneta Tolosako aireportutik aireratu zen. Preso menditarra gehiago bihurritu zen bere baitan, bertzeak eta biok leihoetatik begiratu genuen, espektakuluaz gozatzen. Espetxean distantzia motzak baino ez ziren ikusten eta, gure bahitzaileei esker, gure begiek distantzia luzeak praktikatuko zituzten.

Poliziak, ibilbidera ohiturik beharbada, berehala aspertu ziren. Errusiako enbaxadan lan egitearen gorabeherak komentatu zituzten, pagotxa zela, baina ingelesa jakin behar zela, eta, espainolak izanik, ez zela erraza ingelesdun polizia aurkitzea. Ibilbideaz gain beraien artean ere aspertu egin ziren eta nire parean zihoan poliziak liburu bat hartu zuen, hegaldia arinago pasatzeko edo. Begirada luzatu nuen, kuxkuxeatzeko. Alatriste kapitaina. Enfin.

Definitiboki, leihotik haratago iltzatu nuen begirada eta Pirinioek alimaleko ikuskizuna eskaini zidaten. Pirinioak elurtuak zeuden. Ez nuen ia deus ezagutu, Yesako urtegia eta bere handitzeko lanak salbu. Baina bistak zoragarriak izan ziren. Otsailaren  23a zen, sientense coño! mitikoaren ez-dakit-zenbatgarren urteurrena eta, aberatsen antzera, eta polizia saldo bat zaindurik eta bertze bi euskaldunekin sufriturik, nire oroimenean luzerako grabatuko ziren irudiak pasatu ziren gure oinen azpitik. Ikaragarria izan zen egun hartan Españako (in)justiziak oparitu zidan hegaldia. “Ironia gorra” erran nuen eta aukera izan bezain fite nire espetxealdiaren kronika ironikorako atal berri bat osatu beharko nuela pentsatu nuen nire baitan.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina