III
Pisuan motxila prestatzen ari
nintzela eduki nuen zalantza, zalantza koxkorra. Zazpi egun ziren, aste oso bat
Frantziako Pirinioetan barna espetxean egondako tipo batekin, mutil-laguna
klandestinitatean zeukan neska batekin eta kristoren kankailua zen beste
abertzale batekin. Beraz, eraman behar nuen pipa, bai ala ez?
Hartu egin nuen azkenean.
Ondorioz, kontu handiz ibili beharko nuen, funda batean sarturik eta beti
gainean, ongi disimulatuta. Agerian geratzeko arriskua handia zen eta ia urte
bateko lana bidaltzen ahal nuen pikutara kasualitate huts batengatik, baina
ezin nuen garbi joan. Ia seguru nengoen mendiko asteburu “inuzente” horietako
batean Aitor agertuko zela, hau da, neska-laguna eta herriko lagunak
bisitatzeko aprobetxatuko zuela. Edo beraiek aprobetxatuko zutela Aitor
ikusteko, eta orduan aprobetxatuko nuen nik atzaparra Aitorren gainean
jartzeko. Ezin nintzen arriskatu, egoera hartara ezin nintzen pistolarik gabe
joan.
Egoera horretara ailegatuta,
ez nekien nola erreakzionatuko zuen Eiderrek. Suposatzen nuen blokeaturik
geldituko zela hasiera batean, ahoa bete hortz, traizioa ulertzen saiatuz, eta
gero, egoeraz jabetuta, gorrotoa agertuko zela bere begi polit horietan.
Hor egon zitekeen beste
arazoetako bat, zinez politak iruditzen zitzaizkidala bere begiak. Eta bere
ahoa, eta sudurra, eta aurpegia, ilea, ipurdia… Bere osotasun guztian zen
polita Eider. Onartzen dut, behar profesionalak aspalditik egina zien lekua
behar sentimentalei. Ez nekien nola jokatuko zuen berak nire traizioa heltzean…
eta nik, nola jokatuko nuen? Nola hartuko nuen Eiderren begien gorrotoa?
Hasieran kostatu egin
zitzaidan begietara zuzenean begiratzea. Konfiantza falta zen. Bere etxera
agertu ginenean Aitorren bila, ez zuen nire ahotsa entzun, begiak ordea,
arretaz behatu zizkidan buru-estalkiak uzten zuen zirrikitutik. Eta esan
daiteke momentu horretan bertan gelditu nintzela bere liraintasunaz
liluraturik. Etxearen miaketak iraun zuen hiru orduetan nik ez nuen ahorik
ireki nire lankideak etengabeko eleketan aritu ziren bizkitartean, hori
deigarria egin zitzaion agian, eta nire begiei arreta handiagoa eskaini zien.
Poliki-poliki, ez zuela deus
susmatzen ikusi ahala, konfiantza hartuz joan nintzen, erabateko ziurtasuna
eduki arte. Gero ez nintzen mozten, eta lotsagabe begiratzen nion. Eskua sutan
ipintzera ausartuko nintzateke edozein gauza pentsatuko zuela nitaz bere etxea
miatu zuen guardia zibil mutu hura nintzela baino.
Nik hasitako begirada-jokoa
nire kontra bueltatu zen, Eiderrek nire begirada ekiditen zuen bakoitzean
ukituta gelditzen bainintzen. Gero eta maizago bortxatzen nituen gure begiek
talka egin zezaketen egoerak, berarentzat deseroso izateraino kasik, nik uste. Euskaltegian nahikoa ongi eramaten zuen,
klasean hamar bat ginelako, eta Zubi Puntan ere ez zuen bertzelako arazorik,
salbu ostatura sartu eta, turista bat edo beste kenduta, ni bezero ezagun
bakarra nintzenean.
Pic de Mallacanera egin
genuen ateraldia ezberdina izan zen, lau-bortz metro karratuko kanpai-denda
konpartitu baikenuen, eta ez zen esfortzu handirik egin behar bere begi
politekin talka egiteko. Eta uste dut behin baino gehiagotan harrapatu ninduela
begira arropaz aldatzen ari zela, edota lo-zakura sartzen ari zela.
-Badusu rozadura bat hor -esan nion disimulatzeko ipurdira begiratzen
harrapatu ninduen batean.
-Bai,
zerbait nabaritu dut. Bota hauek nahiko berriak dira eta dirudienez erabilera
apur bat falta dute oraindik -erantzun zidan garrantzirik eman gabe. Ni baino
deserosoago zegoela zirudien.
Ai ama! Ai Pilareko
Ama-birjina! Itoitzeko solidarioen kuleroak zeramatzan eta, Mer de RĂªves
haranean ikaragarrizko paisaiak egon arren, Eiderren ipurdiaren irudia baino ez
nuen ikusi begiak itxi nituenean lo egiteko.
Sentsazio kontrajarriak
nituen. Batetik, Eiderrekiko menpekotasuna ari zitzaidalako sortzen eta,
bestetik, dena aurreikusi bezala joaten baldin bazen, bilatzen genuen
Aitorrengana eramanen ninduelako Eiderrek, eta nire traizioa zela medio, bere
betiko gorrotoa baino ez nuen lortuko.
Baina ez zegoen bueltarik,
Aitor ehizatuko nuen, kosta ahala kosta. Lehenago edo beranduago denak erortzen
diren bezala eroriko zen Aitor, nik denbora luzean egindako lanari esker
gainera, eta ziur domina baten bat irabaziko nuela. Erabateko determinazioa
neukan, eta seguru nengoen luze gabe eroriko zela, istorio hau idazten ari dena
bezala. Bai, Little, bai, han edo hemen, baina beti harrapatzen zaituztegu,
Leitzako bigantxa hark harrapatu zintuen bezala.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina