XXVI
-Hi Haibol, besarkatu behar
haut, ados? -erran zidan Eiderrek.
-Ados -erantzun nion.
Egia errateko, alimaleko
hotza egiten zuen, eta haizea ufaka ari zen eten gabe. Bikotea (edo
anai-arrebak zehazkiago) bagina bezala besarkaturik ahalegindu ginen lo hartzen
Eider eta biok.
Jada ez nekien zenbat egun generaman mendian, arropa berarekin, dutxatu gabe, tarteka izerdi patsetan hotza egin arren, eta hala ere, Eiderren ileak usain goxoa zeukan. Edo hala iruditu zitzaidan, bederen. Mendi haietatik ateratzean eginen nituen lehenengo gauzak erabiltzen zuen xanpuaz galdetu eta horren bote bat erostea izanen zirela pentsatu nuen. Orain, hotzean eta denboran urrun ikusita, burutazio apur bat absurdua iruditzen zait, baina tira, egun haietan gertatu zen ia guztiak izan zuen absurdutik pixka bat.
Haizeak amildu eta motxilak
nahiz materiala galdu genuelarik, abiatzea erabaki genuen, egoerak hala
bortxaturik. Glaziarra zeharkatzean, berehala ohartu ginen egunak
aitzina egin ahala, elur-jauziak arazo handia bilakatuko zirela, eta hala izan
zen.
Lehenbiziko elur-jauzi txiki
batek Jon harrapatu zuen. Deus ez, abisu txiki bat izan zen, bertzerik
gabe. Bigarren elur-jauzia izan zen arazoa. Zeharkatzen ari ginen magala
beherantz irristatuz hasi zen eta, konturatu orduko, lurrean geunden laurok.
Elur-jauziak Jon eta Karmelo harrapatu zituen bete-betean, hau da, sokadaren
erdialdea. Eider, azkena zihoala, erdizka harrapatu zuen, osorik elurrez
estaltzera ailegatu gabe. Ni, sokadan lehena, erabat libratu nintzen. Hori bai,
elkar lotuta gindoazenez, metro bakan batzuk egin nituen beheiti lurretik
iraulita elur-jauziak soka-kideak herrestan eramaten zituen bizkitartean.
Logikoa denez, bertze
soka-kideak bilatzea izan zen nire lehenbiziko erreakzioa, nahiz eta urduri
samar nengoen. Berehala ikusi nuen Eiderrek ez zuela laguntzaren beharrik, eta
ongi zegoela ematen zuen. Gainera, sokadaren azkena zen, ni lehena, beraz,
nahikoa urrun neukan. Jonen eta Karmeloren arrastorik ez zegoen, ordea.
Elur-jauzien kontrako motxila berriaz gogoratu nintzen.
-Urde pijoa! -errana zidan
behin Karmelok ostatuan komentatu niolarik airbag sistema modukoa zela motxila
haiena, elur-jauzia gainera etortzen zaizunean eragiten badiozu elur-jauziaren
gaineko aldean mantentzen zaituela, eta kasuen ehuneko laurogeita hamazortzian
funtzionatzen omen zuela. Beharbada ez zela ideia txarra errana nion, prezioak
begiratzea bederen. Karmelo nitaz trufatu zen.
Tira, ez zegoen bueltarik,
han ginen, elur-jauzi baten erdian eta horrelako motxilarik gabe. Beraz, Jon
eta Karmelo bilatzeari ekin nion denbora gehiago galdu gabe. Nire arnesetik
ateratzen zen soka gidatzat hartu nuen, eta Jon egon zitekeen aldera ailegatu
nintzen. Eskuan bildurik nituen sokaren metroak kontuan hartuta, hortxe bertan
egon behar zuela iruditu zitzaidan, eta pioletaren laguntzarekin hasieran eta
eskuekin gero, elurretan zulatzeari ekin nion.
Jon aurkitu nuelarik,
lokarturik bezala zegoen, baina kontziente eta begiak irekita. Gorputz atalak
ez zituen mugitzen. Ez naiz oroitzen zer erraten nion zehazki, baina lasaitzeko
zer edo zer izanen zen, edo animoak… horrelako zerbait. Besoetatik heldu eta
ahaleginak eta bi egin nituen elur azpitik ateratzeko. Horretan ari nintzela,
arropa zenbait galdu zuen, eta kanporago zegoenean, hobeto heldu nion, besoen
azpitik. Soinetik hartu eta goazen! egin nuen oihu hortz artean, indarka.
Orduan, kamiseta goititu nion nahi gabe, eta pipa ikusi nion. Flipaturik geratu
nintzen, nire begiek ikusten zutena ezin sinetsiz. Segundo pare bat geroago,
Jon inmobilizatu nahian ikusi nuen nire burua, lepotik harturik. Ez dakit
zertaz egin nuen hori, ezta zer zen egin nahi nuena ere zehazki, baina senak
horrela jokatzera bulkatu ninduen. Zerbaitek erraten zidan zer edo zer
egin behar nuela, eta kosta ahala kosta atxiki behar nuela Jon, ihes egin ez
zezan.
Borrokan hasi ginen.
Bera ni baino indartsuagoa
zen, eta bistan denez, entrenaturik zegoen horrelako gorputz-enfrentamenduetan.
Hala eta ere, nahiko larri ikusi zuen bere burua, eta horrelakoetan maiz
gertatu bezala, errazena egin zuen: Pipa atera eta, birritan pentsatu gabe,
tiro egin zidan.
Elurretara erori nintzelarik,
ospa egiten zuela ikusi nuen. Lehenengo momentu hartan bala-zauriak baino min
gehiago eman zidan Jon urruntzen ikusteak, eta amorrua sentitu nuen.
Ezker hankako izterrean nuen
zauria eta berehala hasi zitzaidan odola ateratzen, zorrotadaka. Jonen
ihesaldiaz zeharo atzendu eta ikara sentitu nuen, sentitu nuenez. Gorriz
tindatutako eremu zuri hartatik ez nintzela aterako pentsatu nuen, ez nuela
ezta Eiderri xanpuaren izena galdetzeko aukerarik ere izanen, bizitzaren ironia
bailitzan. Are gutxiago xanpua erosi eta erabiltzeko aukerarik, doike. Hiltzen
ari nintzen eta bazirudien nire kezkarik handiena zela nire ileak ez zuela
sekula izanen Eiderren ilearen usain goxoa.
Jon madarikatua, Jon
madarikatua errepikatzen nuen nire
baitan behin eta berriz izterreko zauria presionatzen nuen bizkitartean.
-Holakoetan hori egin behar
da? -galdetu zidan Eiderrek harritu ninduen lasaitasunaz.
-Ez zekinat, pelikuletan hala
egiten diten, ez?
Eta funtzionatu zuen nonbait,
gero eta odol gutxiago ateratzen baitzen. Arropa eta oihal batzuekin zauriaren
odol jarioa guti goiti-beheiti kontrolatu genuelarik, gure egoeraren gainean
hausnartu genuen.
Mundua gainera erori
zitzaigun.
Ez genekien
zehatz-mehatz non geunden, leku guztietatik urrun samar seguru aski eta ni,
egoera horretan egonik, ez nengoen ibilbide luzetarako.
-Nirea motxilarekin batera
galdu dun -erantzun nion Eiderri larrialdi zerbitzuetara deitu behar genuela
proposatu zuelarik.
-Nik badaukat -erran zuen
Karmelok elurretan belauniko bere motxila barneko gauzak nahasten zituela. Bere
telefono mugikorra atera zuen-. Kaka zaharra, ez dago estaldurarik!
-Ez dik inporta,
larrialdietakoak satelite bidezko deiak dituk.
Nahiz eta asotsak aditzen ziren,
nahiz eta ahul entzuten zen, nahiz eta frantsesez ez jakin, eta nahiz eta deia
tarteka mozten zen, larrialdietakoek errandakoa ulertu egin genuen guti
goiti-beheiti, edo horrela uste izan genuen. Eguraldi petrala zela medio,
helikopteroa ezin zen nire GPSak markatzen zituen koordenadetaraino hurbildu,
eta elurraren egoera zein distantzia ikusirik, nekez ailegatuko zen erreskate
taldea guregana, ez hamabi bat ordu baino lehenago, bederen. Beraz, Chemins
sans Fin parajeraino ahal ginen moduan jaistea proposatu ziguten, Prexinar
mendiaren magalean, eta arratsalde horretarako iragarpenek erraten zuten
bezala, eguraldiak apur bat hobera egiten bazuen, helikopteroa haraino
hurbilduko zen.
Baietz erantzun genien,
jakina, ez baikenuen bertze aukera hoberik. Baldintza haietan ezin genuen deus
ziurtatu, eta gerta zitekeen helikopteroa gu baino lehenago ailegatzea
hitzartutako tokira. Horrelakorik gertatuz gero, inguruetan bilatzeko erran
genien.
Ea ze zauri mota zen eta
istripuaren arrazoia galdetu zigutenean, izterrean iltzatutako pioleta erran
genien, komunikazio arazo haiekin bertsiorik errazena iruditu zitzaigulako.
Zalantzarik gabe, bertaratutakoan berehala konturatuko ziren gezurra zela,
baina aurrerago dena argitzeko denbora izanen zela pentsatu genuen.
Helikopteroarekin
hitzartutako lekurantz abiatu ginen.
Eider soka-buru paratu zen,
bidea irekitzen. Bere gibelean, Karmelok nirekin kargatu zuen, ibiltzen
laguntzeko, eta aurrera egiten hasi ginen. Hasieran, Jonen aztarnetatik joan
ginen, baina gero, helikopteroa ailegatuko zen Chemins sans Finera joateko,
desbideratu behar genuela agindu zion Karmelok Eiderri.
-Aupa hi, Karmelito -erran
nion sorbaldatik harturik ninderamala-. Badakik non den lekua?
-Zehatz-mehatz ez, baina tira,
Prexinar mendiaren magalean bada, imajina zezakeat guti goiti-beheiti. Eta hi
isil hadi, haraino ailegatzeko hire indar guzti-guztiak beharko dituk
eta.
Elur-jauziek han-hemenka
jarraitu zuten, eten gabe, baina zaurituak errespetatuz, gerretan bezala.
Pauso bakoitzean ziztada
mingarri bat sentitzen nuen, eta mina areagotuz zihoan uneoro. Energia edo
indarra galdu ahala, min eta hotz gehiago neukan. Arras ahul sumatzen nuen nire
burua, eta behin edo bitan zorabiatzekotan egon nintzen. Karmelok sekulako lana
egin zuen; batetik, nondik joan behar genuen erraten baitzion Eiderri eta, bertzetik,
gero eta zama astunagoa nintzen, ni zutik mantendu eta ibiltzen laguntzeaz
gain, esna ere mantentzen ninduelako.
Hotza, muturreko hotza. Mina
eta hotza, muturrekoa. Nekea, mina eta muturreko hotza, ez dut gehiago
gogoratzen, eta hurrengo oroitzapena ospitalekoa da, zuzenean. Ez
helikopterorik, ez ezer. Begiak ireki eta Eider eta Karmelo ikusi nituen, begi
bustiekin. Zabalduz zihoakien irri hunkigarri batez agurtu zuten nire
iratzartzea.
-Biba hi, Haibol! -erran zuten biek batera. Gero,
Karmelok jarraitu zuen hitz egiten- Zakurrak egon dituk, guri dagoeneko
galdeketa txiki bat egin zigutek, eta orain hirekin egon nahi ditek.
Ederki pentsatu nuen, segaren andereƱoaren besoetatik itzuli
eta eginen dudan lehenengo gauza zakur frantsesekin solastatzea izanen duk.
Ederki.
-Tira bada, zenbat
eta lehenago hasi, orduan eta lehenago akituko diagu.
Ze hipokritak erran nuen nire
baitan zakurrek bere lana bukatu zutelarik, zer gertatu den eta Jon benetan nor
ote den jakin nahi badute, aski ditek Madrilen galdetzea, eta ez niri.
Jendarmeak joan zirelarik, Eider eta Karmelo sartu ziren berriro nire gelara,
eta Eiderrek berri txarra eman zidan:
-Furgoneta falta duk.
-Zer?
-Hire furgoneta, falta dela.
-Bateko Urrea? Urde kabroia!
Giltza hobe ezkutatu behar
nuela pentsatu nuelarik, ez nuen pentsatu nire soka-kideengandik ere ezkutatu
behar nuenik. Jon madarikatua erran nuen berriro ere. Hasieran, Erratzun agertu
zelarik, memelo itxura hartua nion, eta gorputz gihartsuaren gibelean zozo bat
zegoela iruditu zitzaidan. Bistan zegoen ezetz. A ze intuizioa nirea! Zubi
Puntako zerbitzariak euskaraz erraniko prezioa ulertzen ez zuelako beti billete
handiekin ordaintzen zuen alproja horren gibelean putakume bat zegoen, bai
horixe, putakume galanta.
-Sokadako kide bat falta
genuela erran behar izan genien larrialdikoei; horrela, bilatu eta
identifikatuko zuten -bururatu zitzaion Karmelori.
-Bai, konspirazio
handietarako geunden goiti horretan -erantzun zion Eiderrek-. Ez dizut gogoratu
beharko Haibol gaizoa odolusten ari zitzaigula, ez? Gainera, zer uste duzu,
jendarmeek ez zutela babestuko?
-Tira, jada ez dago
bueltarik.
Egin beharreko hurrengo gauza
Erratzura deitzea izan behar zuela erabaki genuen, eta horra hor hondar
ezustea.
-Zubi Puntan diote Erratzu
pikoletoz betea dagoela.
-Naski Jonek gertatutakoaz
ohartarazi ziok Guardia Zibilari eta… bera babestu nahi ditek.
-Edo bere pisua husten hasi,
auskalo.
-Nire Bateko Urre gaizoa
zakur baten eskuetan eta Erratzu pikoletoz betea, ederki gaudek.
-Bueno hi, dena ez duk txarra
izan behar, zerbitzariak telefonoa hartu duelarik, arras ahots alaiaz erantzun
dik; beraz, seguru nagok Realak irabazi egin duela.
-Gaitz erdi.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina