XX
Iratzarri berriak, lo-zaku
hibrido hartatik ateratzeko maniobrekin hasi ginen. Holako batean, nahi gabe,
Eiderrek zera ukitu ninduen, noiz eta goizero bezala, naturak nire txoritxoa
gogortua zuela. Harritzekoa ala ez, bera baino moztuagoa gelditu nintzen ni,
ahalketua. Eiderrek ateraldi xelebre batez kendu zion garrantzia
gertatutakoari.
Gainerakoan, ederki joan zen
elkarrekin lo egin genuen gau hura, bortz izarretako hotel batean bezala.
Bueno, kasik.
-Miraria! -egin zuen oihu
Karmelok kanpin-dendaren kanpoko aldetik- Eguraldi ona dago!
Eguraldi ona erratea sobera
erratea zen beharbada, baina, dudarik gabe, aitzineko egunetan baino aise
eguraldi hobea genuen. Hala ere, zeru garbiak apur bat engainatzen zuen eta,
haize bortitza zein elurra izan ez arren, alimaleko hotza egiten zuen,
aitzineko egunetan baino handiagoa, agian.
Abiatu ginelarik, serio samar
ikusi nuen Jon, eta bazirudien Eider eta bion lo-zaku hibridoa ez zuela sobera
gustuko. Ea Jon Eiderren gibeletik ote zebilen galdetu nion nire buruari.
Bazitekeen. Begirada bat edo bertze botatzen zion tarteka-marteka eta, egia
errateko, Eider arras neska jatorra zen. Agian, Jon Pic de Mallacanera
etortzearen arrazoietako bat Eider izan zitekeen; izan ere, eta guk genekiela
bederen, Jon ez zen batere mendigoizalea Erratzura etorri baino lehen. Beraz,
Eiderren mendiko zaletasuna izan zitekeen Jonen bat-bateko afizioaren sorburua.
Zergatik ez?
Gaizoa pentsatu nuen nire baitan. Beharbada pertsona bat ez
duzu inoiz erabat ezagutzen, baina kasik ehuneko ehunean nengoen konbentzituta
Eiderrek Aitorrengandik sentitzen zuena ez zela itzaliko ezta Aitor lurretik
ilargira dagoen distantziara egonik ere.
Suzko begiradak, EGA titulua
edota nahi zituen gihar guztiak tarteko ere, Jonek ez zuen inolako aukerarik
Eiderrekin.
***
Aitzineko egunetako eguraldia
ikusirik, ezin genuen imajinatzen ahal ere horrelako egun garbirik egin
zezakeenik Pic de Mallacaneko kaskoa zapaltzeko asmoa genuen egunean. Hori bai
eguberrietako loteriaren sari potoloa! Les Enfant du Ciel izeneko
parajean izugarrizko panoramika agertu zitzaigun.
-Aitzineko hori Vignemaleko
mendilerroa da -azaldu zuen Karmelok-. Eskuineko alde horretan Pirinioetako
parke Nazionala dago, eta kasko horien artean ageri den punta Balaitousa da.
-Zenbat metro ditu horrek?
-galdetu zuen Eiderrek.
-Horrek? -zalantza egin zuen
Karmelok- Hiru mila ehun eta berrogeita sei edo hiru mila ehun eta berrogeita
hamasei, ez naiz seguru oroitzen.
-Hango mole hura Monte
Perdido duk; ez, Karmelo? -galdetu nion ezkerraldera seinalatuz.
-Bai, Ordesan.
-Horrena badakit, horrena
badakit -errepikatu zuen Eiderrek eskolan erantzuna jakinik besoa altxatzen
duen ikaslearen antzera-. Horrek hiru mila hirurehun eta berrogeita hamabortz
metro ditu, ez?
-Bai, ez bat gehiago, ez bat
gutxiago ere.
-Ikaragarria da hau, zein
polita… Paradisua existitzen bada, horrelako zerbait izanen da.
-Joder, ze suertea izan dugun
gaur! Ezetz? Aitzineko egunetakoa ikusirik, nork erranen zuen horrelako
eguraldia tokatuko zitzaigula gailurra egiteko?
-Hi, Haibol, ez saldu
hartzaren larrua hartza bera ehizatu baino lehen, oraindik ez gara-eta kaskora
ailegatu.
-Arrazoi duk. Momentuz
bederen; gero, ikusiko.
-Benga ba -erran zuen
Eiderrek-, argazki baten bat atera eta ospa, hozten hasia naiz eta, dagoeneko.
Sokadaren ordena berean
segitu genuen. Karmelo, soka-buru, ekialdeko kaskorantz abiatu zen, erritmo
motel baina etenik gabean, pazientziaz. Herriko apezarekin izaten ez zuen
pazientziaz, hain zuzen. Apeza edo… belea, berak erraten zion bezala, eta ez
soilik sotanaren beltzagatik, baizik eta jokaerengatik.
Basoan, bakarka zein taldeka,
puskaren bat ahoratzeko ahaleginetan egiten dute lana otsoek, edo azeriek… edo
bertze animalia batzuek. Ehiza ematen den bizkitartean, beleak inguruko
zuhaitzen adarretatik begiratu baino ez du egiten, jatekoa hilik, geldirik eta
prest egon artio itxaron, alegia. Eta orduan da begi bat edo bertze ebasteko
asmo zitalarekin hurbiltzen dela lurrera, bertzeen lanetik probetxua
ateratzera. Karmeloren irudiko, herriko apezak berdin egiten du. Astegunez,
jende normalak lan egiten duen bizkitartean, apeza etxez etxe ibiltzen da,
gosariz gosari eta bazkariz bazkari, kolperik jo gabe. Eta igandea ailegatzean,
mezan biltzen du langile xume eta zintzoek astean zehar irabazitako saria, ez
den-dena, doike, begi bat edo bertze bai, ordea.
-Urde alfer ustela! Hori
parasitoa!
-Teoria horren arabera, belea
baino putrea lukek, ez? -erran nion behin.
-Bai… -erantzun zidan
pentsakor- Hala ere, putrea izanen lukek bertzeen hondarrak pasiboki
janen balitu, baina hau? Hau putrea ez, hau hiena bat duk, lotsarik ez duen eta
erasoan datorren hiena.
-Erasoan?
-Joder, lehengoan enteratu
ninduan gurasoen etxean egona zela diru eske. Debalde duen pisua ez duk
nahikoa, nonbait, apez ilupa baten bizitzeko, eta lehenagoko apezaren etxea
konpondu nahi omen dik. Etxea behar omen dik eta hara zer eta erretore etxea konpontzea
bururatu zaiok oilo busti eskas horri. Eta ez pentsa obra Artzapezpikutzak
edo berak bere sakelatik ordainduko dutenik, ez, ez… etxez etxe ari duk sosa biltzen.
»Ikaragarria duk. Lehenik,
debalde uzten zaiok etxea, eta, orain, obra ordaindu behar zioagu. Apez ostia
honek ez dik lotsarik. Herriko gazteok lanik gabe gabiltzak, sosik eta etxerik
gabe, eta hiena beltz zikin honek bazter guztiak ebatsi behar zizkiguk. Eta guk
utzi!
Horra hor Karmeloren
eboluzioaren teoria. Ez dakit Darwinek zer pentsatuko zukeen, baina Karmelok
aski garbi zituen eboluzioaren urratsak: alferra, apeza, belea, putrea, hiena.
Horra pertsona alfer bat hiena beltza bihurtzeko prozesua, horretarako hazitako
usar batek bortxatutako birjinaren istorio fantastikoak asmatu behar badira
ere.
-Eta gainera -ez zen
nekatzen-, kasu!, ea Baztango eta Nafarroako bertze etxe, eliza eta abarrekin
egin duten bezala egin behar duten, eta herriarena dena Artzapezpikutzaren edo
Vatikanoren edo espiritu santuaren izenean paratu behar duten gero. Ederra
eliza katolikoaren filosofia, hik eman, hik pagatu, hik lan, eta nik, aberastu
eta aberastu, baita zorroak ikusten uzten ez dizkidan barrabilak ukitzen ere.
Non eman behar da izena kontratu hori sinatzeko? Nik ere nahi diat!
-Gaizoa apeza -erraten nion
Karmelori zirikatzeko pixka bat-, ez duk Erratzukoa soilik, Amaiurren,
Arizkunen eta Azpilkuetan ere mezak ematen ditik, ez duk ikusten lanez gainezka
egonen dela gaizoa?
-Bai, arras lanpeturik eta
estresaturik ikusten diat nik herriko atsoekin Zubi Puntan gosaltzen.
Ez zegoen Karmelo
konbentzitzerik, eta gizakunden, iñautetan edo holakoren batean aukera emanez
gero, herriko plazan apeza epaitzeko eta erretzeko prest egonen zen,
Jantzilorekin egiten den antzera.
Karmelori txikitatik nabari
zitzaion tendentzia zen eliza katolikoaren kontrako jarrera, baina
unibertsitateko Antzinako Historia ikasgaiaren irakasleak bere apurra paratu
zuela erranen nuke nik. Anarko bat omen zen irakaslea, eta Mesopotamia
eta Egipto zaharretik gaur eguneraino erlijio ezberdinek pertsonak manipulatzeko
jokatu duten papera frogatzeko argudio gehiago eman zizkion oraindik
irakasleak. Beraz, erran daiteke Karmelo erlijio guztien kontra zegoela, baina
egia da baita ere erlijio katolikoarekin obsesio berezia zeukala. Etsaia etxean
eta hain gertu sentitzeak amorru gehiago emanen zion beharbada.
Basotik gainezka egiteko
arrazoia Karmelok eta apezak berak eduki zuten hondar solasaldia izan zen,
duela urte batzuk. Etxean deus erran gabe, apezarengana jo zuen Karmelok,
bataioaren agiria eskatzeko; gero, papera eskuan, eta belarritik belarrira
hamar metroko irribarre batekin, Artzapezpikutzan aurkeztu eta apostasia
egiteko, hots, bere izena eliza katolikotik ezabatzeko. Erabakita zeukan, eta
ez zegoen atzera bueltarik; beraz, ez zeukan apezarekin eztabaidatzeko inongo
asmorik. Ditxosozko papera eskatu eta aire.
Ea ezkondu behar zuen galdetu
zion apezak hasieran, halakoetan agiri hori behar izaten omen delako. Ezetz
erantzun zuen Karmelok, eta isildu egin zen. Apezak aurpegi txarra paratu zuen,
eta apezek den-dena jakiteko duten balizko eskubidea erabiliz, kristoren txapa
sartu zion, baita ez bazion egia erraten paperik ez ziola emanen erran ere. Karmelok,
birritan pentsatu eta egia erran zion, hau da, bere burua eliza katolikotik
ezabatu nahi zuela.
Apezaren aurpegia are gehiago
txartu zen. Isiltasun zorrotz baten segundo luzeak egon omen ziren gero eta,
jarraian, alimaleko sermoia bota zion apezak Karmelori, kontrakoaz konbentzitu
nahian. Eliza katolikoaren balizko asmo onak kontatu zizkion, baita elizan
egonik ez zuela deus galtzen erran ere, eta biharko egunean ezkondu nahi bazuen
beharko zuela, edota bertze edozertarako beharbada beharko zuela…
Ezetz eta ezetz erantzun zion
Karmelok tematuta, papera nahi zuela eta nahi zuela.
Afrikako beltz
gosetuak aipatu zituen apezak orduan, baita Hego Amerikako mojen lana ere, eta
Caritas…
Karmelok ezetz, papera
nahi zuela eta kito.
Pentsatu bi aldiz Karmelo erran zion apezak, eta berriz hasi zen Afrikako beltz
gosetuekin, eta mojen lana munduan, eta Caritas, eta…
-Mekaguendios! -lehertu
zen Karmelo azkenean- Atzendu Afrikako gosetuak zein munduan barna dauden mojak
eta kontatu ze aberastasun pila arpilatu duen zuen txiringito porkeri honek
historian edota Vatikanon dagoen aberastasun guztia, edo zuek apez bortxatzaile
zikinek zenbat haur bortxatu dituzuen moja onbera horiek dauden mundu berean
zehar. Kontatu hori, eta eman iezadazu agiri ustel hori behingoz. Gainera,
jakin nahi duzu gauza bat? Marikoia naiz! Bai, ongi aditu duzu,
marikoia! Eta zerbait naturala da, gorputzak berak eskatzen dit, eta harro
nago marikoia izateaz. Begira, zuen barraka honen legeen arabera
bekataria nintzateke marikoia izateagatik, eta errudun sentitu beharko
nuke. Baina ez, marikoia naiz eta harro nago, gainera. Eliza katolikotik
ateratzen banaiz, berdin-berdin izanen naiz marikoia, baina marikoi
bekataria izan beharrean, marikoi herejea izanen naiz, marikoi
librea, alegia.
-Lasaitu
zaitez apur bat, Karmelo -erran omen zion apezak mamu bat ikusi duenaren
aurpegi zurbilarekin.
-A, eta badakizu zer gehiago?
Fusila ongi garbitua mantentzea gustatzen zait, eta goizero masturbatzen
naiz, eta gauero, eta arratsaldero! Plazer bat da norbere gorputzaz
disfrutatzea, eta ez erran itsua eta gorra geldituko naizenik, zeren eta
edozein gauza nahiago dut pederasta artalde baten sektan gelditu baino. Eta
emadak paper porkeri hori behingoz, ostia!
Amen.
Sinestezina bada ere, apezak
ez zion bataioaren agiria eman, Karmeloren kristautasuna edota erlijioa apezak
berak erabakitzen duen zerbait bailitzan. Gainera, Karmeloren
homosexualitatearen aferarekin joan zen apeza bere gurasoengana, eta luze
gabe, denok ezagutzen genuen ahopeko sekretua lau haizetara hedatu zen.
Espero bezala, herriko gazte
gehienok babestu genuen Karmelo, eta inkisizio zahar/berriaren kontrako
bunkerra bihurtu genuen Zubi Punta ostatua. Denbora edo belaunaldi kontua
izanen da, baina erran daiteke apez bele-putre-hiena horrek egun hartan sinatu
zuela eliza katolikoaren gainbehera Erratzun.
***
Pic de Mallacaneko ekialdeko
kaskora ailegatu zen gure herejea, eta bere gibeletik ailegatzen ginenoi
argazki bana egiten zigun. Ondoren, igandetako eliztarrak bezala bildu, eta
botoi automatikoaren laguntzarekin taldeko argazkia egin genuen.
-Ongi hago segitzeko?
-galdetu nion Karmelori.
-Bai. Mendebaldeko kaskora
ailegatzeko luze pare bat geldituko duk eta haraino behinik behin bai, tiratuko
diat. Hortik aitzin ikusiko, ados?
-Ados.
Luze gabe, Pic de Mallacaneko
mendebaldeko kaskoan geunden, gure helburua beteta.
-Bat, bi eta hiru! -erran
zuen Eiderrek laurok elkar harturik geundela.
-Freeee Leonaaaard
Peeeeltieeeeeeer! -egin genuen oihu denok batera.
Aitzineko udaberrian Leonard
Peltier indiar presoaren aldeko ipuina irakurria genuen Pyrenaica aldizkarian,
eta geroztik oihu berdina egiten genuen beti kasko batera ailegatzean. Eider
hasi zen, txantxetan. Berari ez zitzaion batere gustatu ipuina, infantila eta
moralista zela erraten zuen. Karmelo eta biok ongi zegoela erraten genuen, eta
gutaz trufatzeko, mendi-kasko batera ailegatzen zelarik, free Leonard
Peltier oihukatzen zuen, ipuineko protagonista era infantilean
imitatuz. Ipuina gustatu ala ez, erritual baten antzera errepikatzen genuen
txantxa hura kaskoren batera ailegatzen ginen aldiro, eta denborarekin zerbait
gurea bezala hartu genuen, gure gerra-oihua bailitzan.
***
Ez galdetu zergatik, neuk ere
ez baitut ulertzen, baina Pic de Mallacaneko kaskoan geundela, elurrez eta
mendiz inguraturik, indiarra ez, ezta euskalduna ere, baizik eta palestinarra
sentitu nintzen. Badakit horrek ez duela ez hankarik ez bururik, Palestinako
giro bero eta desertukoa ezin zela inondik inora Pirinioetako baso eta
errekekin alderatu, are gutxiago neguan, dena elurtua dagoelarik, baina
Palestina etorri zitzaidan gogora. Ez dakit, beharbada gain hartako haize purua
izan zen, edo han arnasten zen erabateko askatasuna. Edo bietatik apur
bat, ez dakit. Denok behar ditugu aire sanoa eta mugitzeko askatasuna, baina
orduan, garai hartan, palestinarrak ziren horren behar handiena zutenak.
Arnasa hartu nuen sakonki,
haize hotzarekin batera ametsak ere nire errainetara filtratuz, eta Gazako
haur, emakume, gizon zein zahar guztiek garaipenaren ikurrarekin agurtu
ninduten, Pic de Mallacaneko kaskoan duin eta alai.
Palestinarrak, indioak…
Beherantz abiatzeko bide bat bilatzen ari ginela, zer ote dugun euskaldunok
galdetu nion nire buruari beti gerren galtzaileekin identifikatzeko. Ea ez ote
zen gure historiaren kronikaren klona izanen pentsatu nuen nire baitan.
Nekearen ondorioz, amaigabea
egin zitzaigun beherako bidea. Eguzkiak indarra galdu ahala, haize
bortitzak hasi ziren. Nahiko jaitsiera arriskutsua egin genuen Eslampar ertzetik,
zaldi gainean bezala hankak alde banatan ertzaren gainean. Ipar haize
urakanatuek gorputza lurraren kontra makurtzera behartzen zuten, eta egia erran
behar bada, nire soka-kideak astoz zetozela ematen zuen zaldiz baino.
Zinez egoera negargarrian
geunden, baina hantxe geunden, gure borondatez. Horregatik maite dut mendia,
gorroto dudalako. Zenbat eta gehiago pentsatu egoera larri batean sartu garela
inongo beharrik gabe, eta tentsioa, beldurra nahiz arriskua zenbat eta gehiago
sentitu, orduan eta gehiago maite dut mendia. Zure burua konpromisoan paratzeko
askatasuna ematen dizu eta egoera zail horietatik ateratzean sortzen zaizun
satisfazioa ezin neurtuzkoa da. Hamaika aldiz madarikatu ditut mendiak,
beldurrez egotea ez zait batere gustatzen, elurra eta hotza gorroto ditut, eta
neke fisiko zein mentalaz zer erran… Baina horregatik bueltatzen naiz beti
mendira, gorroto dudalako.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina