XVII
Bortzgarren eguna motza izan
zen, horrela eskatu baitzuen Pirinioetako orografiak. Joxe Antonio
Etxebarrietak erran omen zuen behin euskaldunok Europako kurduak garela,
industria eta banka kapitalistaren zama handiarekin, baina kurduen mendien
laguntzarik gabe.
Ez nengoen ados. Bueno,
erdizka.
Beharbada industria eta banka
kapitalistaren zama pairatzen dugu, baina mendiak baditugu, eta, nire irudiko, mendi
hauek erabiltzen ikastea da gakoa.
Pirinioak anitzetan gutxietsi
egiten ditugu, ondo-ondoan ditugulako edo, baina gure zibilizazio ustel honek
ez ditu erabat menderatu oraindik. Are gutxiago neguan. Horren adibidea
urteroko hildakoen kopurua da, datuak hor daude. Nahikoa masifikatuta egon
arren, gune basa anitz dago oraindik; beraz, gure iraultzarako gune hauek nola
erabili litzateke gakoa.
Eguraldia ikusirik, argi
zegoen mendiak ez zigula kezka honi soluzioa bilatzeko bidea erraztuko, baina
kastako nafarrak garen neurrian, natura baino burugogorragoak ginela
erakusten tematu ginen.
Tarte mistoko eta izotz
gogorreko luzeak gainditu nituen, rokodromoan entseatutako mugimendu zenbait
praktikara eramanez. Gau ezerosoa igaro nuen arren, aitzineko egunean baino
seguruagoa atera nintzen, soka-buru berriz ere. Mamurik ez oraingoan, eta
lasaiago ikusten nuen nire burua. Indarberriturik, nolabait. Nahiz eta
eguraldia kontra izan, lasaitasunerako arrazoiak nituen: Eider eta Jon, zama
bat ez izateaz gain, bikain ari ziren. Are gehiago, Eiderrek handizki erakutsia
zuen behar izanez gero gai zela sokada guztia apuru batetik ateratzeko. Horrek
nire ardura arintzen zuen eta, horrelako kezkak desagerturik, aiseago egin nuen
aitzina.
-Sobera buelta ematen dizkiek
gauzei -erraten zidan beti Haibolek.
Baliteke.
Eta hik sobera guti pentsatzen nuen nik nire baitan. Soldadutza egiteko
ordua ailegatu zitzaigunean, errate baterako, berak hasieratik eduki zuen argi
eta garbi intsumiso eginen zela, ez zela soldaditoz mozorroturik hortik
barna tiroak ematera joanen. Zeinen eta espainolen banderapean gainera! Kartzelara
bai eta, behar izanez gero, infernura ere joanen zen rojigualdadun uniformea
paratu baino lehen. Umoretsu, bere etxean ez zekitela trapu zikinak garbitzen
erraten zuen, eta ez zela joanen.
Nik zalantza gehiago
izan nituen. Espetxera joatearenak ez ninduen sobera konbentzitzen, egia erran;
baina, halere, arazorik handiena etxean neukan. Aita, alegia. Kartzelara joatea
desohorea omen zen familiarendako, eta familiaren izen ona zikinduko omen nuen,
barrideak gutaz solastatuko ziren, bera ez zela kartzelara ni bisitatzera joanen
ezta gosez akabatzen banengo ere. Gainera, HIESA hartuko omen nuen kartzelan,
edo tuberkulosia, edo soilik Jainkoak dakien zer edo zer! Aise errazagoa omen
zen bederatzi hilabete soldadutzara joatea eta gainontzeko arazoez atzentzea…
Bederatzi hilabete bere aste, egun, gau eta ordu guztiekin etxetik urrun, pentsatzen
nuen nik, armaz inguraturik, sarjentu putakume baten aginduetara eta zu
bezalako txoriburuz betetako barrakoi batean egotea legioaren ahuntzaren gau
erdiko eztula bailitzan. Ez gehitzeagatik, aitak jakin ez arren, ordurako argi
neukala nire homosexualitatea.
Azkenean, ni chicha ni limoná, kontzientzia-eragozlea
egin nintzen.
Gero, urte gutxitara,
derrigorrezko soldadutza kendu zuten, eta soilik Rambitoek, fatxek
eta despistatuek egiten zuten. Dute. Erabat konbentziturik nago derrigorrezko
soldadutza kendu egin zutela Haibol bezalako jendeak bere familiaren izen
ona zikindu zuelako, barrideen solasez futitzen zirelako, edo HIESA,
tuberkulosia edota zerrien gripea ere hartzeko prest egon zelako bidezko ideia
bat defendatzeagatik, eta ez ni bezalako oilo busti eskasek irtenbide
pertsonal, indibidual eta erosoena bilatu zutenengatik. Egia errateko, ez dut
uste iraultza handiegirik egin daitekeenik intoxikazio etilikoz jotako nerabeak
gurutze gorrian artatuz. Ez, horri ezin zaio borroka deitu. Horri jendarteari
zerbitzu bat ematea erraten ahal zaio gehienez, baina ez borroka. Are gutxiago,
iraultza.
Dena dela, eta hala ere,
batzuetan Haibolek ez dituela gauzak sobera hausnartzen pentsatzen dut
oraindik. Batean, adibidez, encuesta de intención de voto delako bat
egin zioten hauteskundeak baino lehen Elizondoko karrika batetik zihoala, eta
kafearen orduan Zubi Puntan kontatu zuelarik, ez zerurako ez lurrerako utzi
gintuen. Batetik, uste genuelako horrelako inkestak ez zirela benetan
existitzen, eta alderdi edo gobernu zehatz batzuen mesedetara eginiko iruzurrak
baino ez zirela, eta, bertzetik, berak emandako erantzunengatik. Galdetu
ziotenean ea zer alderdiri emanen zion bozka, HB erran zuen. Eta
zergatik galdetu ziotenean, ETA aurkezten ez delako erantzun zuen, hain
trankil. Aupa hi, Haibol, konplexurik gabe!
Erratzu bezalako herri txikietan, egia errateko, konplexuak
arriskutsuak dira; izan ere, lagun edo barride mihigaiztoak egokitzen
bazaizkizu, sekulako presioa senti dezakezu, eta alimaleko zama bihur daiteke.
Ni, berriki artio, presio horrekin bizi nintzen, hots, nik egindako edozein
ekintzak familia edo etxearen izena zikin zitekeela. Beharbada horregatik nion
inbidia apur bat Haiboli, ez zelako batere mozten. Hori bai, bere kasua
ezberdina zen, ezinezkoa baitzen bere familiako fama gehiago zikintzea.
Aspaldi-aspalditik zinez istorio harrigarria
kontatzen zen Erratzun. Dirudienez, duela zenbait mende edo urte, Pirinioen
bertze puntatik zetorren emakumea agertu zen Erratzun, konta ezinezko
edertasunaren jabe zena. Bertsio batzuek zioten Erratzuko gazte bat itsuki maitemindu
zela emakume hartaz bere edertasuna zela medio, eta bertze batzuek aldiz, emakumea
erdi sorgina zela, eta azpijokoren batekin engainatu zuela gazte hura. Edozein
modutan, emakume kanpotar hark gaztearen etxean bukatu zuen. Denbora gutxira,
gaztea desagertu egin zen eta gaur da eguna ez dagoela jakiterik ea ospa egin
zuen herritik, emakumeak hil zuen, ala bertze ezer gertatu zen. Bistan denez,
zurrumurruak berehala hasi ziren Erratzun eta Baztan guztian.
Emakumea usu joaten omen zen
Auza azpiko basora, eta hortik barna galdurik ematen zuen eguna. Batzuek zioten
kobazulo batean loturik eta bahiturik zuela gaztea, eta tarteka-marteka
gaztearekin larrua jotzera eta jatekoa ematera joaten zela. Bertze batzuek
zioten mendian lurperatua zegoela gaztea, eta emakumea bere hilobira joaten
zela sorginkeriak egitera. Hala ere, gehien entzuten zen bertsioak zioen
emakumeak otso-saldo bat zeukala bere aginduetara, eta otso-saldoaren
buruarekin egiten zuela txortan, edo otso-saldo guztiarekin, ezen animaliek ez
dute holakoetan desberdintzen.
Hala izan ala ez, egia omen
da emakumea haurdun gelditu zela eta, hiru hilabeteko haurdunaldiaren ondoren,
haur bat ekarri zuela mundura. Alabaina, emakumea egun gutxitara hil zen
erditze mingarriaren ondorioz eta herriko mojak arduratu ziren haurra
zaintzeaz. Bada, erraten denaren arabera, emakumea hil eta egun batzuetara,
otso handi bat ikusi omen zen Erratzun, emakumearen etxearen inguruetan
tristeziaz uluka. Eta hemen, berriz ere, bertsio bat baino gehiago dago. Bertsio
batek dio haurra desagertu egin zela mojen etxetik, eta Auza azpiko basoan
zebilen otso-saldoarekin bat egin zuela. Bertze bertsio batek dio haurra
Erratzun bertan gelditu eta hazi egin zela, eta Haibolen aitatxiren aitatxi
izan zela.
Nik, nire bertsio propioa dut
elezahar hauen inguruan. Akaso ez hain erromantikoa, baina bai posibleagoa,
zalantzarik gabe. Seguru herriko apeza izan zela emakume hura haurdun utzi
zuena, eta seguru herriko apeza bera izan zela zurrumurru gaizto haiek guztiak
herrian hedatu zituena, emakumearen balizko testigantzari zilegitasuna kendu
nahian. Batek daki, halaber, ez ote zuen apezak berak emakumea erailen afera
guztia sekretupean mantentzeko eta, haurrari dagokionez, auskalo ze ostia
eginen zuten mojek berarekin, adoptatu beharbada sosa batzuen ateratzeko, edo
aberats antzuren bati saldu. Batek daki…
***
Pauvre Alizia izeneko zokoan kanpamentua muntatu genuelarik,
alimaleko haizea zebilen. Elurra ere gogotik ari zuen. Eider, oinak erdi
izoztuta eduki arren, metro batzuk haratago urrundu zen argazki baten
ateratzeko. Argazkiak! erran nuen nire golkorako. Bideko tentsioa zein
eguraldiaren kezkarekin ez nuen argazki bat ere egin aurreko lau egunetan. Ze
pena!
-Bai, nik baten bat egin dut
-erantzun zuen Eiderrek ea beraiek argazkirik eginak ote zituzten galdetu
nielarik.
-Beharrik. Kopiaren bat
eskatuko dizut, ados?
Kanpin-denda paratua genuen
zokoa behatu nuen. Klik! Argazki bat atera nuen. Jonek saltxitxoia
mozten zuen dendaren atean, Haibol eta Eider barnean zeuden, lo-zakuak eta
esterillak prestatzen, biak ala biak hotzak jota. Bueno, laurok geunden hotzak
jota. Endurance itsasontziko tripulanteak ematen genuen, izotzetan
blokeaturik. Antartidan izan beharrean, Pirinioetan zen, eta Shackletonen
espedizioan izan beharrean, bere izena zeraman bidean. Batzuk horizontalean,
bertzeok bertikalean, baina denok izotzetan, azken finean.
Beraiek atera zirenean, argi
omen zeukaten ez zutela erreskate aukerarik izanen seguruenik, eta
zalantza egin nuen. Baldintza meteorologiko haietan nekez sar zitekeen
erreskate talde bat Mer de Rêves haranean goiti, gutxiago Pic de Mallacaneko
paretetaraino. Beraz, handik ateratzekotan, gure kabuz beharko zuen izan, ez
zegoen bertze aukerarik.
Ez kezkatu, Karmelo, saiatu nintzen nire burua lasaitzen, Haibolek
erraten duen moduan, sobera buelta ematen dizkiek gauzei.
Segituan, kanpin-dendara
sartu nintzen, Shackletonen espedizioko argazkietan ageri ziren marinelen
irribarreak gogoan harturik. Abenturazale haien bideak hemezortzi hilabete
baino gehiago iraun zuen, gurea, aldiz, bortzgarren egunean zihoan. Beraz, ez
nuen irribarrerik ez egiteko arrazoirik aurkitu. Shackletonen Bidetik
nola edo hala eta onik aterako ginela konbentzitu nintzen, eta nire
argazkiak horren lekuko izanen ziren.
Klik!, argazkia atera nion Haibolek eta Eiderrek asmatutako
lo-zaku hibridoari.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina