2020(e)ko urtarrilaren 13(a), astelehena

"Arratiako Kalenturak" ipuin erotikoen lehiaketea


Ernesto Prat Urzainki "Little"ren "Sokada baten hiru muturrak" lanak irabazi dau Arratiako Kalenturak Ipuin Erotikoen Lehiaketea*

Nafarrak, genero bako sexu istorio bat kontetan dau, irakurlea harrapatu eta momentu baten be interesa galdu ezin dan narrazino honetan. Bigarren saria, Durangoko Josu Unzueta Ajuriarentzat izan da, Ilargiaren abestia lanagaitik. Arratiako onenari saria, Bediako Karlos Aretxabaleta Ormaetxeak eroan dau, Ortzimugan larrua jo leike ipuinagaitik.

Arratiako Kalenturak Ipuin Erotikoen lehenengo edizinoa irabazi dauan Ernesto Pratek daborduko ibilbide bat dauka idazle moduan. Izan be, hiru nobela ditu argitaratuta (Hiru ilargi laurden, 2012; Orpoz orpo, 2014, eta Telleria eta gero, zer? 2017) eta sariak be jaso ditu beste ipuin lehiaketetan.
Ernesto Prat Urzainki, "Little", Berriozar herrian jaio zan 1978an. Nekazaritzari eta zurgintzari lotutako ikasketak egin ebazan eta alor askotan egin dau behar: mendiko peoi, euskera irakasle, zerbitzari, musikari... Skalariak taldeagaz sei urte egin ebazan tronpetea joten eta Kalapite musika taldeko kide be izan zan. AEKn euskaldundu zala, eta atzenengo hamarkada bitan Baztanen bizi izan dala be kontau deutso BEGITUri.


Lekarozen bizi zara, ez da?
Bai, Lekarozen bizi naz. Lekaroz Baztango herri txiki bat da, Elizondotik hur dago. Oin langabezian nago baina atzen lau urteotan Baztango Udaleko Gizarte Zerbitzuak antolatzen daben Enplegu Babestuko monitorea izan naz. Lantalde bat sortzean dabe errenta bermatua jasoten dauan jenteagaz, Baztango mendi, herri eta eskoletan hainbat lan egiteko. Eta lan horreek antolatzea, koordinetea eta gauzatzea zan nire ardurea.

Zeintzuk dira zure zaletasunak? Sokada baten hiru muturrak ipuinean ikusten da eskaladaz asko dakizula. Eskalatzea da horreetako bat?
Eskalatzera joan izan naz nozonoz baina ez naz eskalatzailea. Berez espeleologoa naz. Aurten, kobazuloetako zenbait tokitan soltura gehiago irabazteko, eskalatzera joan izan naz, entrenamentu moduan. Hasikera baten ipuina ateraldi espeleologiko baten girotzea pentsau neban baina lurraren erraiak lar hotzak begitandu jatazan Arratiako Kalenturak berotzeko. Ohartu barik, eskalada girora joan jatan istorioa.

Kontau zure literatura ibilbidea. Hiru eleberri kaleratu dozuz, ez da? Azaldu apur bat eleberrien nondik norakoak.
Errepresino politikotik igesean nengoanean hasi nintzan idazten, egutegiari eta erlojuari denporearen burrukea irabazteko asmoagaz. 2012an Hiru ilargi laurden eleberria argitaratu neban, Baztango Metaziri kolektiboagaz. Arkeologiak eta Kristobal Kolon aurreko Hegoamerikako kulturak presentzia handia daukie kontakizunean. 2014an, Txalaparta argitaletxeko Literotura sailean, Orpoz orpo eleberri erotikoa argitaratu neban. Guardia Zibila gazte protagonistearen bila joaten da lehen atalean eta, atalez atal, ezustekoz betetako igesaldiari ekiten deutso gazteak, politika, umorea eta sexua nahasten dituan traman zehar. 2017an Telleria eta gero, zer? nobela baltza argitaratu neban Elkarren Ateko Bandan sailean. Lekarozen, herritarren borondatearen kontra aurrera eroan gura daben Aroztegiako proiektu turistiko espekulatzailearen gatazkan dago oinarritua liburuko tramea eta Lurra izeneko neska gazte punkia da protagonistea. Bestetik, Hotzak eleberria eta igesean nahiz espetxean idatzitako kronikak, testuak eta ipuinak arnoaesklabuendako.blogspot.com blog personalean argitaratzen dodaz.

Ipuinak be idazten dozuz eta hau ez da irabazi dozun sari bakarra. Zeintzuk dira jaso dozuzan beste sariak?
2009 urtean Pyrenaicako Mendi Ipuinen IV. Lehiaketea irabazi neban Free Peltier Little Horsen lanagaz eta 2012an Iruñeako Udalak antolatutako Egile Berriendako Euskerazko XXIII. Lehiaketearen hirugarren saria emon eusten Lozen izan nintzen lanagaitik.

Zein izaten da zure idazte prozesua?
Lehenik idea etorri behar jata burura, ezpabere ez naz ordenagailuaren aurrean ipinten. Ondoren asmoa garatzeko idea nagusiak zerrendatzen dodaz, berba bategaz edo esaldi bategaz, eta idea nagusi horreek garatzeari lotzean naz. Batzuetan buruan neukanaren antzekoa ateraten da, beste batzuetan, gehienetan, sano gauza desbardina. Idazteko prozesua irekia izaten da, aberasgarria, eta, eskema itxietan tematu barik, bidean sortzean diran argudioai libre eusten deutset.

Arratiako Kalenturak Ipuin Erotikoen Lehiaketea irabazi dauan ipuina lehiaketarako eginda dago ala aldez aurretik eginda zeunkan? Zelan sortu zan?
Sokada baten hiru muturrak ipuina Arratiako Kalenturak Ipuin Erotikoen Lehiaketarako idatzi neban. "Hitzen uberan" atariaren bidez izan neban lehiaketearen barri eta atxakia polita iruditu jatan neure buruari zeozer idazteko erronkea paretako. Burua lanean hasi zan hasikerako idea zaparradea sortuz eta, gauzak apur bat ordenatuta egozanean, ordenagailuaren aurrean jarri nintzan idaztera.

Ez da egin dozun lehenengo narrazino erotikoa eta nobela baltza be gustukoa dozu. Komentau apur bat.
Baztango Idazleekin solasean irakurle taldeko kidea naz, baita Euskal Nobela Beltzaren Astea antolatzen dauan (H)ilbeltza kolektiboko kidea be. Erdal literaturearen gaindosiaren aurrean euskerazko literatureak Euskal Herrian, eta batez be Baztanen daukan eta izan dauan lekua aldarrikatzeaz gainera, genero baltzak aukera parebakoa eskaintzen dau gure jendarte ustelen lotsak lau haizetara hedatzeko. Bersino ofiziala poderearen bersinoa da eta, Euskal Herrian ondo asko dakigun moduan, gehienetan ez dauka zerikusirik egiagaz. Nobela baltzetako protagonista askok egia bilatzen dabe, gertaeren bersino ofizialaren gainetik, eta holan eregiten dira askotan genero baltzeko tramak.

Irakurle moduan, nortzuk dira gehien gustetan jatzuzan idazleak? Erreferenterik badaukazu?
Erreferenteak bai, jakina, baina ez modu argian. Danerik irakurten dot eta irakurketa bakotxaren eragina hor dago, gehiago ala gitxiago nabaritu arren. Edozein modutan, literatura politikora eta literatura politikoki ez zuzenera joteko tendentzia izaten dot. Literatura kinkia ere sano maite dot, edo kinkiz betetako literaturea.

Zelan ikusten dozu euskal literaturea? Eta euskal literatura erotikoa?
Egia esateko ez jata lar interesetan euskal literaturearen giro orokorra. Sano giro intimistea bilatzen da askotan eta panfleto politikoari bildur handia dago. Literatura gauza serioa da Euskal Herrian, serioegia. Eta burgesa. Egunkarietako kritika literarioak irakurten dodazanean, gehienetan ez naz ados egoten. Sarritan, egurtu daben liburua gustau egin jata eta laudorioz josi dabena infumablea iruditu jata. Eta euskal literatura erotikoaren kasuan... bada, ez dala existiduten esango neuke. Ez dakit literatura erotikoa irakurten dan Euskal Herrian baina, irakurten bada, argi dago ez dala euskeraz irakurten. Gaur egun euskeraz argitaratzen dan literatura erotikoa ikustea baino ez dago. Kri-kri, kri-kri... Basamortua dago.



*Elkarrizketa hau “Begitu” aldizkariak argitaratu du 2020ko ilbeltzan. Info gehiago: www.begitu.org

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina