XXVII
Gertatutako guztia ezin
sinetsiz zaude. Gehiegi da. Gustura zeunden, sobera buruhausterik gabe. Egunero
sabela betetzea zen akaso zure kezka, kezkaren bat edukitzekotan. Inori
enbarazu egin gabe, xume, horretan ari zinen, gustura. Bat-batean, alimaleko
eskua amildu zen zure gainera, eta atzamar erraldoia zure bila hasi zen. Birritan
pentsatu gabe, ihesean atera zinen. Mundua galtzerdi zikin handi bat da, eta zu
galtzerdi horretan bizi den kukuso bat zara. Kukuso bat baino ez.
Gehiegi da. Gertatutako guztia ezin sinetsiz zaude. Urrats batzuk eman eta itsasoan sartzen dituzu oinak, harea fin eta beroaren hondartza freskatzen duen itsaso epelean. Zerumugan iltzatu dituzu begiak, pentsakor.
Gehiegi da. Erotzeko
modukoa.
Burua berriz apaldu eta eskuetan
dituzun argazkiak errepasatzeari ekin diozu, harri eta zur. Pic de Mallacaneko
ateraldiaren argazkiak dira, Mer de Rêves haranekoak. Jon identifikatzen
ahalegintzen zara, baina gezurra dirudien arren, aurpegia ez zaio ezta argazki
bakar batean ere ikusten. Batean erdi jiraturik ageri da, bertzean lurrera
begira, bertze batean besoarekin estaltzen du mugimendu inuzentean, bertze
batean bizkarrez… Horrela argazki guzti-guztietan. Urde kabroia pentsatzen
duzu.
Begiak itxi eta Arnedilloko
ilunabar hura gogoratzen saiatzen zara. Deus ez, ez duzu Joni aurpegirik
paratzea lortzen. Zenbat jendek galdetu dit ordua bizitza osoan? galdetzen
diozu zure buruari. Ezin zara guztiez oroitu, ezinezkoa da.
Torturatzaileari aurpegia
paratu nahian zure bila etorri zirenekoaz akordatzen zara, eta Eider
irudikatzen duzu etxean, zure Eider, zure etxean, aurpegirik ez
duen horrekin eta horrelako bertze hainbertze basapiztiaz inguraturik. Etxea
hankaz gora irudikatzen duzu, baita Eider izularritu bat ere.
Momentuan zure etxean
gertatzen ari zenaz ez zinen enteratu, baina irratiak hurrengo goizean kontatu
zizun. Etxea armaz profanaturik imajinatzean, amorrua sentitu zenuen, beldurra,
ezintasuna, ikara… Irratia piztu ez izana desiratu zenuen.
Ondoren, ohikoa bihurtu den
zirkua etorri zen eta, ohartu orduko, terrorista bilatuenen zerrenda gizendu
zuen zure argazkiak. Kukuso zozo bat izatetik terrorista zinez arriskutsua
izatera pasatu zinen gauetik egunera, eta telebista eta periodiko gehienetan
agertu zinen, alai, irribarretsu, argazkiko zu hori egoeraren larritasunaz
jabetuko ez bailitzan.
Gero kontatu zizuten zure
inguruko baten bat harritu egin zela Diario de Noticiasek Diario de
Navarrak bezala jokatu zuelako, torturatzaileen labe makabroan egositako
pastelari kosk eginez, baina zu ez zinen batere harritu. Erdiz-en egin nahi
zuten harrobiaz edota herri mugimenduaren kontrako jarrera oldarkorraz akordatu
zinen, eta periodiko horrek horrelako rolak jokatu dituela beti pentsatu
zenuen, nahiz eta irudi euskaltzaleagoa duen.
Nonbait irakurri duzu ETA
erakundeak Espainiako gobernuarekin Oslon zein Genevan sinatu akordioak
prentsara filtratzea erabaki omen zuela, gobernuak ez zituelako betetzen, eta Diario
de Noticiasen bitartez egitea pentsatu zuela. Notizia argitaratu baino lehen,
hiru bide ezberdinetatik ahalegindu zen periodikoa informazioa kontrastatzen:
PNVri galdetuz, Batasunako kideren batekin solastatuz eta Madrilgo
gobernuarekin hari zuzena omen zeukan El Pais egunkariko kazetari
batekin egonez.
Zu ez-dakit-zein komandotako
kide zinela baita ez-dakit-non eta ez-dakit-norekin zeundela ere argitaratzeko
non ostia kontrastatu ote zuten galdetzen diozu zure buruari. Inon ez erantzuten
diozu zure buruari, kazetari-polizia edo polizia-kazetari batek kuartelean
erredaktatu eta bero-beroa zetorren informazioa horrela argitaratu, ez dute
bertzerik egin.
Gaitz erdi pentsatu zenuen,
zure inguruko horrek (edo horiek) argiago ikusiko zuelako dena beharbada, hots,
Diario de Navarra otsoa dela eta Diario de Noticias… ere bai,
hanka irinean sartuta bada ere.
Gero ospa egitearen erabakia
etorri zen, zinez zailak diren erabaki horietakoa. Eider, familia, lagunak…
den-dena gibelean utzi eta abiatu, Erratzura noiz itzuliko zaren galderaren
itzal mehatxaria buruan jira-biraka. Ahopeka, ohartu gabe, Sarriren olerkia
errepikatzeari ekin zenion, tai gabe, xuxurlan, nekez uzten du bere
sorterria sustraiak han dituenak, nekez uzten du lurra zuhaitzak ez bada
abaildu eta oholetan. Ez du niniak begia uzten ez bada erori edo arrubioen
mokoetan. Nekez uzten du gesalak itsasoa, ez harea harriak basamortua. Ez du
liliak udaberria uzten, ez elurrak zuritasuna. Bere sorterria nekez uzten du
sustraiak han dituenak.
Pic de Mallacaneko argazkiak ikusten
dituzu berriro, Jon madarikatuari erreparatu gabe oraingoan. Eider, Haibol,
Karmelo… hor daude hirurak, zein baino zein hoztuago. Pozik dirudite, hala ere.
Malko bat joan zaizu ihesi aurpegian beheiti, eta Fideli berriki entzundako
Martí-ren esaldi batek indarra ematen dizu, un principio justo desde el
fondo de una cueva puede más que un ejército, eta irri ttiki bat marraztu
da zure aurpegian, malkoari bidea moztuz.
Gibeletik norbait hurbiltzen
zaizu.
-Aitor, nik garagardo bat
eskatu behar diat, eta hik?
Zalantza egiten duzu segundo
batez.
-Nik mojito.
Begiekin segitzen diezu
Eiderren urratsei barraraino.
Argazkiak eskuetan, oinak ur
epeletan sarturik, bortizki kolpatzen zaitu eguzki gupidagabeak. Mojito
gehiegi edan zenuen atzo La bodeguita del medio-n, hala ere, bertze bat
eskatu duzu. ZP etortzen zaizu gogora, Zubi Punta ostatua, alegia, Baztango
bodeguita del medio izan litekeena, eta hango mojito bestaz gogoratzen
zara, Joxe Ripiau jotzen hasi eta agertokia beheiti etorri zenekoa.
Habanako bodeguita ospetsua
egin zen Ernest Hemingway bertan mozkortzen zelako, mojitoz asetzen zelako,
baina ez da hainbertzerako pentsatu zenuen ikusi zenuenean. Zubi
Puntak ere badauka bere glamourra. Hemingway eta guzti zegoela gogoratzen
duzu irribarretxo batekin, horrela deitzen baitzioten Patzikuri bestetan
jotzera etortzen ziren Bizkargain fanfarrekoek. Hortik aparte, bazegoen glamur
gehiago, eta maiz etortzen zen Mikel Laboaz oroitzean tristatu egiten zara
berriro. Berri txar hura ere irratiak eman zizun, eta pintorearena, eta…
Bat-batean, ez duzula irratia gehiago piztuko zin egiten diozu zure buruari, ez
etxera itzuli artio bederen, ez La bodeguita del puente-ra itzuli artio.
“Hoy quiero estar cerca de la
casa y el árbol” kantatzen zuen Silvio Rodriguezek bere nerabe denborak
herriminez gogoraturik, eta zuk ere gauza bera eskatzen diozu zure oinak
bustitzen dituen itsaso epelari. Etxe, zuhaitz, baso eta mendi haiek
gogoratzean, gauero zure urruntasuna laburtzeko entzuten duzun Zubi Puntako
disko mitikoa etortzen zaizu ezpainetara, eta xuxurlatzen hasten zara…
Yo soy de un pueblo pequeño, pequeño como un
gorrión
con medio siglo de sueños, de vergüenza y de valor.
Yo soy de un pueblo sencillo, como la palabra Juan
como el amor que te entrego, como el amor que me
dan
Yo soy de un pueblo nacido entre fusil y cantar
que de tanto haber sufrido tiene mucho que enseñar.
Hermano de tantos pueblos que han querido separar
porque saben que aun pequeños, juntos somos un
volcán.
Yo soy de un pueblo que es poeta y sus versos
escribió
en los muros y en las puertas con sangre, rabia y
amor
Yo soy de un pueblo orgulloso, con mil batallas
perdidas
soy de un pueblo victorioso que aun le duelen las
heridas
Yo soy de un pueblo reciente, pero antiguo su dolor
analfabeta mi gente, medio siglo en rebelión
Yo soy el pueblo que un niño en Niquinohomo soñó
Soy del pueblo de Sandino y Benjamín Zeledón
Yo soy de un pueblo sencillo, fraterno y amigo que
siembra y defiende…
su revolución...
Herria… Etxea… Sustraiak…
Begiak ixten dituzu malkoak kontu nahian, etxetik banatzen zaituen itsasoa
gehiago ez betetzeko, baina alferrik da. Malkoek irrist egiten dute eta zure
minak are gaziagoa bilakatzen du itsasoa. Dirudienez, luze joanen da afera,
baina ez duzula etsiko erraten diozu zure buruari behin eta berriz. Egunen
batean, denbora tarte honetan amestutako guztia gauzatuko duzula seguru zaude,
horrela sentitzen duzu, horrela pentsatu nahi duzu, eta horrek ematen dizu
behar duzun indar guztia aitzinera egiteko. “Etsipena eta ezkortasuna luxuak
dira guretzat, eta ez dagozkigu guri” idatzi zion Jokin Gorostidik Itziar
Aizpururi hainbat espetxetan giltzapeturik zeudela eta Jokini bi heriotza zigor
ezarri zizkiotela. Leku guztietan bilatzen duzu behar duzun indarra, eta
ez dugu etsiko pentsatzen duzu berriz zure baitan, inolaz ere.
Pentsakor gelditzen zara olatuen
joan-etorriari behatuz. Herriminak azkar jotzen zaitu eta sustraiak han
dituzula seguru zaude. Erratzu, Baztan, Euskal Herria… Eider, Haibol, Karmelo…
Ez duzu zure burua bertze inon irudikatzen, sustraiak han dituzu, eta seguru
zaude. Hala ere, zaila da zalantza eta kezkei izkin egitea, eta zer-nolako
etorkizuna duzun zain galdetzen diozu zure buruari. Espetxean, egutegiari
irabazitako egun bakoitzak askatasunera hurbiltzen zaitu, etxera hurbildu ere.
Ihesean, askatasunean, egutegiari irabazitako egun bakoitza sasi-garaipena
baino ez da, urrundu egiten zaituelako etxetik nolabait. Zenbat eta egun
gehiago askatasunean orduan eta urrunago zaude etxetik.
Gauean, ilargiari begiratuko
diozu, ihes egin zenuenetik gauero egin duzun bezala, eta ozeanoaren bertze
aldean daudenen goraintziak, besarkadak eta muxuak sentituko dituzu, ilargi
hori bera baita beraiek ikusten dutena. Eta horrela beharko du izan etxera
itzuli bitartean.
Etxea. Herria.
Zure burua etxean eta herrian
irudikatzeak gorputza aldez alde zeharkatzen zaituen hotzikara eragiten dizu.
Bat-batean, hotzak zaude.
Hotz.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina