DENA
BERE DENBORAN
Deus
baino lehen, pertsona bat espetxeratzeko egiten den galdetegia egin dit
epaileak: ea eritasunik banuen, alergiarik, ea medikamenturik behar nuen…
Gero,
nire kontrako euro-agindua aztertuko den egunaren zain, ea kalera ala espetxera
igorriko nauen erabakitzeko bistari eman dio hasiera.
MUTU
Prokuradorearekin
lehenik eta epailearekin gero izan dudan solasaldi motzean, nire gibelean egon
dira atxilotu nauten txakur ululariak. Beren harridura aurpegiak sentitu ditut
gabatxoz apur bat moldatzen naizela agerian gelditu delarik.
Toulouse-Seysseseko
espetxerako bidaian ez da lagun arteko aperitiboendako hitzordurik egon. Ulurik ez. Okzitaniako
Pirinio elurtuek eskaintzen zuten bista zoragarriekin gozatu dut.
BIBA
MEXIKO!
Epaile
baten aginduz atxilotu nauten txakurrek espetxera eraman naute bertze epaile
baten aginduz.
-¿Cómo estás, amigo?
-galdetu
dit oihuka eta azentu mexikarrez atean ongietorria eman didan kartzelariak.
Izan ere, euskalduna nintzela errana omen zioten.
BROMA
BAT
Elikadura
osasuntsurako aholkuak McDonal´s batean paratzea broma litzateke. Berdin
McDonal´s horren menua gimnasio bateko aldageletan paratuko bagenu. “Justizia”
hitza epaitegi baten paretan margotzea broma bat litzateke, baita demokrazia
parlamentuan eskatzea ere. Etikaren oinarriak banku batean zerrendatzea broma
bat litzateke. Logikaren oinarriak erlijioen tenpluetan azaltzea broma bat
litzateke. Berdin kristautasunaren printzipioak Vatikanon bilatuko bagenitu.
Toulouse-Seysseeko
espetxeko sarreran Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala dago kartel handi
batean. Prefosta, broma bat da. Txarra gainera.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina