KASU, TXAKURRAK
Jende pilo
batek errana zidan kasu emateko Urruñako errotondan, usu egoten zirela txakurrak.
Handik pasatu nintzen guzietan ordea, txakurrik ez.
Baionako
polizia-etxerako bidean, atxiloturik eramaten nindutela, kontrol famatua
harrapatu dugu. Keinu adiskidetsu bat egin eta paso eman digute.
GURE SEGURTASUNERAKO
Segurtasun
uhala paratzeko eskatu diodanean harridurazko aurpegiarekin begiratu nau
segurtasun uhala paraturik ez eramateagatik isunak paratzen dituenak.
TXAKURRAK SUSARAN
Aulkian
jartzeko agindu dit txakur emeak. Argazki-kamara prestatu eta klik! egin behar zuelarik, bizkarra eta
ipurdiaren arteko muga zehaztugabetik bulkatu du txakur ar batek, zirikan,
jostetan…
-Ai, geldi!
-erran dio txakur emeak irribarre ttiki batez.
-Zer? -galdetu
du txakur arrak, eta berriz bulkatu du, irri ezti batez.
Terroristari
argazkiak egin dizkiote azkenean, aurrez zein perfilez, zutik zein jarrita. Ez
da arras guapoa atera, eta serio xamar dago, baina botaka egon zitekeen.
ERRUTINA
Zakur bat
edukitzea gauza polita da, eta maiz, gizakia bera baino lagun hobea da.
Alabaina, ez daki etxeko komuna erabiltzen, ezta teletiendako makinetan ariketa
fisikoa egiten ere. Hortaz, usu atera behar da pasaietara.
Ohartu
orduko, errutina zehatz batean sartzen zara: ordu bertsuetan ateratzen zara,
bide bertsuetatik ibili…
Lapurdi,
alde urbanistikotik, katastrofe bat da, kaosa, eta asfaltorik gabeko bideak
topatzea lan benetan zaila bilakatzen da askotan. Ibiliaren ibiliaz,
Berttikekin paseatzeko bide lasaiak aurkitu nituen, inguruko baserrien
barrideen lau kotxeen trafikoa baino ez zutenak.
Egun batean,
kotxe arrotz bat agertu zen, eta atxilotu egin ninduten. “Errutinazko kontrol
batean atxilotuta” idatzi zuten prentsan, baina beraiek soilik kontrola paratu
zuten, errutina nirea zen.
Orain, espetxean, errutinaren ama ezagutu
dut. Eta kontrolaren aita.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina