XXII
-Mugikorra piztua duk Haibol
-erran nion Karlosi umoretsu gure lo-zaku hibridoaren barruan mugitu eta bere
goizeko erekzioa nabaritu nuelarik. Keinu lotsatu batez erantzun zidan.
-Nik prestatuko dinat gosaria
-proposatu zuen gaia aldatu nahian-. Te gozoa prestatuko dizuet.
-Tea? -erran nion isekari- Ur
zikin eta funsgabe hori?
Lehen, horrela erraten zion
berak infusio orori, ur zikin funsgabea. Ostatuan beti zirikatzen ninduen
menta-poleoa edo tea eskatzen nuen aldiro eta, orain, konturatu gabe, te bat
edo bertze hartzen zuen berak noizbehinka, eta mendian zer erranik ez, mendian
maiz hartzen zuen, beti ez errateagatik.
Horrelako gauzen inguruan
arras mesfidatia zen Karlos. Nekazaritza ekologikoa, errate baterako, iruzurra
zela erraten zuen, hots, gehiago saltzeko aitzakia bat, edota marketin kanpaina
bat. Kontrakoan konbentzitzen ahalegindu nintzen batean bere etxeko zerriak ere
ekologikoak zirela erran zuen, kooperatibako pentsua baino ez zutela jaten.
-Hor zegok gakoa Haibol,
pentsu horrek izan ditzakeen osagaietan. Edo zer uste duk, ez-ekologikoa
izateko, zabor nuklearra jan behar dutela?
-Horiek alukeriak ditun.
Gainera, ekologikoa zer da, ez loditzeko, ez? Bada, falta zena, loditu behar
diren zerriak ez loditzea.
-Urde astapitoa! Ekologikoak
sanoa erran nahi dik, osagai zikinik gabea.
-Bada, etxeko zerriak baino
naturalagorik, erranen didan!
Karlosek topiko eta uste
ustel guztiak zerrendatzen zituen, bata bertzearen gibeletik. Naturalak
naturala erran nahi du, eta ez sanoa. Naturala den orok ez du zertaz sanoa
izan; bertzenaz, begira ziza eta onddo haluzinogeno guztiak.
-Ba al da ongarria baino
naturalagorik? -erran nion zirikatzeko- Eta ongarria jatea ez duk batere sanoa,
ez duk uste?
Aitzineko negoziazio
prozesuaren enbrioia Elgoibarko Txillarre baserrian sortu omen zen, nekazaritza
ekologikoa praktikatzen urte andana zeraman baserrian. Otegik, Egigurenek eta
enparauek, Txillarren egindako bilera eta afari sekretuetan, bertako produktu
ekologikoak jaten omen zituzten, baita tarteka produktu ekologikoz betetako
poltsak etxera eraman ere. Gero, prozesuak aitzina (edo gibelera) egin ahala,
Geneva eta Oslora eraman ziren negoziazioak, eta Loiolara, eta Genevara berriz,
eta… eta dena pikutara joan zen. Beharbada negoziatzeko tokiak aldatu behar
izan zituzten arrazoi ezberdinengatik; baina, nire irudiko, negoziazio
prozesuaren akatsik handiena negoziatzaileen dieta aldatzea izan zen. Ezin da
jakin, baina negoziatzaileek Txillare baserriko dieta ekologikoa mantendu izan
balute, bertze leku batean egonen ginateke agian.
Eta Aitor etxean egonen
litzateke beharbada.
Bueno, geroak erranen du.
Hala ere, batzuetan noren eskuetan dagoen gure etorkizuna pentsatzeak beldurra
ematen du. Imanol Murua kazetariaren Loiolako hegiak liburuan irakur
daitekeenaren arabera, negoziatzaileren baten telefonoko dei batean eliz
ondoan edo eliz ondoko ez-dakit-zer entzun omen zuten estatuko
zerbitzu sekretuetako kideek, eta egun gutitan negoziazio sekretuak Elizondon
egiten ari zirela argitaratu zuen periodiko batek. Berri faltsu horren harira,
Elizondo goiti Elizondo beheiti aritu ziren komentatzen Loiolan zeuden
negoziatzaileen artean, eta Adolfo Aresek aitortu omen zuen ez zekiela non
dagoen Elizondo. Hori marka! Euskal Herriko nolako ezagupena zuten han
negoziatzen ari zirenak? Nola negozia daiteke lurraldetasunaz, adibidez,
Elizondo non dagoen ez dakien batekin?
Tristea bada ere, holako
politikari merkeen eskuetan egoten da gure etorkizuna usu. Aresek ez zekien non
dagoen Elizondo, are gutxiago jakinen zuen non dagoen Erratzu, beraz, baina
haien arteko negoziazioen porrotaren ondorioak Erratzuraino ailegatu ziren, eta
Aitorrek hanka egin behar izan zuen.
***
Eguraldiak ezusteko handiena
eman zigun berriro ere, onerako, kasu honetan. Bortz eguneko atzerapenarekin
baina bete egin ziren eguraldi-iragarpenak. Berandu, beraz, Baztango orduan.
Gero eta zalantza gutxiago
neukan Jonen begiradan ikusten nuenaren inguruan. Dagoeneko ez nuen ez
adiskidetasunik, ez misteriorik, ez eta erakarpen sexualik ere ikusten.
Gorrototik hurbil zegoen zerbait antzematen nuen.
Bigarren abiatu nintzen
sokadan, ezkutuko beldurren artean.
Pirinioek oparitu zizkiguten
bistekin berehala desagertu ziren nire buruko mamu guztiak; izan ere,
liluragarria izan zen Les Enfants du Ciel parajeak eskaini ziguna. Hori
edertasuna!
Klik! Klik! Klik! Klik! Klik!
Egunen batean Aitorri
erakutsiko nion argazki andana atera nuen eta, animoso, mendebaldeko kaskorako
hondar luzeei ekin genien.
Pic de Mallacaneko kasko
nagusira ailegatu nintzelarik, han zegoen Karmelo, besoak goratuta eta pozaren
pozez. Esfortzuak eta sufrimenduak merezi izan zutela zioen aurpegiarekin.
-Elurretako hartza dirudizu.
-Elurretako hartza? Hori
existitzen da?
-Bai, eta Pic de Mallacaneko
kaskoan dago. Ispilurik nahi?
-Bueno, hobe elurretako
hartza Orabideakoa baino, ezta?
-Bai, Orabideako hartza baino
itxura apur bat hobea daukazu -zirikatu nuen.
Karmelo, berez, handia zen,
kankailua, eta arropa horrekin guztiarekin, kranpoiekin, piolet eta
motxilarekin, izugarrizko irudia osatzen zuen Pic de Mallacaneno kasko garbian.
Yetia zirudien, edo neuk asmatutako elurretako hartza.
Hartz bat nolakoa zen ia ez
nekiela konturatu nintzen. Behin, txikitan, Elizondora etorritako zirkuan
ikusia nuen hartz bat, baina lehenengo begiratuan halako pena eman zidan ezen
ez nion gehiago begiratu. Hala ere, Val d’Aranen turisten gozamenerako errepide
ondoan dagoen kaiola txikiko hartzek baino pena gutxiago eman zidan zirkukoak.
Hark, bederen, munduan barna bidaiatzeko aukera zeukan.
Pic de Mallacaneko gailurra
zapaltzean, txiki sentitu nintzen, nahiz eta mundua nire oinen azpian
ikusi. Zer guti garen handitasun honen parean! pentsatu nuen. Munduak
toki lasaia zirudien gain hartatik begiraturik, eta ez zuen ematen beheiti
horretan gerrarik egoten zenik, bortxaketarik gertatzen zirenik, edota
torturatzen zenik. Talaia horretatik ikusita, ez zuen ematen Afganistanen edo
Iraken jendea hamarnaka hiltzen zenik, edo Palestinan milaka, edota indigenak
hamar milaka. Ez zuen ematen, ez. Alimaleko hotza egiten zuen gain hartan,
baina gorputzak ez jaisteko eskatzen zidan, beheitiko mundu ero horretan ez
zegoela gauza onik errepikatzen zidan behin eta berriz.
Jaitsi eta aldatuko nuela
erabaki nuen. Zoritxarrez, jakin banekien mundu horretan ez zituela gerrak
irabazten eskola gehien eraikitzen zituenak, baizik eta analfabetoak gehien
armatzen zituenak; baina nik, guk, emakumeok, bertze mundu bat eraikiko genuen
kosta ahala kosta, justua eta askea.
Mundua erabat
bertzelakoa izanen litzateke emakumeok aginduko bagenu, ez dut inolako
zalantzarik. Eta ez dut ezberdina erran nahi, hobea baizik. Begira, hori izan liteke
arazo anitz konpontzeko formula, dieta ekologikoa duten emakumeak kargu
erabakigarrietan paratzea, eta batek daki!
Mundua konpontzera ala ez,
Free Leonard Peltier gerrako oihua bota eta beherantz jo genuen. Ohartu
gabe, gauzak ezin gehiago okertzen hasi ziren.
Egokia zirudien bidea aurkitu
genuen, baina tranpa batean erori izan bagina bezala egin zigun eraso haizeak.
Eslampar ertza nabala-xafla zen, eta haizeak ez baduzue ipar aldeko
amildegitik beheiti erori nahi, nabala-ahoan ebaki beharko duzue erran
zigun. Horrela egin genuen, gorputza ahalik eta gehien elurretara hurbilduz.
Nola edo hala, handik ateratzea erdietsi genuen, baina egoerak ez zuen hobera
jo. Haizearekin batera, aitzineko egunetako neke guztia etorri zitzaigun
gainera, mila tonako harritzar baten antzera.
Chanson Triste d’Irina
glaziarreko bidearekin asmatzea omen zen gakoa Karmeloren erranetan, eta
zirudienez, ez genuen asmatu. Ezta hurbildu ere.
Izotz plaka solte batzuk
zeharkatu genituen, arras modu traketsean nire ustez, segurtasun neurri
berezirik hartu gabe. Gero, mina-zelaia zirudien harri solteko leku batetik
igaro ginen, glaziar madarikaturako bidea aurkitu nahian. Alferrik.
Bibaka egiteko oso aproposa
omen zen eta inguruetan omen zegoen tokia bilatzeari ekin genion, gainean
geneukan gaua bertan pasatzeko asmoarekin, baina toki horren seinalerik ez
genuen aurkitu.
-Hemen nonbait behar du izan
-zioen Karmelok behin eta berriz.
Ilun zegoen jada, haizeak ez
zigun tregoarik ematen, eta izugarrizko hotza egiten zuen.
Beherantz jarraitzea erabaki
genuen eztabaida motz baten ondoren, balizko bibaka bilatzen denbora gehiago
galdu gabe. Laurok lerroan, leher eginik eta frontalen argi ahulen
laguntzarekin, aurrera egiten genuen emeki, norantz gindoazen jakin gabe, pentsatu
gabe. Robotak ginen. Ez genekien zer ari ginen egiten, egiten genuen eta kito.
Bata bertzearen gibeletik gindoazen, mutu. Bertzearen aztarnan oina sartu eta
aurrera, bururik gabeko gorputzak bagina bezala. Zonbiak ematen genuen,
elurretako zonbiak. Hori da, metro batzuetara soka batetik konektaturik zihoazen
elurretako errobot zonbiak. Nahi gabeko mugimendu sinkronizatuez egiten genuen
aurrera, Michael Jacksonen Thriler bideoklipean ageri ziren
hildako bizidunen antzera, eta Nueis Luengas izeneko parajean gaua igaroko
genuela erabaki genuen azkenean.
Gaueko ordu txikiak ziren,
eta haizeak nahiz hotzak ez zuten gau lasairik iragartzen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina