V
Erori berria zegoen elurra,
freskoa erraten den moduan, eta bidea irekitzea lan neketsua zen. Gainera,
haizeak gogor jotzen zuen aurpegian. Gogotsu iratzarri nintzen baina, eta soka-buru
joatea erabaki nuen.
Bueno, horregatik eta
Karmelori lan pixka bat kentzearren. Izan ere, lehenbiziko eguneko bide ia
guztian bera joan zen soka-buru, eta elurretan aztarna irekitzeak badu bere
lana. Horretatik aparte, ohi baino serioago ikusten nuen gainera. Ez zuen ja ere
erraten, baina banekien Eider eta Jon etorri izanak apur bat kezkatzen zuela.
Urrundik nabari zitzaion. Karmelo ez da horren serioa, kontrakoa baizik, zinez
tipo alaia, batez ere lagunartean.