AKATSAK
Lau
aste postarik gabe, urruntasunean urrun. Kartzelariak atea ireki du eta lehen
gutun mukurua eman dit. Urduri hasi naiz eskutitzak (bat ordenagailuitza)
irakurtzen.
Prefosta,
akatsen bat egon da. Nire izenean datoz baina… “…faltan bota zaitugu…”, “…gure
bihotzek bat egin dute zurearekin…”, “…como hijo y hermano no tienes precio,
como pareja no tienes precio, como persona y amigo no tienes precio…”, “…faltan
zaitugu…”, “…zu ikusteko eta entzuteko aukera izatea ikaragarria izan zen,
benetan hunkigarria…”, “…zenbat aldiz agertu zaren nire ametsetan! Beti
kontent!”, “…maite zaitugu…”, “…erna nahiz lo egindako ametsetan ikusi zaitut
aunitzetan…”, “…ikusi zintudan momentu hura ahaztezina izanen da betiko
niretzat…”, “…nire bizitzako momenturik hunkigarriena dudarik gabe…”, “Gora zu
eta zu bezalakoak!” eta gisa honetakoak erraten dute gutun hauek.
Hiru
urte eta erdi denbora luzea da.
Antza,
Ernesto adarjotzaileaz atzendu dira eta bertze ni bati idatzi diote.
Batzuek,
konplexurik gabe, Frantzia, France edota Francia idatzi dute, baina Okzitanian nago.
Bertze
batzuek, politikoki zuzenagoak akaso, état français
idatzi dute.
Batek,
nahi gabe edo nahita, efea atzendu eta RANCIA
paratu du.
Eta
bertze batek, mistikoagoa beharbada, efea gaizki idatzi eta TRANCEra igorri ditu bere hitzak.
ZAREN
HORI
Bidean
ezagututako pertsona bakoitzak kolore bat gehitzen dio zure izaerari. Batuketa
da beti.
Gurasoek
eta anai-arrebek margotu ninduten lagunak ezagutu artio eta hauek kolore
gehiago eman zidaten Argurtzane ezagutu artio. Nire izaeraren ortzadarra erabat
osaturik gelditu zen, edo horrela uste nuen.
Little
bistaz baino ez nuen ezagutzen, eta hondar hiru urte eta erdian, izenik ez
duten lagun aunitzekin batera, naizen kolore abaraska bilakatu naute.
Aspaldi
ezagutzen nuen pertsona ezagutu dut.
Biba
zuek!
PRAT
Polizia-etxean
bukatu zen unibertsitateko gau batean ea nazionalismoak txandakatzen nituen
galdetu zidan txakur espitoso batek.
Urte
batzuk beranduago, nire argazkia paratu zuten nire aireportuan.
ABIZENAK
Urtsua,
Jauregui, Vidaurre, Tudela, Peralta, Otamendi, Urbina, Goycoechea, Areche,
Cabanillas, Vergara, Iraola, Zamudio, Salazar, Ibarra, Peñaranda…
Hegoamerikara
joaten banaiz, ez naizela euskalduna erranen dut ahalke historikoagatik.
Erraza
dut gainera.
GARZONADA
Bestondo
goiz batean, garzonadak asmatu zituen Garzonek. Bere gibeletik etorri zirenek
garzonadak egiten jarraitu zuten eta, bertze egun batean, Garzon berari egin
zioten garzonada bat.
PAROT
DOKTRINA
Inkisidore
bat balizko justiziaz baliatu zen preso bat injustuki zigortzen jarraitzeko.
Trikimailuari zigortuaren abizena paratu zioten izen. Ondoren, preso gehiago
zigortu zituzten zigortuaren abizena erabiliz.
Egun,
inor ez da oroitzen trikimailu maltzurra asmatu zuen gaizkilearen
izen-abizenez.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina