Begi
bistan
Kanpotik
handiagoa ematen zuen baina zortzi edo hamar eserlekuko abioneta baino ez zen
Poliziarena, txikia. Aberatsek beren hangarretan antzekoak izanen zituztela
imajinatu nuen, handik eta hemendik garbeoak emateko alderrai. Ate apaletik
sartuta bi motatako izakiak ikusi nituen: eskuburdinak paratuta zituztenak eta
eskuburdinak paratzen zituztenak. Polis y
cacos, alegia. Ni, eskuak bizkarrean lotuta, cacoa nintzen, abionetako hirugarrena hain zuzen. Polisak lau edo bortz ziren naski.
Zaindariak
agindutako lekuan esertzean agur motz bat egin zidaten lotuta joaten zirenek
baina poliziak elkarrizketa saiakera oro moztu zuen zakar.
Mutu,
beraz.
Bertze
bi presoak behatu nituen irribarre zalantzati batez. Ziur nengoen bat
euskalduna zela, mendiko arropa janzten baitzuen. Bertzeak ordea, janzkera
neutroa zeraman.
Kide
menditarra eserlekuaren gainean bihurritzen zen minez, eta apenas irekitzen
zituen begiak. Izorratua zihoan. Arras. Bidaiak iraun zuen denboran ez genuen
inolako komunikaziorik izan.
Bertzearekin
begiraden bidez komunikatu nintzen. Bekainak goratu, baiezkoa egin, irribarre
diskretua, imintzioa eskuin, ezker…
Prefosta,
euskalduna zen ere.
Abioneta
Tolosako aireportutik aireratu zen. Preso menditarra gehiago bihurritu zen bere
baitan, bertzeak eta biok leihoetatik begiratu genuen, espektakuluaz gozatzen.
Espetxean distantzia motzak baino ez ziren ikusten eta, gure bahitzaileei
esker, gure begiek distantzia luzeak praktikatuko zituzten.
Poliziak,
ibilbidera ohiturik beharbada, berehala aspertu ziren. Errusiako enbaxadan lan
egitearen gorabeherak komentatu zituzten, pagotxa zela, baina ingelesa jakin
behar zela, eta, espainolak izanik, ez zela erraza ingelesdun polizia aurkitzea.
Ibilbideaz gain beraien artean ere aspertu egin ziren eta nire parean zihoan
poliziak liburu bat hartu zuen, hegaldia arinago pasatzeko edo. Begirada luzatu
nuen, kuxkuxeatzeko. Alatriste kapitaina. Enfin.
Definitiboki,
leihotik haratago iltzatu nuen begirada eta Pirinioek alimaleko ikuskizuna
eskaini zidaten. Pirinioak elurtuak zeuden. Ez nuen ia deus ezagutu, Yesako
urtegia eta bere handitzeko lanak salbu. Baina bistak zoragarriak izan ziren. Otsailaren 23a zen, sientense
coño! mitikoaren ez-dakit-zenbatgarren urteurrena eta, aberatsen antzera,
eta polizia saldo bat zaindurik eta bertze bi euskaldunekin sufriturik, nire
oroimenean luzerako grabatuko ziren irudiak pasatu ziren gure oinen azpitik. Ikaragarria
izan zen egun hartan Españako (in)justiziak oparitu zidan hegaldia. “Ironia
gorra” erran nuen eta aukera izan bezain fite nire espetxealdiaren kronika
ironikorako atal berri bat osatu beharko nuela pentsatu nuen nire baitan.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina