2014(e)ko azaroaren 30(a), igandea

Erlojuari eraso basapiztiaren sabelean (IX)


AURPEGI ZURBILAK

Ez dakit noiztik bizi den gure tribu mendi hauetan, baina otsoak eta hartzak ilargia sortu zutenetik bederen bai. Egun batean baina, ezerezetik aterata, zuriak hasi ziren etortzen, gero eta gehiago, gehiago eta gehiago.

Inorena eta denena zen lurra bereganatu zuten, baita asmatzen zailak ziren mugak asmatu ere, mendiak eta basoak erditik bananduz. Soilik paper tolestuetan ikus zitekeen marra batetik goiti zegoen lurrari Kanada deitu zioten, edo horrelako zerbait, eta marratik beheiti zegoenari ez-dakit-nola. Guk, indiarrok, jatorrizko herriok, dena jatorrizko izenez deituz jarraitu genuen, baina poliki-poliki, gutako inork ikusten ez zuen marra madarikatu horretatik goiti zegoenari Iparraldea hasi ginen deitzen, eta marratik beheiti zegoenari Hegoaldea. Gure begiek ikusten ez zuten marra banatzailea gure buruetan marraztu zen, erabat sendotu artio.

Zuriek, agintean, nahi zutena eta gehiago egiten zuten mendiekin, eta errekekin, eta basoekin… baita indiarrokin ere.

Txirikahuek, horrela ez zegoela segitzerik iritzita, beren burua antolatu eta gerrilla gerrari ekin zioten. Zuriak sutan paratu ziren. Nola demontre bururatu zitzaien Txirikahuei aske izatea Gizon Zuriaren baimenik gabe?

Bidezko irtenbide bat bururatu ezean, errepresioari ekin zioten zuriek, indiar guziak erreserba itoetan espetxeratzeko asmoz.

Nirekin hori gerta ez zedin, gure tribuaren mendien iparraldera joan nintzen, Iparralde delakora alegia. Eta, indiarrok berezkoa dugun askatasun egarriz, mendiak eta errekak, basoak eta belaiak kurritzen segitu nuen… kasaka urdinek atxilotu nauten artio.

Eskuak bizkarrean lotu eta Bayonne Fort-era eraman naute, beren orga azkarrean.

Bayonne Fort-ean harri eta zur begiratu dut dena, begi arranpaloekin. Kasaka urdin guziak sartu eta atera egiten dute ate guzietatik, beren mintzaira arrotzean kalakan. Baten batek baina, arropa indiarrak daramatza, eta gutakoa dirudi.

Urdin haietako batek gorputzean jantzirik daramatzan belarritako, lepoko zein apaingarri indiar guziak kentzeko agindu dit eta bere mespretxuzko begirada nabaritu dut apaingarri koloretsuak begiratzean.

Bertze urdin bat etorri da eta Bayonne Fort-eko goiko aldera joateko agindu dit. Nire harridurarako, gerrilla txirikahuaren larru handiak dituzte Fort-eko korridoreak apaintzen. Guk, indiarrok, kartzelara joan gaitezke txirikahuen gerrillaren ikurrak edukitzeagatik, baina beraiek trofeo gisan zintzilika ditzakete beren areto karratuetan.

Galdera guti batzuk egin dizkidate, indiarron mintzaira ikasia duen zuri baten laguntzarekin, eta bertze leku itxi batera eraman naute.

-Jarri hemen -erran didate, eta bat-batean, flash! flash!, argazki batzuk egin dizkidate. Nahiko aurpegiera serioarekin atera naiz, baina, ez al dakite argazki deabrutu horiek arima ebasten digutela indiarroi?

Gero eskuak ebasten ahalegindu dira, atzamarrez atzamar, eta ziega ilun, triste eta karratu batean sartu naute.

Zeharo asperturik, Fort-eko ziegako paretetan idatzirik dauden mezuak hasi naiz irakurtzen. Batzuk, gehienak, ez ditut ulertu, eta badirudi kolono mozkorrek egindakoak direla, baina badira txirikahuen eta bertze tribu indiarren aldeko mezuak ere. Beraz, ez naiz handik pasatzen den lehen indiarra, inondik inora.

Tribuetako txaman batzuk diote Ama-lurra gure zain dagoela, eta Espiritu Handiaren haize berriekin batera garai itxaropentsuak irekiko direla indiar guziendako.

Ni, nire aldetik, pentsakor, Bayonne Fort-eko ziegaren erdian, eta handik igarotzean lehena ez banaiz ere, ea handik pasako den azken mohikanoa ez ote naizen pentsatu dut nire baitan. Horrela desiratu dut.

Baina legeak zuriek egiten dituzte, zurien onerako, eta Zalditegiaren Zazpigarrenaz lagundurik eraman nautelarik, erreserbara joan behar dudala erabaki du epaile zuri batek.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina