2024(e)ko apirilaren 29(a), astelehena

«Sumatzen da landa eremuko nobela beltza hiritik idatzia dagoenean»

Mendekuak beti eman du jokoa literaturan, Monte Cristoko kondea da beharbada gaitegi horretan ezagunena, baina asko dira mendekua ardatz hartuta idatzitako eleberriak. Eta hortik ekin dio Ernesto Prat Urzainkik ere bere azken eleberrian, ‘Mendeku eskubidea’ (Elkar) izenekoan.*



Haurtzaroan maiz entzuten genuen, «mendekuak mendekua dakar». Literaturan, eman du jokoa mendekuak. Bai, mendekua beti izan da literaturako zio potoloetako bat. Monte Cristorena da agian ezagunena, baina nobela aunitzetan mendekua izaten da mugimendurako aitzakia.

‘Mendeku eskubidea’, zure eleberri berria, nobela beltzaren barruan kokatzen da, baina badu umorearen presentzia ere. Binomio hori lantzea erraza izan al da?

Nobelan gai serio xamarrak agertzen dira, tortura, bazterketa, arrazakeria, bortizkeria... Baina niri beti umoretik ateratzen zait afera horiek guztiak lantzea. Niri gustatzen zait azpimarratzea hau nobela beltza dela, eta ez poliziakoa, nahiz eta poliziak agertzen diren. Nobela beltza, ulertuta gure gizarteko alde ezkutuak agerian uzteko aitzakia bezala. Kasu honetan, enplegu babestua aukeratu nuen iruditzen zitzaidalako egokia zela gure gizartearen erradiografia bat egiteko edo parte bat agertzeko, eta horri trama baten inguruan gorputza emanez, nobela beltz entretenigarri eta ahal den neurrian dibertigarria sortzeko.

Aipatu duzun bezala, Baztango Udalaren enplegu babestuko brigadan dabiltza eleberriko hiru protagonistak. Horietako bat, Larru, erabat berria ez den pertsonaia da.

Bai, hori da. ‘Mendeku eskubidea’ nobela baino lehen, bertze nobela beltz bat idatzi nuen, ‘Telleria eta gero, zer?’ (Elkar, 2017), eta Larru bertako protagonista zen. Nobela hartan Lurra deitzen zen, baina bukaeran pertsonaiak egiten du ariketa bat bere burua berrasmatzeko asmoarekin, eta goitizena aldatzen du, Lurra deitzetik Larru deitzera pasatzen da.

Berria ‘Telleria eta gero, zer?’-en ‘spin of’ bat al da?

‘Telleria eta gero, zer?’’-en trama gatazka urbanistiko baten ingurukoa zen, ez du zerikusirik honekin, baina protagonista handik heldu da. Han droga kontsumitzailea zen, eta oraingoan brote psikotiko baten ondorioz desintoxikazio prozesuan murgildua dabil, bere mamuekin borrokan.

Baina egia da irakurle talde batean esan zidatela ‘Telleria eta gero, zer?’-en ematen zela drogen hutsaltze bat, eta hor gelditu zitzaidan kritikatxo hori. Beste nobela hau idazten hasi nintzenean, drogen bertze alde hau erakusteko  probestu nuen, gazte zarenean beharbada ez duzulako horretan pentsatzen eta alaiki kontsumitzen dituzu sustantziak, baina badago drogen alde ilunago bat, beste errealitate bat da mendekotasunarena eta abarrena, eta aitzakia hori ere baliatu nuen pertsonaiari buelta hori emateko.

Zer mantentzen du pertsonaiak eta zertan aldatu da, izenetik harago?

Beste nobelan egiten duen borroka gehiago da kolektiboa, eta kasu honetan bere buruarekin du borroka. Segitzen du izaten ideologikoki pertsona konprometitua, liburu honetan adibidez feminismoaren inguruko engaiamendu handia dauka, baina borroka modu indibidualagoan eramaten du. Indibidualistagoa da.

Ernesto, berriz, enplegu taldeko begiralea eta idazlea da. Pertsonaia honek metaliteraturarekin jolasteko aukera eman dizu.

Bai. Idazketa prozesuan egin nuen aldaketetako bat izan zen. Hasieran, protagonista bat zegoen beste izen eta ezaugarri batzuekin, baina trama osatzen hasi nintzenean ikusi nuen kontzeptu potentea izaten ahal zela norbaitek nobela bat mendeku gisa idaztea, eta horretarako sartu nituen trama honen argudioetan ‘Telleria eta gero, zer?’-en kontrako zentsura saiakerak. Orduan, ikusi nuen ez zuela zentzurik beste pertsonaia bat izateak, eta Ernesto paratu nuen, azkenean nik idatzi bainuen liburu hura. Beti erraten dut ez naizela sobera autofikzioaren aldekoa, baina autofikzioa idazten bukatu dut.

«Joaten zara mendira ibiltzera eta etortzen zaizkizu ideiak, edo ihesean zaudenean gorderik egun batzuk etxe batean; azkenean asperdura horrek, defentsa mekanismo batek bezala, idaztera bultzatzen zaitu»



Aurkezpenean aipatu zenuen korapilatuta geratu zinela ‘Telleria eta gero, zer?’-ekin, eta gogo gehiegi ere ez zenuela halako lan bati ekiteko. Lan honek lagundu al dizu nobela beltzaren generoarekin adiskidetzen?

Trama hura ixtea zaila suertatu zitzaidan. Urteak pasatu dira, ideiak etortzen zaizkizu, eta honetan hiru hari daude, bakoitzak bere bidea du (are gehiago, Abdelen haria hamar urte lehenago gertatzen da) eta gurutzatzen joaten dira... Bazuen bere gauza trama honek ere, baina errazagoa egin zait korapilotik ateratzea, trama ixtea. Erraten ahal da genero honekin baketu naizela.

Ernestoz ari ginen, enplegu talde honetako begiraleaz. Ofizio horretara gerturatze bat ere egin beharko zenuen.

Zorionez edo zoritxarrez, lan aunitzetan ibili naiz eta enplegu babestuko monitore gisa ere ibili nintzen lau urtez. Barne-barnetik ezagutzen dut brigada batean lan egitea zer den. Beste gauza batzuetarako dokumentatu behar izan naiz gehiago, baina kasu honetan ezagutzen nuen errealitatea.

Hirugarren pertsonaia Abdel kale saltzailea da. Aipatu duzu hamar urte lehenagokoa dela bere haria, flashback horiek ere ematen diote berea eleberriari.

Abdel Marokotik Euskal Herrira lanera etorri den pertsonaia bat da, baina 2008ko krisiaren ondorioz langabezian geratzen da eta dirua irabazteko modu bakarra du kalez kale ibiltzea du, ostatuz ostatu, gauzak saltzen, galtzerdiak, guardasolak, erlojuak eta halakoak. Nik, kasu horretan, argi dut Abdel, halako langile fina izanik, hemengoa balitz eta bere larrua xuria balitz, lanean egongo litzatekeela nonbait, baina marokoarra izanda, atzerriko azentuarekin eta larru kolore ilun horrekin, azkenean zailtasunak ditu lana aurkitzeko. Beste alde batetik, iruditzen zitzaidan halako jendeak jokoa ematen ahal zidala, aunitz ibiltzen direlako bailaran goiti eta beheiti, herriz herri, jendea ezagutuz...
Abdelen haria urte batzuk lehenago kokatzen da, Euskal Herrian ezker abertzalearen ilegalizazioa ematen den aroan eta dena gaur egun baino klandestinoagoa zenean, ezkutukoa. Kolaborazio polizialerako gonbidapen pila bat izan ziren Euskal Herrian, eta, orduan, bere etorkin egoera ahula baliatuz, Guardia Zibilak kalean ikusten duen guztia kontatzeko proposamena egiten dio.

Baztanen lekututa dago eleberria, baina ez da Baztanen kokatua, baizik eta Baztandik abiatuta eraikitakoa.

Garai batean ematen zuen nobela beltza bakarrik hirietan gertatzen ahal zela, detektibeak eta krimenak hirietako kontuak direla, eta oraingo joera erranen nuke erabat kontrakoa dela, gehiago saltzen dela landa eremuan girotutako nobela beltza. Baina egia da sumatzen dela nobela beltz hori hiritik idatzia noiz dagoen. Joera izaten da landa eremuari halako misterio kutsu bat ematea, mistizismoa, baina landa eremuan bizi den jendearentzat landa eremua ez da leku mistikoa, bizitzeko leku arrunt bat da, eta hirietan gertatzen diren lazeria eta miseria berdintsuak gertatzen dira: badago jendea ez duena etxerik, badaude kaleratzeak, janari banaketa egiten da Elizondon Iruñeko gisa berean... Horixe. Aldarrikatu nahi dut landa eremutik idatzia dela.

Bestalde, liburu hau berezia izan da zuretzat, izan delako lehenengoa erbestean pentsatu edo sortu ez duzuna. Erabat etxean egina da.

Bai. Bertze liburuak erbestean edo espetxean pentsatuak, idatziak edo zirriborratuak izan dira. Eta gero hemen, behin askatasunean, amaituak edo argitaratuak. Hau, aldiz, lehenbiziko ideiatik argitaratu den momentura arte izan da askatasunean egina. Ni erbesteak bultzatu ninduen idaztera, ihesean joan baino lehen irakurtzen nuen, baina ez nuen idazten, eta baditut ideia eta proiektuak garai horretan pentsatuak.

Eta emaitzan, hori zertan nabarmentzen da?

Nik erraten diot nire buruari: «Eguneroko gorabehera eta estuasunen gainetik, baduzu tartea idazten jarraitzeko». Ez da erraza: lana, familia, lagunak... Pentsatzen dut espetxean urte aunitz eman dutenei gertatuko zaiela gehiago, baina ateratzen zara espetxetik eta hausnartu duzu aunitz ze bizimodu eraman nahi duzun, eta gero ateratzen zara eta ohartu gabe kanpoko dinamika eroak harrapatzen zaitu eta bukatzen duzu nahi ez zenuen bizimodua aurrera eramaten. Nik ihesean idatzi nuen aunitz, eta orain handik eta hemendik familiari eta lagunei unetxoak ebatsita lortzen dut idazteko tartea harrapatzea.

Aipatu duzu erbestean sortu zitzaizula idazteko grina hori. Idazteak ematen dizunari begira jarrita, oso ezberdina al da garai hartan ematen zizuna eta orain ematen dizuna?

Erranen nuke antzekoa dela, betetzen zaituela eta barnetik ateratzen den indar horrek eramaten zaituela idaztera. Joaten zara mendira ibiltzera eta etortzen zaizkizu ideiak, zuk bilatu gabe, edo ihesean zaudenean gorderik egun batzuk etxe batean; azkenean asperdura horrek, defentsa mekanismo batek bezala, idaztera bultzatzen zaitu. Idazketak berdin betetzen nau, forma erabat diferentean bada ere: batean denbora betetzeko idazten duzu eta bertzean denbora bilatu behar duzu idazteko.

Eleberria itxita ikusten duzu edo izan dezake jarraipenik?

Trama erabat itxita ikusten dut, baina nork daki gaurko protagonistetatik beste eleberririk irtengo den? Nobela beltza genero egokia iruditzen zait kritika soziala egiteko, beraz, gure konpromiso pertsonaletan ere, eguneroko bizitzan, mundu justuago bat eraikitzen saiatzen garen bezalaxe, zergatik ez literaturan ere halako injustiziak agertu, desagertzeko asmoarekin edo horiekin akitzeko asmoarekin?



*Elkarrizketa hau Gara egunkarian argitaratu zen 2024ko apirilaren 1ean. Galderak Oihana Azkuerenak dira eta argazkia Gorka Rubiorena (Foku).

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina