XXIV
-Puzkerra bota behar dinat,
e?
-Zer?
-Puzkerra bota behar
dinadala.
-Hi Haibol, ez izan zerria!
Andereño batekin lo egiten eta puzkerra bota behar duk?
-Bai, proban. Bat botako
dinat probatzeko, eta usainik badu, ez dinat gehiagorik botako, ados?
-Ze proba eta ze probaondo,
ez bota puzkerrik, ez izan zerria, Haibol.
-Ados… hau emakumea!
Ez dakit probarik egin ote zuen ala ez, baina puzkerrik bota bazuen, usainik gabekoak izan ziren. Edozein kasutan, han geunden, Nueis Luengasen, elur eta haizearen erasoaren erdian gure lo-zaku hibridoan sarturik. Kanpin-denda doi-doian sartzen zen leku batean muntatu genuen, gehiegizko konfiantzarik gabe, genituen aukera txarren artean hoberena zelakoan. Gure lo-zaku hibridoari zegokionez, ez dakit bertze era batera lotu genuen ala zer, baina aitzineko gauean hobeto funtzionatu zuen, eta bigarren horretan hotzak nengoen.
-Hi, Haibol, hotzak nagok
-erran nion.
-Bai, gaur ostian hotza
egiten din.
-Bai.
Isilune bat egin nuen
solastatzen jarraitu baino lehen, pentsakor, eta zera erran nion azkenean:
-Hi Haibol, besarkatu behar
haut, ados?
Orain Karlos izan zen isilunea
egin zuena, eta erantzun egin zidan gero:
-Ados.
Karmelok jaikitzeko erran
artioko bi orduak horrela eman genituen, elkar besarkaturik eta aldikako lo
tarteak eginez. Ez geunden batere eroso, egia erran, baina ezezko arrapostua
eman genion Karmelori. Hotza, elurra, haizea, izotza, iluntasuna… ez, ez eta
ez. Ezetz, ezta pentsatu ere. Hagitz nekatuta geunden, leher kaka eginik, eta
hotzak. Kanpora ateratzea pentsatze hutsak gure egoera negargarria areagotzen
zuen, baita gure moral beheititua gehiago kolpatu ere.
Karlosen gorputzeko berotasun
urria ebasten jarraitzeko asmoa neukan; baina, luze gabe, grabitatearen esku
geunden. Haizeak seguru guztiak goititu zituen eta beherantz amildu gintuen.
Une larria izan zen, kaotikoa. Pentsa, lau lagun lo-zakuen barruan, gehi
motxilak eta material guztia, maldan beheiti ilunpetan eta iraulik doan
kanpin-denda baten barrenean. Bada, hori, kaotikoa.
Egoeraren larritasunaz
jabeturik, ordena pixka bat paratzen ahalegindu ginen, eta ez dut erranen
egoera kontrolatzen saiatu ginenik, zeren eta han ez zegoen deus
kontrolatzerik. Nolabaiteko zenbaketa egin genuen. Bi motxila, eskalatzeko
materiala eta ez-dakit-zenbat gauza gehiago falta ziren. Hala ere, eta alde
baikorretik begiraturik, suerte handia izan genuela erran daiteke; izan
ere, onik atera ginen laurok ezbehar horretatik, eta bortz metroko erorketa
izan bazen ere guti goiti-beheiti, hamar, ehun edo berrehunekoa izan zitekeen.
Mendiak kanporatu nahi
gintuen, eta desgrazia handiegirik gabeko erorketa hura abisutzat hartu genuen.
Bideari ekin genion.
Sokadaren hondar postuan egokitu zitzaidan, Karmeloren gibelean. Ahaleginak eta
bi egin genituen Karmeloren aitzinean zihoan Jon koitaduari bidea argitzeko,
baina nahiko itsuan zihoalakoan nago, elurrak ez baitzuen gehiegi ikusten
uzten. Frontalarekin edo gabe, arras ikuspen guti zegoen, oro har.
Chanson Triste d’Irina
glaziarra zeharkatzen hasiak ginen eguna argitu zuenerako, eta oso-oso motel
izan arren, bide zati polita egina genuen. Itxuraz, izotz puskek, arraildurek,
haizeak zokoetan pilatutako elur mukuruek zein izotzak herrestan ekarritako
harri zatiek labirinto zuri-hotz iraganezina osatzen zuten.
-Inguru lazgarria, ezta?
-hausnartu zuen Karmelok haizearen uluen artean.
-Bai… -erantzun nion-
Eguraldi onarekin eta helikoptero batetik ikaragarria behar du izan glaziarrak,
baina hemen erdian egonik eta eguraldi kaskar honekin… Ikaragarri hitzak bere
zentzurik maltzurrena hartzen du, ez duzu uste?
-Badakizu zer etorri zaidan
gogora?
-Zer? -galdetu nion buruko
mugimendu mutu batez.
-Ernest Shackletonek eta bere
gizonek Elefante irlara ailegatzeko txalupa ttipi batzuetan zeharkatu behar
izan zuten itsaso zakartua. Izotz bloke hauek guztiek haize hotz batek
bat-batean izoztutako itsaso zakarra dirudite, ezetz?
-Aupa zu, Karmelo, baina
sobera hotza egiten du gauzak hain era poetikoan ikusteko, eta nik dakidan
gauza bakarra da glaziar honek Irinaren Kanta Tristea duela izena, eta
zerbaitengatik izanen da. Baten batek ez zuen kantu alaietarako arrazoirik
aurkitu nonbait.
-Kantu alairik ez, nik
Shackletonen Itsaso Izoztua paratuko nioke.
Ez nion erantzun. Han eta
hemen elur-jauziak ikusten edo entzuten ziren, eta erran bezala, ez nengoen
poesiatarako.
Glaziarretik atera, eta
ordura artio urrun ikusten genituen elur-jauzi horietako batek Jon eraman zuen
ia. Karlosek aitzinetik eta Karmelok gibeletik, pioletak elurretan sartu eta
aparteko arazorik gabe kontu zuten. Elur-jauzi txikia izana zen, eta ez zuen
bete-betean harrapatu, baina bigarren abisutzat ulertu genuen. Alarma guztiak piztu
ziren gure baitan.
Karlos arrisku gutxien zegoen
lekuetatik ahalegindu zen bidea irekitzen, baina momentu batetik goiti
ezinezkoa izan zen. Elur freskoak tranpa hilgarriak bilakatu zituen Mer de
Rêves haraneko eskuin magalak. Gezurra zirudien. Apenas hogeita lau ordu
lehenago Pic de Mallacaneko kaskoan geunden, ikaragarrizko eguraldiarekin,
pozarren eta ezin motibatuagorik, gure gerrako oihua lau haizetara hedatuz
garaiezinak bagina bezala. Orain, aldiz, eta era guztietako zailtasunak igaro
eta gero, gure egoera penagarria zen. Zeharo desmoralizaturik geunden. Itxuraz
magal inuzentea zena gure etsairik handiena bilaka zitekeen, gure biziak
ezkutuko indarren nahiaren arabera suertearen ala patuaren eskuetan utziz.
Horrelako muturreko egoeretan ohartzen zara benetan zeinen hurbil dauden
mendian poza eta atsekabea, heriotza eta bizitza, tragedia eta zoriona.
Eta mendiak dar-dar egin
zuen, eta elur-jauzi bat gainera etorri zitzaigun.
Gero etorri zenak ordura
artio Jonen begiradan hainbertzetan ikusi bai baina ulertu ez nuena erakutsi
zidan.
Egoeraren gordintasunak aldez
alde zeharkatu ninduen eta alimaleko hotzikara eragin zidan.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina