2016(e)ko urtarrilaren 27(a), asteazkena

HOTZAK, seigarren eguna (XXII)


 
XXII 

-Mugikorra piztua duk Haibol -erran nion Karlosi umoretsu gure lo-zaku hibridoaren barruan mugitu eta bere goizeko erekzioa nabaritu nuelarik. Keinu lotsatu batez erantzun zidan.

-Nik prestatuko dinat gosaria -proposatu zuen gaia aldatu nahian-. Te gozoa prestatuko dizuet.

-Tea? -erran nion isekari- Ur zikin eta funsgabe hori?

Lehen, horrela erraten zion berak infusio orori, ur zikin funsgabea. Ostatuan beti zirikatzen ninduen menta-poleoa edo tea eskatzen nuen aldiro eta, orain, konturatu gabe, te bat edo bertze hartzen zuen berak noizbehinka, eta mendian zer erranik ez, mendian maiz hartzen zuen, beti ez errateagatik.

Horrelako gauzen inguruan arras mesfidatia zen Karlos. Nekazaritza ekologikoa, errate baterako, iruzurra zela erraten zuen, hots, gehiago saltzeko aitzakia bat, edota marketin kanpaina bat. Kontrakoan konbentzitzen ahalegindu nintzen batean bere etxeko zerriak ere ekologikoak zirela erran zuen, kooperatibako pentsua baino ez zutela jaten.

-Hor zegok gakoa Haibol, pentsu horrek izan ditzakeen osagaietan. Edo zer uste duk, ez-ekologikoa izateko, zabor nuklearra jan behar dutela?

-Horiek alukeriak ditun. Gainera, ekologikoa zer da, ez loditzeko, ez? Bada, falta zena, loditu behar diren zerriak ez loditzea.

-Urde astapitoa! Ekologikoak sanoa erran nahi dik, osagai zikinik gabea.

-Bada, etxeko zerriak baino naturalagorik, erranen didan!

Karlosek topiko eta uste ustel guztiak zerrendatzen zituen, bata bertzearen gibeletik. Naturalak naturala erran nahi du, eta ez sanoa. Naturala den orok ez du zertaz sanoa izan; bertzenaz, begira ziza eta onddo haluzinogeno guztiak.

-Ba al da ongarria baino naturalagorik? -erran nion zirikatzeko- Eta ongarria jatea ez duk batere sanoa, ez duk uste?

Aitzineko negoziazio prozesuaren enbrioia Elgoibarko Txillarre baserrian sortu omen zen, nekazaritza ekologikoa praktikatzen urte andana zeraman baserrian. Otegik, Egigurenek eta enparauek, Txillarren egindako bilera eta afari sekretuetan, bertako produktu ekologikoak jaten omen zituzten, baita tarteka produktu ekologikoz betetako poltsak etxera eraman ere. Gero, prozesuak aitzina (edo gibelera) egin ahala, Geneva eta Oslora eraman ziren negoziazioak, eta Loiolara, eta Genevara berriz, eta… eta dena pikutara joan zen. Beharbada negoziatzeko tokiak aldatu behar izan zituzten arrazoi ezberdinengatik; baina, nire irudiko, negoziazio prozesuaren akatsik handiena negoziatzaileen dieta aldatzea izan zen. Ezin da jakin, baina negoziatzaileek Txillare baserriko dieta ekologikoa mantendu izan balute, bertze leku batean egonen ginateke agian.

Eta Aitor etxean egonen litzateke beharbada.

Bueno, geroak erranen du. Hala ere, batzuetan noren eskuetan dagoen gure etorkizuna pentsatzeak beldurra ematen du. Imanol Murua kazetariaren Loiolako hegiak liburuan irakur daitekeenaren arabera, negoziatzaileren baten telefonoko dei batean eliz ondoan edo eliz ondoko ez-dakit-zer entzun omen zuten estatuko zerbitzu sekretuetako kideek, eta egun gutitan negoziazio sekretuak Elizondon egiten ari zirela argitaratu zuen periodiko batek. Berri faltsu horren harira, Elizondo goiti Elizondo beheiti aritu ziren komentatzen Loiolan zeuden negoziatzaileen artean, eta Adolfo Aresek aitortu omen zuen ez zekiela non dagoen Elizondo. Hori marka! Euskal Herriko nolako ezagupena zuten han negoziatzen ari zirenak? Nola negozia daiteke lurraldetasunaz, adibidez, Elizondo non dagoen ez dakien batekin?

Tristea bada ere, holako politikari merkeen eskuetan egoten da gure etorkizuna usu. Aresek ez zekien non dagoen Elizondo, are gutxiago jakinen zuen non dagoen Erratzu, beraz, baina haien arteko negoziazioen porrotaren ondorioak Erratzuraino ailegatu ziren, eta Aitorrek hanka egin behar izan zuen.

***

Eguraldiak ezusteko handiena eman zigun berriro ere, onerako, kasu honetan. Bortz eguneko atzerapenarekin baina bete egin ziren eguraldi-iragarpenak. Berandu, beraz, Baztango orduan.

Gero eta zalantza gutxiago neukan Jonen begiradan ikusten nuenaren inguruan. Dagoeneko ez nuen ez adiskidetasunik, ez misteriorik, ez eta erakarpen sexualik ere ikusten. Gorrototik hurbil zegoen zerbait antzematen nuen.

Bigarren abiatu nintzen sokadan, ezkutuko beldurren artean.

Pirinioek oparitu zizkiguten bistekin berehala desagertu ziren nire buruko mamu guztiak; izan ere, liluragarria izan zen Les Enfants du Ciel parajeak eskaini ziguna. Hori edertasuna!

Klik! Klik! Klik! Klik! Klik!

Egunen batean Aitorri erakutsiko nion argazki andana atera nuen eta, animoso, mendebaldeko kaskorako hondar luzeei ekin genien.

Pic de Mallacaneko kasko nagusira ailegatu nintzelarik, han zegoen Karmelo, besoak goratuta eta pozaren pozez. Esfortzuak eta sufrimenduak merezi izan zutela zioen aurpegiarekin.

-Elurretako hartza dirudizu.

-Elurretako hartza? Hori existitzen da?

-Bai, eta Pic de Mallacaneko kaskoan dago. Ispilurik nahi?

-Bueno, hobe elurretako hartza Orabideakoa baino, ezta?

-Bai, Orabideako hartza baino itxura apur bat hobea daukazu -zirikatu nuen.

Karmelo, berez, handia zen, kankailua, eta arropa horrekin guztiarekin, kranpoiekin, piolet eta motxilarekin, izugarrizko irudia osatzen zuen Pic de Mallacaneno kasko garbian. Yetia zirudien, edo neuk asmatutako elurretako hartza.

Hartz bat nolakoa zen ia ez nekiela konturatu nintzen. Behin, txikitan, Elizondora etorritako zirkuan ikusia nuen hartz bat, baina lehenengo begiratuan halako pena eman zidan ezen ez nion gehiago begiratu. Hala ere, Val d’Aranen turisten gozamenerako errepide ondoan dagoen kaiola txikiko hartzek baino pena gutxiago eman zidan zirkukoak. Hark, bederen, munduan barna bidaiatzeko aukera zeukan.

Pic de Mallacaneko gailurra zapaltzean, txiki sentitu nintzen, nahiz eta mundua nire oinen azpian ikusi. Zer guti garen handitasun honen parean! pentsatu nuen. Munduak toki lasaia zirudien gain hartatik begiraturik, eta ez zuen ematen beheiti horretan gerrarik egoten zenik, bortxaketarik gertatzen zirenik, edota torturatzen zenik. Talaia horretatik ikusita, ez zuen ematen Afganistanen edo Iraken jendea hamarnaka hiltzen zenik, edo Palestinan milaka, edota indigenak hamar milaka. Ez zuen ematen, ez. Alimaleko hotza egiten zuen gain hartan, baina gorputzak ez jaisteko eskatzen zidan, beheitiko mundu ero horretan ez zegoela gauza onik errepikatzen zidan behin eta berriz.

Jaitsi eta aldatuko nuela erabaki nuen. Zoritxarrez, jakin banekien mundu horretan ez zituela gerrak irabazten eskola gehien eraikitzen zituenak, baizik eta analfabetoak gehien armatzen zituenak; baina nik, guk, emakumeok, bertze mundu bat eraikiko genuen kosta ahala kosta, justua eta askea.

Mundua erabat bertzelakoa izanen litzateke emakumeok aginduko bagenu, ez dut inolako zalantzarik. Eta ez dut ezberdina erran nahi, hobea baizik. Begira, hori izan liteke arazo anitz konpontzeko formula, dieta ekologikoa duten emakumeak kargu erabakigarrietan paratzea, eta batek daki!

Mundua konpontzera ala ez, Free Leonard Peltier gerrako oihua bota eta beherantz jo genuen. Ohartu gabe, gauzak ezin gehiago okertzen hasi ziren.

Egokia zirudien bidea aurkitu genuen, baina tranpa batean erori izan bagina bezala egin zigun eraso haizeak. Eslampar ertza nabala-xafla zen, eta haizeak ez baduzue ipar aldeko amildegitik beheiti erori nahi, nabala-ahoan ebaki beharko duzue erran zigun. Horrela egin genuen, gorputza ahalik eta gehien elurretara hurbilduz. Nola edo hala, handik ateratzea erdietsi genuen, baina egoerak ez zuen hobera jo. Haizearekin batera, aitzineko egunetako neke guztia etorri zitzaigun gainera, mila tonako harritzar baten antzera.

Chanson Triste d’Irina glaziarreko bidearekin asmatzea omen zen gakoa Karmeloren erranetan, eta zirudienez, ez genuen asmatu. Ezta hurbildu ere.

Izotz plaka solte batzuk zeharkatu genituen, arras modu traketsean nire ustez, segurtasun neurri berezirik hartu gabe. Gero, mina-zelaia zirudien harri solteko leku batetik igaro ginen, glaziar madarikaturako bidea aurkitu nahian. Alferrik.

Bibaka egiteko oso aproposa omen zen eta inguruetan omen zegoen tokia bilatzeari ekin genion, gainean geneukan gaua bertan pasatzeko asmoarekin, baina toki horren seinalerik ez genuen aurkitu.

-Hemen nonbait behar du izan -zioen Karmelok behin eta berriz.

Ilun zegoen jada, haizeak ez zigun tregoarik ematen, eta izugarrizko hotza egiten zuen.

Beherantz jarraitzea erabaki genuen eztabaida motz baten ondoren, balizko bibaka bilatzen denbora gehiago galdu gabe. Laurok lerroan, leher eginik eta frontalen argi ahulen laguntzarekin, aurrera egiten genuen emeki, norantz gindoazen jakin gabe, pentsatu gabe. Robotak ginen. Ez genekien zer ari ginen egiten, egiten genuen eta kito. Bata bertzearen gibeletik gindoazen, mutu. Bertzearen aztarnan oina sartu eta aurrera, bururik gabeko gorputzak bagina bezala. Zonbiak ematen genuen, elurretako zonbiak. Hori da, metro batzuetara soka batetik konektaturik zihoazen elurretako errobot zonbiak. Nahi gabeko mugimendu sinkronizatuez egiten genuen aurrera, Michael Jacksonen Thriler bideoklipean ageri ziren hildako bizidunen antzera, eta Nueis Luengas izeneko parajean gaua igaroko genuela erabaki genuen azkenean.

Gaueko ordu txikiak ziren, eta haizeak nahiz hotzak ez zuten gau lasairik iragartzen.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina