2014(e)ko maiatzaren 30(a), ostirala

Galo


 
Otxola espeleologia taldeak duen lokaletik Lekunberrira abiatu ginen eta ostatu batean mokadu bat jan ondoren, Guardetxerako bidea hartu genuen. Guardetxeko pista Pagomariraino korritu genuen. Ondoren, buzoak, kaskoak eta txatarra guzia jantzita, leizearen sarreraraino joan ginen oinez.

Galo leizea (Aralar) Kolosabarne gainaren eskuinean dago kokaturik, magal batean pagoen artean. Artzainek diotenez, bidelapur ospetsu baten gordelekua izan zen hainbat urtez eta haren izena hartu omen zuen leizeak.

 
Sartzeko 38 metroko putzua jaitsi behar da eta, ezkerreko barrunbeari kasurik egin gabe, eskuinetara jo genuen igarobide apal batetik. Beherantz jarraituta bi aukera izan genituen aitzina jarraitzeko. Eskuineko galeriari ez genion kasu putarik egin eta ezkerrera joan ginen.

Bertze putzu bat agertu zitzaigun berehala, 8-10 metrokoa, apenas pertsona bat ibiltzen ahal den korridore altu, estu eta sigi-sagatsu bateraino.

Korridore hura jarraituta, leizeko igarolekurik teknikoenera ailegatu ginen. Eskubanda bati lotuta, aitzina egin behar izan genuen etzanda, horizontalean estu, 20 bat metroko putzu baten balkoian eserita gelditu arte. Bertan, tresna aldaketa egin eta 3-4 metroko pareta goratu behar izan genuen.

Aitzina segituta, 15 bat metroko txorrera dago eskubanda baten ondoren eta, hortik aitzin, oinez egin genuen gainontzeko guzia. Hasieran lokaztutako korridore zenbaitzuetatik ibili ginen gure oreka proban paratuz eta gero inongo zailtasunik ez duen galeria batetik pasaietan. Kanporako bidea hartu aurretik, galeria zirkular itsu baten gaindi ibili ginen, sartzerakoan igarotako bertze galeria baten gainera ateratzen zena.

Galo leizea ez da arras aberatsa formazioei dagokienez baina dituen korridore, putzu eta igarobide teknikoek izugarri edertzen dute bisita, disfrutatzeko bertze aukera bat emanez.

Otxola espelologia taldearen blogean leize honen kronika zein argazki ederrak ikus daitezke: Galo leizea (Otxolaren blogean)

 
 
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina