II
-Baietz neska, anima hadi!
-erran zidan Karlosek berarekin eta Karmelorekin eguberrietako astean
Pirinioetara joateko gonbidapena luzatu zidanean.
-Ez dakit Haibol -erantzun
nion-, arras hozbera naiz eta ez dut ezta fundamentuzko lo-zakurik ere.
-Horregatik ez kezkatu,
antzara griseko lumadun lo-zaku berria erosi dinat eta nire lo-zaku zaharra utz
diezanaket.
Horrekin eta guti
gehiagorekin konbentzitu ninduen Karlosek Pic de Mallacan mendia eskalatzera
joateko. Ni… eta gure ondoan garagardo bat edaten zegoen Jon ere bai. Banekien
ez zela Lekarozko landetatik pasaietan ibiltzea bezala izanen baina Karlosek
bazekien nola ibiltzen nintzen mendian guti goiti-beheiti, eta ez nuen uste
marroi handitan sartuko ninduenik. Kezka handiena hotza nuen eta bere lo-zaku
zaharra utziko zidala erran zidanean, nire kezka guztiak uxatu ziren; izan ere,
merkatura ateratzen den ororen fanatikoa da Karlos eta ziur nintzen bere
lo-zaku zaharra nik eduki nezakeen berriena baino berriagoa izanen zela. Berdin
dio arropa, materiala, gailu edo tresna, azkenera joan behar du beti, eta bere
super-furgoneta zen adibiderik hoberena. Nondik aterako du mutiko honek
hainbertze soka, piolet eta GPS erosteko sosa? Beharbada, diruaren arbola
izanen du aitatxiren baratzean. Hori bai, arbolatik bildu eta Elizondoko
bankura eramaten du, eta soil-soilik Elizondokora, hori baita bere bankua.
Behin, Hernaniko bestetan
geunden eta Iruñera joan behar genuen. Alimaleko bestondoarekin autoan iratzarri
eta, Iruñera buruz abiatu ginenean, Elizondotik pasatu behar genuela tematu
zen. Guk Leitzarango autobiatik joanez gero aise zuzenago zela erraten genion,
baina berak ezetz eta ezetz, Elizondotik pasatu behar genuela.
-Zer egin behar duzu Elizondon,
bada, holako tematia egoteko? -galdetu genion azkenean.
-Sosa atera behar dut.
-Ama! Horregatik baldin bada,
lasai egon, Iruñeko bankuren batean atera dezakezu.
-Ez -izan zen Karlosen
erantzuna-, nik sosa Elizondokoan dut.
Ai gure Karlos, ze artista!
***
Lehenbiziko bibak-eraino ongi
joan nintzen, indartsu ikusi nuen nire burua. Kristoren zama neraman eta
suposatu nuen biharamunean nire sorbaldak kexatuko zirela. Jatekoaren parte
handi bat nik eramaten nuenez, egunak pasatu ahala zama arintzen joanen zela
pentsatu nuen, eta horrek, nola edo hala, mantendu egin zituen nire animoak.
Zien Bicos glaziarra
zeharkatzeraino gustura joan nintzen eta enkordatu ginenean, uste baino
erosoago. Hondar zatia egin zitzaidan astunen, pentsatzen dut ibilbidearen ordu
guztiak pilatuz joan zitzaizkidalako. Inguru guztian ikaragarrizko parajeak
egon arren, begiak aitzineko soka-kidearen oinatzetan iltzatu eta, Laboaren
Lili bat kanta buruan bueltaka, kanpai-denda muntatu genuen tokirainoko
egin nuen bidea. Lili bat. Hartu. Eta hostoz hosto. Erantzi. Eta harek zu
ere. Amets. Eta harek zu ere. Erantzi. Eta hostoz hosto. Hartu. Horrela,
aldeetara begiratu gabe. Esaldi bakoitzarekin urrats bat eginez eta urrats
bakoitza bertzearen gibeletik emanez. Lili bat. Hartu. Eta hostoz hosto.
Erantzi. Eta… Mandoa bezala.
Lo-zakura sartzean, Jonek begirada indiskretu
zenbait luzatzen zituela konturatu nintzen eta apur bat moztuta gelditu
nintzen. Naturaltasun osoz prakak kendu eta lotara sartzeko kulerotan
maniobratzen ari nintzela izan zen. Buelta ematean, Jonen begiekin egin nuen
topo, eta bertze batzuetan ikusia nion begi-distira antzeman nion begiradan. Ez
nuen inoiz jakin begirada horrek erraten zuena asmatzen. Erdi sentsuala eta
erdi mehatxagarria zen aldi berean. Ezohikoa betiere.
Segundo batean, berarekin
hondar boladan emandako egoera guztiak errepasatu nituen, esperantza faltsuren
bat elika zezaketen gaizkiulertuen bila. Ez nuen deus aurkitu. Euskaltegian
ikasle bat gehiago bezala tratatzen nuen, eta Zubi Puntan, pote bat edo bertze
hartua genuen elkarrekin, baina herri txiki bateko ostatuan normala da hori,
are normalagoa zure ikaslea baldin bada, ez?
Une batez bururatu zitzaidan
ea ez ote zen Jon izanen inguru arrotz batean bere irakasleaz maitemintzen
diren ikasle horietakoa, barnetegietan gertatzen ohi den moduan. Azken finean,
Jon Baztanen zegoen, Euskal Herriko udalerri handienean barnetegi erraldoi
batean.
Jakinen zuen Jonek ihesean
egon arren bikotea banuela? Nik ez nion errana, horrelakoetan ez baitakit sobera
zuzen nola jokatu. Horrelakoak erran behar dira? Momentu egokia itxaron behar
da? Eta zein da momentu hori? Bilatu behar da? Dena dela, horrelako egoera bat
ematen denean, orokorrean jendeak badaki, ez? Eta ziur naiz Erratzuko baten
batek kontatua ziola ostatuko elkarrizketa aspertu horietako batean. Bai,
seguru Jonek bazekiela Aitor zela nire mutila eta hanka eginda zegoela bi urte
lehenago pikoletoak hortzetaraino armaturik bere xerka etorri zirenetik.
Beharbada horregatik
zuzendu zidan begirada erdi sentsual hori, bazekielako Aitorren afera guztia
eta zauritutako harrapakina erdiestea errazagoa irudituko zitzaiolako. Auskalo.
Beno, beno, Eider… baina
ze ari zara? erran nion nire buruari
apaltasunez, ipurdia aurpegiaren erdi-erdian paratu diozu kasik eta aukera
profitatu du begiak alaitzeko, baina ez bilatu hirugarren hankarik.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina