IV
-Dooonde vaaas
Juaniiiiitoo! kantatuko zizun
Evaristok -erran nion Joni bastoiekin abiatzen zela ikusi nuelarik-. Gaur
ezkerreko mendi-mazela maldatsu hori guztia zeharkatu behar dugu; sartu
bastoiak motxilan eta atera pioleta.
Estatistikek diote udan
istripu gehiago izaten direla mendian, baina ibiltzen den jende kopuruari
erreparatzen badiogu, neguko istripuen portzentajea aise altuagoa da. Istripu
gehienak erorketak izaten dira, eta logikoa da hori. Malda elurtu batetik malda
harritsu batetik igotzea baino errazagoa den bezala, erortzea ere aise
errazagoa da malda elurtuan. Eta harrigarria bada ere, istripu anitz motxila
irekitzeko alferkeriagatik izaten dira, hots, igarobide delikatu baina motz edo
txiki batera ailegaturik soka ateratzeko edo bastoiak pioleten truke aldatzeko
alferkeriagatik. Erran iezaiozu gero bere familiari hil egin da amildegian
beheiti erorita, baina oso pasabide motza zen eta ez zuen merezi pioleta
ateratzea.
***
Bigarren egun horretan
nahikotxo kaskartu zen eguraldia eta tarteka-marteka elurra egiten zuen. Haize harrotua
eta fina zebilen eta sentsazio termikoa hotzagoa zen. Egunak aitzinera egin
ahala apur bat goiti egin zuen tenperaturak eta, aurreko egunean gertatu
bezala, elur-jauziak hasi ziren han-hemenka. Gauean bota zuen elurrarekin zein
egunean botatzen zuenarekin egiten zen elur geruza berriak elur-jauzien
arriskua handitzen zuen eta Mer de Rêves harana errusiar erruleta erraldoia
bihurtu zen. Orduan ulertu nuen zergatik zebilen hain jende guti zonalde
horretan neguan. Suerte kontua zen. Naturaren eskuetan geunden, eta bere
kapritxoa izan gintezkeen.
Lurrikarek nahiz tsunamiek
aski frogaturik utzi dute zer guti eta ahulak garen naturaren indarraren
aitzinean. Eta ez soilik arazo estrukturalak eta abar eduki ditzakeen
hirugarren munduan; gure zibilizazio handi honetan, ere bai. Lau orratz finez
harturik dago Mendebaldeko zibilizazio sendoa, eta Islandiako sumendiak
daude hori horrela dela frogatzeko. Eyjafjallajökull sumendia (alajaina izena!)
lehertu zelarik eta bere hodei bolkanikoak ia Europa osoa hartu zuelarik,
adibidez, alimaleko kaosa sortu zen. Erran zutenaren arabera, ezta irailaren
11n New Yorkeko ekintza islamikoak izan zirelarik ere ez omen zen horren kaos
handia sortu. Europako aireko espazio guztia itxi behar izan zuten, milaka
hegaldi bertan beheiti utziz eta milioika lagun aireportuetan blokeaturik
geldituz. Ez eurotan, ez eta lehenagoko (edo etorkizuneko) pezetatan ere, guk
inoiz konprenituko ez ditugun sosa-kopuruko galera ekonomikoak sortu omen
ziren. Eta gutako gehienok ez genekien zehatz-mehatz ezta non zegoen Islandia
ere. Are gutxiago ditxosozko sumendia.
Lehengoan prentsan irakurri
nuen teknologiarekiko menpekotasuna handituz doan heinean ahulagoak bihurtzen
garela, eta erabat ados nago baieztapenarekin. Naturaren kontra bizitzen tematu
gara, eta horrek ezin du bukaera zoriontsurik izan. Guk geuk, errate baterako,
egun hartan, Pic de Mallacanera buruz, elurraren egoera nahiz eguraldia kaskartuz
zihoala ikusirik, gibelera egiteko erabakia hartu behar izan genuen beharbada,
baina aitzinera jarraitu genuen. Gaztetasunagatik edo haraino joan eta gero
buelta egiteak ematen duen nagikeriagatik, noizean behin mendian egiten diren
arduragabekeria horietako bat egin genuen.
Orain irri egiten dugu, baina
Sierra Nevadako Mulhacenera joan ginen bertze aldi batez oroitzen naiz usu. Autoak
hartu eta Iparlara edo Irubelakaskora joanen bagina bezala abiatu ginen.
Mulhacenerako bidean, Veleta mendiko mazelan, sekulako elur eta haize-ekaitza
harrapatu gintuen, eta nik ez nekien ezta kranpoiak paratzen ere! Gainera,
eski-pistaren erdi-erdian geunden eta eskiatzaileak alde guztietatik jausten
ziren ziztu bizian. Nerbioak, haizea, materialaren ezagutza falta, eskuak
hormatuta… ez dakit nola ostia atera ginen handik, baina atera ginen.
Veletako lepoan zegoen aterpe
librera sartu ginen bat-bateko ekaitzetik babesteko, non eta atearen gibelean
erdi hautsita zegoen kartel batean gu gindoazen Mulhacen azpiko aterpea urte
bat lehenago birrindua zutela irakurri genuen txiripaz. Beharrik ekaitza
madarikatu hura, bertzenaz, Mulhaceneko magalera ailegatu eta, aterpearen
faltan, Eroskiko kanpai-denda merkeetan igaro behar izanen genukeen gaua. A ze
txoriburu koadrila!
Arduragabekeria honen
komeriak Joni kontatzen ari nintzela aditu genuen Haibolen oihua.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina