MOZTU
Ziegan
bakarrik, jende gehiagorekin egon nahi dugu. Patioan, jendez inguraturik,
bakarrik.
Batzuetan,
tarteka, alimaleko txapak jasan behar dira patioan, “epaileak erran didala
ez-dakit-zer, nire abokatuak dio bertze hura, egun horretan epaitegira berriro,
seguruenik ez-dakit-zenbat hilabete, eta epaileak erran dit ez-dakit-zer, eta
nire abokatuak dio bertze hura, eta egun horretan epaitegira berriro…”
Karraka
mozteko, pausua apur bat azkartzea aski izaten da normalki.
Batek, kotxe
istripua mozkorra edukitzen duen bigarren aldia dela erran dit eta lehenengoan
ondoan zihoan laguna hil egin zela, eta ez dagoela ongi, ez duela espetxean
egon behar, ez duela espetxean egon nahi. Giza-zabortzat dauka bere burua, aita
putakume baten emaitzaz omen. Ez du espetxean egon nahi. Eta ez du
seme-alabarik eduki nahi, horrela, berarekin desagertuko dira bere aita
putakumearen abizenak. Eta ez duela espetxean egon nahi, eta kotxe istripua
mozkorra edukitzen duen bigarren aldia dela, eta lehenengoan bere ondoan zihoan
laguna hil egin zela, eta ez dagoela ongi, ez duela espetxean egon behar, ez duela
espetxean egon nahi…
Bortz-sei
aldiz entzunik, pausua azkartu eta karraka moztu diot.
Goizaldeko
bi orduetan, ondoko ziegan, ogia mozten ez duen nabalarekin moztu ditu zainak.
BESTONDOA
Zein txarrak
diren bestondoak. Eta egun guzia kanapean botata egoteko aukera baldin baduzu,
tira, baina lanera joan behar baduzu, edo bertze zer edo zer egin behar baduzu,
akabo.
Batek, punk
kontzertu batean hasi zuen besta, eta patioan oinez bueltaka hasi du urte bat
iraunen dion bestondoa. “Ez dut sekula berriz edan behar” erran omen du.
LIBURUZAINA
Promenade.
Bueltaka. Itzuli bat.
Preso batek
kontatzen dit pitokeri batengatik espetxeratu dutela (gu guziok bezala
bertzalde). Mozkorra zegoen, lagun batzuekin irri eta orro, eta kutxa bat ikusi
zuen denda baten aitzinean. “Hartu” egin zuen.
Liburu denda
bat zen, eta kutxa liburuz beterik zegoen. Eskola garaitik ez duela liburu
bakar bat ere irakurri onartu du.
Gaur,
moduluko liburutegira joateko baimena eskatu du, eta aukera izanez gero, bertan
lan egiteko eskatuko du. Lan on eta lasaia irizten dio liburuzainarenari.
LANAREN
IRONIA
Promenade.
Bueltaka. Bertze itzuli bat.
Preso batek
kontatzen dit ez zuela lan egitea maite, eta loctite eta metalezko lamina txiki batez kutxazainak frekuentatzeari ekin
ziola.
Gaur, leku
publiko hau kudeatzen duen enpresa pribatuak lan egiteko proposatu dio, eta
baietz erran du, itzalean eman beharreko denbora fiteago xahutuko zaiolakoan.
120 euro
kobratuko du hilabetean, egunean zazpi bat ordu lan egiteagatik.
Bertze
itzuli bat.
Senegal utzi
eta bizia arriskatu zuen bertze preso batek, estatu espainiarrean lan
egiteagatik. Denbora batera Aznarrek eman zizkion behar zituen paperak.
Zortzi
urtez, Bartzelonako fabrika batean lan egin zuen, fabrikaren nagusi
delinkuenteak langileen soldatak ordaindu gabe txiringitoa ixtea erabaki zuen
artio. Ez omen zegoen lan gehiago.
Italian
probatu zuen presoak, baina Berlusconi arras lanpeturik zebilen “bunga-bunga”
egiten. Paperik ez beltzendako.
Estatu
frantsesean probatu zuen, baina Sarkozy ere lanpeturik zebilen ijitoei bidaia-txartelak
banatzen. Egoera etsigarria zen.
Sistemak
erraten digu lan egin behar dela, fuerte ahal bada, eta ebastea gauza itsusia
dela. Baina lagun baten paper legalekin ilegal lan egiteagatik ebatsi diote
askatasuna Senegalgo preso honi. Senegalgo preso politiko honi.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina