Orriak

2014(e)ko urriaren 22(a), asteazkena

Erlojuari eraso basapiztiaren sabelean (VII)


 
HEGAN

Españolez las noticias vuelan erraten da (albisteek hegan egiten dute). Gaurko bisitan hondar asteetako egunkarietatik bildutako orriak erakutsi dizkit amak.

Albiste izan naiz. Baina ez dut hegan egin, bertzenaz ez nintzen hemen egonen.

 
KOSTUA

Prentsan irakurri dut amiantoa kostu gutiko aislantea dela. Segituan, egien hiztegian begiratu dut, eta zera azaltzen zuen:

“Kostu guti”- konstruktoreei etekin ekonomiko handia eta langileei biriketako minbizia eragiten dien kostua.

 
HITZEN GEZURRA

Erratzun, Izpegiko bideak Frantziako errepidea du izena baina Baigorrira joaten da.

Elizondok erdi-erdian du eliza.

Garazin, Orreagarantz doa Españako karrika.

Baionako euskaldunen plazan euskara guti aditzen da.

Urruñan errekarik ez, urtegirik ez eta presarik ez Presaburu karrikan.

Apeztegia jauregian ez dago apezik eta Apezetxean gutitan egoten da.

Putetxean puta guti eta senar asko dago.

Espetxean Espez galdegin diot kartzelari bati:

-Esperantza? -galdetu dit ilupa aurpegia paratuz-, ez dakit, emakumeen moduluan beharbada…

 
ZERGATIK?

Zergatik diogu Antzinako Historia Mesopotamia eta inguruko herrien historia erran nahi dugularik? Zergatik diogu Historia Unibertsala mendebaldeko historia erran nahi dugularik? Zergatik diogu mendebaldea Europa eta Ipar Amerikako Estatu Batuak erran nahi dugularik? Zergatik diogu hombre de color beltza erran nahi dugularik? Zergatik diogu amodioa sexua erran nahi dugularik? Zergatik diogu indigena indio erran nahi dugularik? Zergatik diogu demokrazia gure demokrazia erran nahi dugularik? Zergatik diogu hirugarren mundua gure zabortegiak, gure denpentsak… erran nahi dugularik? Zergatik diogu unibertsoa mundua erran nahi dugularik? Zergatik diogu mundua gu eta gure lagunak erran nahi dugularik? Zergatik diogu garapen jasangarria naturaren txikizioa erran nahi dugularik? Zergatik diogu funtzionario kartzelaria edo maton edo boki erran nahi dugularik? Zergatik diogu moro arabiarra erran nahi dugularik? Zergatik diogu arabiarra musulmana erran nahi dugularik? Zergatik diogu zibilizatuta domestikatuta erran nahi dugularik? Zergatik mozorrotzen dugu komunikazioa komunikatzeko?

Zergatik diot komunikazioa mozorrotu gezurra erratea erran nahi dudalarik?
 
 
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina