XXI
Muturreko hotza egin arren,
energiaz gainezka ikusten nuen nire burua. Bortz eguneko haize eta
elur-ekaitzak pasatu eta gero, izugarrizko moral txutea izan zen zeru oskarbi
hura ikustea. Eguzkiak bere energia guztia eman zidan, eta soka-buru paratu
nintzen, deus erran gabe. Nire hiru soka-kideak herrestan eramateko adina indar
sumatzen nuen nire baitan. Gogoz ekin nion eskaladari.
Arras bide estetikoa zen
hondar luzeetakoa eta, Fenix hegaztiaren antzera zeharo indarberriturik,
zalantza ttipiena ere izan gabe egin nuen aitzinera, gustura, hegan. Les Enfant
du Ciel eta ekialdeko kaskoa gibelean utzi eta Pic de Mallacaneko kasko
nagusira ailegatu ginen, mendebaldekora. Hondar luze haiek hamaika aldiz
errepikatu ditudan mugimenduez gainditu nituen, pentsatu gabe, etxeko sukaldean
te bat prestatzen duzuneko mugimendu automatikoak bezala, armairua irekitzen
duzu inertziaz, eta zer ari zaren ohartzen zarenean, zer ari
nintzen? pentsatzen duzu, eta, a, bai, azukrea erantzuten diozu zure
buruari. Gustura ari nintzen, gozatzen, eta konturatu orduko, gailur nagusian
nengoen.
Pioleta elurretan iltzatu eta
besoak altxatu nituen. Pic de Mallacan, Shackletonen Bidea, neguan eta
ezin eguraldi kaskarragoarekin. Alimaleko marka iruditu zitzaidan. Zinez. Tira,
ez geunden Himalaian, baina ederki sufrituta erdietsi genuen haraino
ailegatzea, eta zirkurik gabe gainera, hori baita azken finean batzuk lortzen
duten gauza bakarra, mendizaletasuna, edo himalaismoa zehatzago erranik, zirku
bihurtzea. Zirku mediatikoa, zirku komertziala eta zirku burgesa,
mendizaletasuna kapitalismoaren zerbitzura paratuz.
Nire hiru soka-kide
proletarioei itxaron nien, pozaren pozez.
Eider pozarren zetorren,
Etxauriko erregina errepublikazalea elurretako erregina hozbera bilakaturik.
Neurtu ezinezko irribarrea zekarren, egindako esfortzua zein pilatutako neke
guztia satisfazioz atzenduz. Aspaldi ez nion halako irribarre luzerik ikusten.
Aritzakungo eskolan asteburu-pasa egon ginen abuztuko aldi hartatik beharbada.
Nahiz eta abuztua izan, sua piztu genuen, eta haren inguruan bildu ginen xingar
eta ziztor batzuk kerrenean erretzeko. Etxolako atea hobe zegoela irekita
erraten zuen Eiderrek, zeharo tematurik. Eltxoak-eta sartzen zirela erraten
genion guk, eta gauean janen gintuztela. Bada, bulkatu markoaren kontra,
baina ez itxi krisketa erraten zuen berak. Txikitako trauma edo beldurren
bat izanen zuela pentsatzen hasiak ginen dagoeneko, eta bat-batean, atea ireki
egin zen, kanpotik bultzaturik, eta Aitor sartu zen. Ez zerurako ez lurrerako
geratu ginen guztiok, hura sorpresa! Gurea, noski, zeren eta Eiderrek ederki
zekien bisita berezi hura izanen genuela gauean. Atea irekita uztearenak
zein eltxoen txitxia izatearenak bere zentzu guztia hartu zuten.
Urte eta erdi pasatxotik ez
genuen Aitor ikusten, eta ezusteko bisita haren lehenengo momentuetan poza eta
urduritasuna nahasi ziren. Hura muxu eta besarkada besta! Goapoa zegoen,
buruzuriagoa agian, eta flakoagoa, dudarik
gabe. Adi-adi entzun zuen Erratzun nahiz Baztanen berak ihes egin
eta gero gertatutakoaren kontakizuna, Eiderren eskua eta gerria askatu gabe. Hauek
bigarren semea izan dute, honek lana galdu du, bertze horiek haurdun daude,
Zubi Punta gorri magentaz pintatu dute, Xorroxin irratiari diru-laguntza kendu
diote, baina “behi-kaka” zozketa eroa asmatu dute… Argazkien ordua ailegatu
zen gero. Eiderrek kristoren argazki-mukurua atera zuen motxilatik: kirikoketa
besta, Elizondoko feriak, gizakunde, iñauteak, Nafarroaren eguna, Herri Urrats,
herrietako bestak, Erratzukoak, San Fermin, Baztandarren Biltzarra, Erratzuko
frontoi berria, jendea, jendea eta jendea, haur sortu berriak eta jende
gehiago… Gau ahaztezina izan zen Aritzakungo eskolan egon ginen denendako.
Emozioz beterik, sentimenduek borborka egin zuten.
Agurraren beldur-edo, agertu
bezala desagertu zen Aitor, ezustean, eguna argitu baino lehen eta erabat
oharkabean.
Aritzakungo eskolako literan
ezin lokartuz eta bueltaka, mugalari eta kontrabandisten bideetatik imajinatu
nuen Aitor, mendi-zokoetan barna. Biba hi, gaueko haize hotzean dabilen
errebeldea pentsatu nuen nire artean Boby Sandsek idatzitako kantaren letra
gogoratuz.
***
Eiderren gibeletik Haibol
zetorren sokadan, hau ere kontent. Eta fresko samar.
-Animo petit garçon! -zirikatu nuen.
-Ni petit garçon eta hi… hik
badakik!
Ateraldi xelebreetan maisuen
maisua zen Haibol, baserriko bertsolariek duten umore zirikatzailearen maisu,
alegia. Aitorren bila etorri zireneko sarekadaren ondoko Baztandarren
Biltzarran bi zerri atera nahi zituen Erratzuko orgaren aitzinean, zein baino
zein handiagoa, kartel banarekin lepotik dilindan. Kartel batean petit
garçon idatzi nahi zuen, eta bertzean grande marlaska. Horra hor
burutazio xelebrea! Azalpena omen zen izen ezberdina izan arren, urde-zerri
handiak direla biak ala biak.
Bertze batean, adibidez, udan
euliz nazkaturik, eltzetxo bat paratu nahi zuen Zubi Puntan, sosa bildu eta bi
iguana erosteko. Ostatuko sarrerako atearen gainean paratu nahi zuen iguana
bat, kaiola batean sarturik, eta terrazako atearen gainean bigarrena. Euliei
gerra deklaratzeko tenorea ailegatua zela zioen, eta iguanak gure punta-puntako
gudariak izanen zirela, euliei tregoarik eman gabe.
-Bihar, bihar -erran genion
eroaren arrazoia emanez.
-Ez utzi biharko gaur jaurti
dezakean harria.
Harrapazak.
***
Azkena eta ez hain kontent
Jon zetorren, nahiko burumakur.
-Ongi, Jon?
-Bai, ongi esan beharko.
Ez zirudien arras
konbentzituta. Ea gimnasioko gizaki gihartsuak ez ote zeukan fondorik galdetu
nion nire buruari. Nekaturik egonen zen? Ez zen posible, gihar mukuru hori ezin
zen gu baino nekatuago egon.
-Gurekin entrenatzera
etorri beharko zenuke fondo pixka bat irabazteko.
-Fondoa irabasi baita ostia koadrila bat jaso
ere! -erantzun zidan.
-Denek berdin
pentsatzen duzue, baina errugbia ez da uste den bezain bortitza. Kontaktu-kirola
da, bai, hori ez dizut ukatuko, baina aise zikinagoa da futbola, adibidez.
Lesioen estatistikei begiratuz gero, hortxe-hortxe ibiliko dira bi kirolak
seguruenik. Gainera, arras giro ona dago Baztango taldean.
Ni horregatik hasi nintzen
errugbian, giroagatik. Hasieran, eta arauak ulertu ez arren, partida bat
ikustera hurbildu nintzen Lekarozko zelaira, arratsalde zozo eta ergel
horietako batean. Gero, hirugarren denborak deskubritu nituen, zelaian jokatzen
diren bi denboren ondotik ostatuan eta janariz zein garagardoz inguraturik bi
taldeek batera jokatzen dutena. Azkenean, Larraintzarko frontoian errugbi
taldeak sosa ateratzeko antolatzen duen gau-pasan, entrenamenduetara agertzeko
konbentzitu ninduten, zerbezaz lepo eta alkoholetan itota.
Berehala imajinatu nuen Jon
melearen erdian aitzinera bulkatzen. Traktore geldiezina behar zuen izan.
Partida akiturik, aldageletan imajinatu nuen. Mmmm…
Konturatu nintzen aste
guztian ez nuela behin ere ikusia Jon kamisetarik gabe, ez azpiko kamiseta
termikoa aldatzean ez eta lo egitera sartzean ere. Zer nahi duk egiten duen
hotzarekin ondorioztatu nuen nire baitan. Hala ere, suhiltzaile gorputza
antzeman zitekeen arroparen azpian, baina ez suak itzaltzen ibiltzen diren
suhiltzaile horietako bat, baizik eta egutegiak egiten dituzten bertze
horietakoa. Bai, uztailekoa, adibidez, edo abuztukoa, baina aro bero batekoa
betiere.
Egunen batean, alajaina,
etxea sutan dugula suhiltzaileak deitu eta ezin direla etorri erranen digute,
egutegi baterako argazki-saioan daudela. Bueno, ez du inporta, lehentasunek
lehentasuna daukate, eta suhiltzaileen egutegi horiek gizarte-funtzioa betetzen
dute kasik. Nik, dagoeneko, ezin dut mundu hau imajinatu egutegi horiek gabe.
Ez merezi duen mundu bat, bederen.
***
Pic de Mallacaneko
kaskoan taldeko argazkia atera, gerrako oihua bota, eta beherako bideari ekin
genion. Ez zen batere erraza izan. Lehenengo eta behin, ez genuelako bide
egokirik aurkitu, eta gero oso tarte arriskutsua suertatu zelako Eslampar
izeneko ertza.
Oinazturen kutxa bat-batean
ireki izan balitz bezala, alimaleko haize bortitzak hasi ziren, eta amildegian
beheiti eramanen gintuela pentsatu nuen behin baino gehiagotan. Nekez
egiten genuen aitzinera eta urrats bakoitza ongi planifikatu eta aztertu
beharreko ekintza bilakatu zen, ipar aldean ikaragarrizko amildegia baitzegoen.
Erdi herrestan, kranpoiak eta pioletak elurretan ongi sartu, eta lau hanketako
animalien antzera ibili ginen.
Ikusi bai; aditu, ordea, ez
zen deus aditzen. Haizeak komunikazio saio oro boikotatzen zuen. Lau ginen,
sokada bat, baina bakar-bakarrik bageunde bezala ari ginen laurok.
Nekaturik eta ia
desesperaturik, Nueis Luengasen muntatu genuen kanpamentua. Tokiak ez zuen
ematen sobera segurua zenik, baina ez genuen bertze aukerarik izan. Hasierako
asmoa Chanson Triste d’Irina glaziarrerako bidea hartzea zen, ezagutzen genuen
bibakean gaua pasatzeko, baina xerka eta xerka ibili ondoren, ez genuen topatu.
Ezin genuen horrela jarraitu, atsedena behar genuen. Goizeko hirurak aldera,
ilunpetan, gosetuta, zeharo hoztuta eta erabat leher kaka eginda, kanpin-denda
muntatzea erabaki genuen.
Gau hura eromena izan zen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina