Orriak

2014(e)ko abuztuaren 22(a), ostirala

Erlojuari eraso basapiztiaren sabelean (IV)


DENA BERE DENBORAN

Deus baino lehen, pertsona bat espetxeratzeko egiten den galdetegia egin dit epaileak: ea eritasunik banuen, alergiarik, ea medikamenturik behar nuen…

Gero, nire kontrako euro-agindua aztertuko den egunaren zain, ea kalera ala espetxera igorriko nauen erabakitzeko bistari eman dio hasiera.

 

MUTU

Prokuradorearekin lehenik eta epailearekin gero izan dudan solasaldi motzean, nire gibelean egon dira atxilotu nauten txakur ululariak. Beren harridura aurpegiak sentitu ditut gabatxoz apur bat moldatzen naizela agerian gelditu delarik.

Toulouse-Seysseseko espetxerako bidaian ez da lagun arteko aperitiboendako hitzordurik egon. Ulurik ez. Okzitaniako Pirinio elurtuek eskaintzen zuten bista zoragarriekin gozatu dut.

 

BIBA MEXIKO!

Epaile baten aginduz atxilotu nauten txakurrek espetxera eraman naute bertze epaile baten aginduz.

-¿Cómo estás, amigo? -galdetu dit oihuka eta azentu mexikarrez atean ongietorria eman didan kartzelariak. Izan ere, euskalduna nintzela errana omen zioten.

 

BROMA BAT

Elikadura osasuntsurako aholkuak McDonal´s batean paratzea broma litzateke. Berdin McDonal´s horren menua gimnasio bateko aldageletan paratuko bagenu. “Justizia” hitza epaitegi baten paretan margotzea broma bat litzateke, baita demokrazia parlamentuan eskatzea ere. Etikaren oinarriak banku batean zerrendatzea broma bat litzateke. Logikaren oinarriak erlijioen tenpluetan azaltzea broma bat litzateke. Berdin kristautasunaren printzipioak Vatikanon bilatuko bagenitu.

Toulouse-Seysseeko espetxeko sarreran Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala dago kartel handi batean. Prefosta, broma bat da. Txarra gainera.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina