Basurde baten ohantzea izan zitekeen zokoan egin zuen lo, uzkurtuta,
bere baitan bildua. Aitzineko egunetako zorra kitatu zuen, eguzkia dezente
altxatu zen arte lo eginez. Fruta pare bat jan zuen gosaltzeko, Xorroxingo
ur-jauzirainoko bidea buruan irudikatzen zuen bizkitartean.
“Aise”.
Gaizki desbrozatutako bidexendra estu batetik Intzulegiko lepora igo
zen, yankiek base militarra zuten tokiraino. Ondoren, ahalkerik gabe,
Bozateraino jaisten zen pistatik abiatu zen, harro, arranoa suge gainera
amiltzen den determinazioaz.
Lamiarritaraino desbideratu zen. Besapean sartu zuen sudurra, zerion
usaina lurrina ala kiratsa zen deliberatuz. Ezin izan zuen erran. “Ez bahaiz
ezta hire usaina ezberdintzeko gai ere, ze hartza klase haiz hi, karajo!” egin
zion errieta bere buruari, eta bidea jarraitu zuen. Nonbait, ez zuen
Lamiarritako putzu ederrean garbialdi bat emateko premiarik ikusi.
Arineketan egin zuen aitzinerat, amatxixaharrek goizeko mezara joateko
daramaten ibilera bizia nahi gabe imitatuz. Di-da batean aurkeztu zen Gorostapolon,
eta garaipen irriñoa agertu zen bere aurpegian bazter guzietan aparkatutako auto,
monobolumen eta furgonetak ikustean. Turistak saldoka zeuden. Gorostapolotik
Xorroxingo ur-jauzira doan bidean goiti eta beheiti ibiliko ziren denak
seguruenik, ardiak bezala, egin-beharreko-argazkia-egin-eta-bueltaka. “A
ze polita”, “bai, orain norat?”, “Bertizerat”, Zugarramurdirat?”, “futitzen
naiz, baina nire barneko turista-kontsumista-orojaleak kilometro, argazki eta
bisita gehiago behar ditu. Benga, azkar, bertzenaz ez digu Bardeetako Castildetierra
delako hori egun berean ikusteko denborarik geratuko”.
“Ilupak” ondorioztatu zuen Hartzak amorruz buruarekin ezezko
mugimenduak eginez, eta bere segada berrirako toki aproposa aukeratzeari ekin
zion. Harrizko pareta baten gibelean kokatu zen azkenean, Iñarbegiko
errepidetik jaisten zen pagadian. Harri
koskor bat paretatik kendu eta ipurdi azpian paratu zuen, turisten esperoan
ahalik eta erosoen egoteko.
Ahots alai zenbait aditu ziren ur-jauziaren aldetik. Sabanako lehoiak
nola, halatsu kontzentratu zen Hartza bere postuan burua apur bat beheitituz,
belarriak eta begiak zorroztuz, eskuetan zituen matxetea eta urritzezko makila
instintiboki estutuz.
Karkaraka zetozen lau neska ziren, inguruan zeukaten mehatxuaz
axolagabe erabat. Hartzak adi-adi jarraitu zituen buruarekin, begi-bazterraz
begiratu ere, fidatuko ez balitz bezala. Banan-banan aztertu zituen: neurriak
eta arropak.
“Ez” erran zuen Hartzak bere baitan, “keba”. Txikiak eta argalak ziren,
ez zuten Hartzak balia zezakeen zamarrarik. Pasatzen utzi zituen bere
gordelekutik atera gabe.
Lau neskak Gorostapolo aldera urruntzen ikustean bertze gauza bat etorri
zitzaion Hartzari burura: “noiztik ez haiz hartz-eme batekin egon?” “Nahikoa
lan jatekoa lortzen” erantzun zuen burumakur. Sorbalden artean sartu zuen burua.
Urruntasunean galdutako lau nesken itzalpean eman zituen hurrengo
minutuak, begirada galduarekin, pentsakor. Supituki, aspertu izan balitz
bezala, ez zuela gehiago itxaronen erabaki zuen, eta bidera atera zen. “Mahomak
mendira joan beharko dik”.
Gorostapolo beheitiko harrizko zubira ailegatuta zalantza egin zuen,
erreka eta bidearen patuak hortxe bereizten baitziren, behin behinean bederen.
Gorostapolora buruz igotzen zen galtzada behatu zuen, gero, zuzen-zuzen bere
martxa segitzen zuen erreka. “Benga, benga, Hartza, ez izan burgesa. Zalantza
izate hutsa iraingarria duk”.
Erreka bazterretik jarraitu zuen Erratzurantz, sasi eta zuhaixken
artean.
Erratzuko elizaren gibeleko aldean agertu zen, Izpegitik zetorren
errekak eta berak jarraitzen zuenak bat egiten zuten lekuan. Erreka bazterreko
harrietatik jarraitu zuen Zubi Punta ostatuko gibeleko terrazaraino. Jauzi arin
batez hormigoizko pareta gaindituta ostatuko terrazan zeuden turisten begien
aitzinean agertu zen.
-Guten morgen! -agurtu zituen Hartzak, bekokia era
aristokratikoan goitituz. Ibilera ia militarrez zeharkatu zuen ostatu barnera
joateko ate baxua, buruan kolperik ez hartzeko mugimendu robotiko bat eginez.
Terrazako turistek, den-dena soubenir bihurtzeko duten joera horrekin,
entretenituta segitu zuten ikuskizuna, udalaren kortesiaz bisitariak
entretenitzeko zirkua balitz bezala.
Aldez alde zeharkatu zuen Hartzak ostatua, disimuluz, leihoetan
pilatzen ziren zamarren artean aukeraketa eginez.
Berriz zibilizazio higuingarrian zegoela profitatuz, komuneko taza
baten freskura goxoa ere dastatuko zuen beharbada. “Bai” pentsatu zuen bere baitan, “ez diat
askatzeko aunitz, baina jakin behar duk bizitzak ematen dituan aukerak
profitatzen”.
“Redio!”, komunen parera ailegatuta shock moduko bat sufritu
zuen. Ostatuko iskin horren eskuineko aldean plantxa bat zegoen, eta emakume
bat taloak egin eta egin ari zen, izerditan. Arto opil guziak ikusi, edo
usaindu batez ere, eta burmuina urtzen zitzaiola sentitu zuen Hartzak.
Talogileak erritmo bizi-bizian ziharduen, bere adinerako gehiegizko
erritmoa beharbada, baina emakume gogorra ikusten zitzaion, eta gazte baten
energiaz mugitzen zen. Masarekin pilotak egin, zapaldu, talo forma eman,
plantxan paratu, buelta eman, taloa ireki, jakiz bete, plateretan jarri,
eskaerak errepasatu, txistorra kalkulatu, aurreko talo horiek begiratu, “ez,
oraindik apur bat gehiago behar dute”,
plantxaren gasa konprobatu... Bat-batean, Hartzaren begiradan erreparatu
zuen emakumeak, eta birritan pentsatu gabe, taloz betetako plastikozko poltsa
bat hartu eta eskaini egin zion:
-Edgar, verdad? -eta eskuetan pausatu zion taloen poltsa.
Hartza hipnotizatuta zegoen: plantxatik zetorren usaina, talo lodi
horien itxura paregabea, emakume heldu horren energia gaztea... Begiak kliskatu
zituen poltsako taloen berotasuna eskuetan nabaritzean, iratzarriz bezala. Ez
zuen plastiko horri uko egiteko inolako imintziorik egin.
-Haber -jarraitu zuen talogileak ohartxo bat errepasatuz-, dos talos de jamón y queso, uno
de panzeta, tres de queso con txistorra y cuatro de chocolate, verdad? Sí, eso
es, diez en total. Para pagar en la barra. Ale, buen provecho, “on
egin” que decimos
aquí -erran eta bere erritmo bizira itzuli zen emakumea
Hartzaren erantzuna itxaron gabe.
Inertziaz edo, zehatz-mehatz zergatik jakin gabe, zeren eta Hartzak ez
zeukan taloak ordaintzeko ez dirurik ez eta asmorik ere, barraraino joan zen
mamu bat ikusi duenaren aurpegiarekin, shock egoeran oraindik. Taloen
poltsa makilaren eskuarekin hartu eta eskuin eskua barra gainean pausatu zuen.
Zerbitzari gazte bat zegoen barraren bertze aldean, banketa altu batean
jarrita, bizkarrez kasik, telebistari begira. Futbol partida ari ziren ematen,
zerbitzariak jantzita zeraman elastikoaren taldea jokatzen ari zena izanen zela
pentsatu zuen Hartzak. Zerbitzariaren ondoan, inguruan nolabait baina barraren kanpoko
aldean, bizpahiru gazte zeuden. Hauek, begirada neutroz behatzen zuten
Hartzaren itxaronaldia. Minutu batzuk joan ziren gazte horietako batek
zerbitzaria ohartarazi baino lehen.
-Hi, hor bat daukak esperoan aspaldi.
Zerbitzariak burua jiratu zuen, ez zen berehala banketatik zutitu, segundo
luze batzuk behar izan zituen erreakzionatzeko. Behin zutituta, Hartzarengandik
bereizten zuen basamortua zeharkatzeari ekin zion, urrats txikiak eta motelak
emanez, berrehun kiloko zapatilak eramanen balitu bezala. Urrats txiki-txikiak
ematen zituen, belaunak tolestu gabe. Burua albo batera erdi makurtuta,
karakolak egiten zituen esku batekin ilean, bezeroarengana joateko basamortuko
zeharkaldi eternala zerbaitekin arindu beharko balu bezala. Gazte hori hilik
zegoela iruditu zitzaion Hartzari, bihotzak zutik mantentzeko gutieneko odola
eta indarra baino ez ziola bidaltzen. Zerbitzariari zaplazteko bat emateko
gogoak izan zituen Hartzak, ea iratzartzen zen, ea hilen mundutik bizidunen mundura
itzultzen zen, ea zaplazteko indartsua emanez gero lurrera fite ala kamara
geldoan amiltzen zen.
-Ze? -galdetu zion zerbitzariak ahots ahul baina erasokor batez,
indarra, energia, zerbitzari batek ustez behar duen irribarrea baita hitzak ere
aurreztuz.
-Baso bat ur, please.
Hartzak gorrotoaren irudia irakurri zuen zerbitzariaren aurpegian, “turista
porkerie, ene bihotz alferrak ematen didan energia apurra xahutzea egin didazu
ur baso miserable batengatik” pentsatuko balu bezala.
“Hilik zegok. Aspaldi gainera”.
Uraren freskotasunak Hartzaren ideiak argitu zituen: talogilea sorgina
zen, zerbitzari gazteari indarra ebasten zion ezkutuko malefizio batez, eta
egindako talo bakoitzeko apur bat gehiago hiltzen zen gaztea, eta apur bat
gaztetu talogilea. Ostatua ixtean egindako talo guzien oharrak zenbatuko zituen
sorgin talogileak, “gaurko arratsaldean ehun eta lauetan hogeita sei talo.
Orain ehun eta lauetan hogeita sei talo gazteagoa naiz, eta zerbitzari gaztea,
ehun eta lauetan hogeita sei talo hilago dago”. Eta irri beldurgarri batek
bazter guziak beteko zituen. Bai, ez zegoen bertze azalpen logikoagorik.
Bertzenaz, nola uler zitekeen emakume horren energia eta gaztearen heriotza
goiztiarra?
-Gehigo? -galdetu zuen zerbitzariak ironikoki Hartzaren
burutazioak moztuz.
-Ez, mila esker.
Bere heriotza goiztiarrarengatik doluminak eman zizkion Hartzak
zerbitzariari begiradarekin, eta hurrupa batez hustu zuen basoan gelditzen zen
ura. Zerbitzariak basamortua berriro zeharkatu eta banketa formako hilkutxan
laketu zituen bere hezurrak.
Hartzak begiak paseatu zituen berriz ostatuko leihoetatik. Hortxe ikusi
zuen gore-tex gorri eta dotore bat, berari deika. “Har nazak eta hirekin
eraman. Aska nazak ostatuetatik behingoz, eta eraman nazak mendietara,
basoetara... Ostatuetako keak eta edari isuriek itotzen naitek. Mendietako
haizea, euria, eta elurrak behar ditiat. Har nazak, errekupera nazak. Aska
nazak!”
Bere bihotz onari jaramon eginez gore-tex gaixo haren arima
salbatu zuen Hartzak. Leihotik hartu eta, gibelera begiratu gabe, ateratzeko
eskailerak igo zituen. Enperadore baten harrokeriaz, ostatu pareko jauregiaren
eta apaiz etxearen artean abiatzen zen bidea hartu zuen, keak zauritutako gore-tex-aren
azala eztiki laztanduz eta hamar taloko botinean irrikaz pentsatuz.
“Biba Hartza!”
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina