Hemen naiz, ez gelditzeko baina
Markel
Ormazabal
Txalaparta
(2014)
“Espazio
ezkutu bat da kartzela, gizartearen angelu itsua.”
Markel
Ormazabal Donostiakoa da eta, Euskal Herriko gazte aunitzek bezala, espetxea
ezagutu du bere militantzia politikoagatik. 2007an espetxeratu zuten hondar
aldia, Jarrai-Haika-Segi aferagatik sei urteko espetxe zigorra betetzeko.
Markel Ormazabal |
Liburuak
Lisabö musika taldearen kanta batetik hartu du izenburua eta kartzela-kronika da. Nolanahi ere, Markel Ormazabalen espetxealdiaren kronika baino gehiago
da liburua eta espetxearen munduari buruzko hamaika xehetasun eta bitxikeri
aurkitu ditugu.
“Ezagutzen
den lehen araknologia tratatua kartzelan idatzia da. Quatremère Disjonvalek,
Utretcheko kartzelan preso zeukatela, bere ziegako sabai eta hormak tapizatzen
zituzten lau mila armiarma sare baino gehiago ikertu zituen.”
Kontzeptu
eta egoera ezberdinak aztertzen ditu egileak liburuan, espetxearekin usu lotu
direnak: leihoak eta burdinak, askatasunaren kontzeptua, hesiak, komuneko
ziloak, komunikazioak, isolamendua, erritmoak, denbora… Umore puntu batekin
tarteka-marteka.
“Keinu
hizkuntza ez da unibertsala eta Euskal Herrian oraino ez dugu geurerik.
Kartzeletako bisita kabinetan horren zantzuak aurkitu ditzakegun arren. Izan
ere, eskuara jendea bilakatzen gara
komunikazioetako telefonoa eteten digutenean. Kristalari emandako eskukadetan.”
Liburuaren
diseinua ere aipatu nahiko genuke. Gai ezberdinen inguruko testu motzez dago osaturik
eta atal bakoitzaren izenburua zuri-beltzezko argazki dotore batekin dago
apaindurik. Atal bakoitzaren bukaeran egilearen inspirazio iturri izan diren
artikulu, liburu zein kanten aipamena agertzen da eta bukaeran aurkibidea dago,
espetxeko elementuen marrazkien artean nahasirik.
“Brendan
Behan irlandar idazleak esana da: Norbaitek
behin esan zuen soldadu erregular izatea lur gainean dagoen gauzarik okerrena
dela, baina, Jainkoarren, kartzela-funtzionario izatea okerretan okerrena baino
okerragoa da, berdin dio non.”
Hastapenean
erran bezala, preso baten kartzela-kronika baino gehiago da “Hemen naiz, ez
gelditzeko baina” liburua eta aski gustura irakurri dugu. “Preso egon denaren
gogoa gartzelara itzultzen da beti” irakur dezakegu hasieran, eta hala dela
baiezta dezakegu. Liburua
itxi, eta gure apalategietako espetxearen inguruko literatura guzia errepasatu
dugu begiradarekin...
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina