Orriak

2015(e)ko ekainaren 15(a), astelehena

HOTZAK, bortzgarren eguna (XVI)


 
XVI

Ez nion buelta gehiagorik emanen, erabakita zegoen: egun horretan bertan berarekin lo egiteko eskatuko nion Karlosi. Ez zegoen hotz hura jasaterik. Aitzineko gauean eskatzekotan egon nintzen, baina Kubako eztabaida ergelagatik ez nion proposatu azkenean. Kubakoak koadrilan izan genuen bertze eztabaida pito bat gogoratu zidan. Batek zioen neskok arraroagoak ginela, konplikatuagoak, nolabait. Eta hortxe saltatu ziren txinpartak. Arraroagoak? Konplikatuagoak? Zer edo nor baino gehiago? Zein zen konparaziorako eredua edo erreferentzia? Gizonak, doike. Eta hori ez zegoen onartzerik. Ea neskez (edo gizonez) solas egiterakoan jeneralizatzen ahal den eztabaidagaia izan zitekeen, baina neskok gizonak baino ez-dakit-zer gehiago edo ez-dakit-zenbat gutxiago garela ez zegoen onartzerik. Ez parametro haietan bederen. Gizona, orokorrean, ez da gizakien arteko konparaziorako batere erreferentzia egokia. Edozein konparazio egin nahi duzula ere, gizona eredu edota abiapuntu bezala hartzeak ezin du fundamentuzko emaitza edo ondorio batera eraman. Periodikoak irakurtzea eta telebistako albistegiak ikustea baino ez da egin behar horretaz jabetzeko. Gaur egun gizonek gobernatzen dute mundua, eta begira nola gabiltzan. Edozein modutan, han egon ginen, bi, hiru, lau orduz, emakumeen eta gizonen izaera goiti eta beheiti.

Lever du Soleilen eman genuen gau hark aitzina egin ahala, Karlosi berarekin lo egiteko eskatu ez izanaz damutu nintzen. Hotza lo-zakuaren eta arroparen zirrikitu guztietatik sartzen zen eta kasik erran daiteke ez nuela hamar minutuko tarteak baino gehiago lorik egin jarraian. Zinez gau txarra izan zen, txarrena beharbada.

-Haibol -xuxurlatu nion iratzarria zegoela iruditu zitzaidan batean-, Haibol…

Ez zidan arraposturik eman. Burua goititu nuen apur bat eta iratzarria zegoen bakarra Jon zela iruditu zitzaidan. Lo-zakuaren barnean kuzkurtu eta Karlosengandik ahalik eta hurbilen etzan nintzen, bere gorputzaren berotasunaren xerka. Ez nintzen berriz saiatu. Burua lo-zakuaren barruan sartu eta hotz madarikatu hartan pentsatu gabe lo hartzen ahalegindu nintzen.

***

Hurrengo eguneko lehenbiziko luzeak Karmelok egin zituen. Nahikoa teknikoak ziren baina aipatzeko arazorik gabe gainditu zituen. Emeki-emeki, Pic de Mallacaneko ertz nagusia agertu zen gure begien aurrean eta bidean segitzeko kemena eman zigun horrek. Prefosta, espero genuena baino gehiago ari ginen sufritzen, anitz gehiago. Gehiegi. Hori bai, gero eta hurbilago geunden kaskotik, eta besoa luzaturik uki genezakeela zirudien.

Pauvre Alizia izeneko zokoan elkartu ginen lau soka-kideok eta hantxe bertan kanpatuko genuela erabaki genuen. Haizeak eta elurrak ez ziguten atsedenik ematen eta bazirudien ez zuela aldatzeko asmorik. Karlosek erdi izoztuak zituen eskuetako atzamarrak berriro, eta nik oinetakoak. Baldintza horietan arras mugatuak geunden. Hortaz, eta goizik izan arren, bertan kanpatzea erabaki genuen; izan ere, ez genekien kanpamentua muntatzeko leku aproposagorik topatuko genukeen aitzinago, eta hori izan zen hartu genuen erabakiaren argudio nagusia.

-Ez duzu hotzik gauetan? -galdetu nion Karlosi nahi nuen tokira zeharka ailegatzeko asmoz.

-Aitzineko bi gauetan hortxe-hortxe ibili naun.

-Nik kristoren hotza pasatu dut. Atzokoan, adibidez, gau guztia eman nuen bueltaka, ezin lorik egin. Hagitz gau txarra pasatu dut.

-Ez zekinat, agian zaharregi zegonan lo-zakua. Gainera, erran niolarik amari hiri utzi behar ninala, lo-zakua garbitzen tematu zunan. Material hauek arras delikatuak ditun eta ez dun sobera garbitzea komeni.

Bazirudien Karlosek ez zuela ulertzen nora ailegatu nahi nuen. Lo-zakua, zaharra? Bai to, ederki zegoen lo-zakua. Pentsakor gelditu nintzen une batez. Gero, indarrak hartuz bezala, hasperen egin nuen, baita erran beharrekoa erran ere:

-Eta hirekin sartzen banaiz lo egitera?

Horrela atera zitzaidan, proposizio indezente baten moduan. Gainera, zertaz erran nion hiketan? Berak bai, berak Aita Santuari berari eginen lioke hiketan, baina nik beti zuketan egiten nion. Beharbada konfiantza edo konplizitate bila nenbilen. Kontraerasoan, galdera bat egin nion nire buruari: txikitatik ezagutzen nuen Karlos, arras lagun ona nuen, ederki portatzen zen nirekin, are gehiago Aitorrena gertatu eta gero, eta berarekin lo-zaku berean lo egiteko eskatua nion konfiantza osoz; beraz, zergatik egiten nion beti zuketan? Gure arteko erregistro naturalak hika behar zuen izan, argi eta garbi. Bueno pentsatu nuen, gure Euskal Herri maitearen azalpenik gabeko bertze ohitura zentzugabe bat.

-Lo-zaku berean biok? -galdetu zidan Karlosek apur bat harrituta irribarre bihurri batekin.

-Bai -erantzun nion normaltasuna irudikatu nahian, lagun batek bertze bati elkarrekin lo egiteko eskatzea munduko gauzarik ohikoena bailitzan.

-Ados, ongi -erran zuen Karlosek buruarekin baiezko mugimenduak eginez ideia barneratzen zuen bizkitartean.

Isilune txiki bat egin zuen, egoera aztertuz. Ondoren hau erran zuen:

-Lo-zaku berrian sar gaitezken eta zaharra gainetik paratu, velcroekin lotuz.

-Hik erran nola.

Lehenbizikoan ez zuen funtzionatu. Lo-zakua sobera estua zen biok batera sartzeko eta bata bertzearen gainean egon behar genuen kasik. Bueno, kasik ez, bata bertzearen gainean literalki. Konfiantza bazen, baina hori zerbait gehiago zen, eta ezkongai batzuen lehenbiziko gaueko postura estu hartan ezeroso sentitzen ginen biok. Nola egin zitekeen hausnartu ondoren, gauza arraro bat erdietsi zuen Karlosek. Lo-zaku baten kremailera bertzearenean sartu eta zaharraren hanketako partea velcroekin lotu berriari. Horrela ere estu-estu sartzen ginen, baina bata bertzearen gainean egon gabe. Hankak lo-zaku berean genituen, sobran gelditzen zenarekin gainetik estalita, eta gerritik goiti, leku gehiagorekin, bakoitzak kapela bat geneukan.

-Biba hi, Haibol! Artista ederra haiz! -erran nion oinak epelduz zihoazkidala nabaritzen hasi nintzenean.

Ez dut erranen bero nuenik, baina aitzineko eguneko hotzarekin alderatuta, goxo nengoen. Oraingoan bai, oraingoan Karibeko hondartza epel batean sarturik nituen oinak, Kuban, adibidez, ekialdeko hondartzetako batean.

Aitor itzulitakoan, lehenago edo geroago itzuliko baitzen, Kubara joanen ginateke, Fidel, Che, Camilo eta horien guztien irla errebeldera. Beharbada Viñaleseko kare harrizko mogoteetan eskalatuko genuke zer edo zer, edo espeleologia egin, baina bidaiaren helburu nagusia lasai ibiltzea izanen litzateke, Aitorren presentzia hutsaz disfrutatzea, berak nireaz disfrutatzea eta, eskutik elkar harturik, Kubako kontradikzioez patxadaz gozatzea. Santiago hiri heroikoan Moncada kuartela bisitatuko genuke, iraultzaren hasieren hasierarekin amets egiteko. Gero, bizikletaz, edo trenez, edo autobusez, Habanaraino joanen ginateke poliki-poliki, munduko iraultzaileon pelegrinazio gunea den Santa Clara hiritik igaroz.

Habana zaharretik pasaietan ikusi nuen nire burua, Aitorren gerritik hartuta. Malekoia aldez alde zeharkatuko genuke Ameriketako Etxeraino itsasoko olatuen joan-etorriarekin gozatuz, Iraultzaren plazan hara-hona ibiliko ginateke Martí apostoluaren oinetan, eta erortzear dauden etxe kolonialen artean galduko ginateke karrikaz karrika, inongo presarik gabe.

Museoak, eraikinak eta monumentuak bisitatuko genituzke agian, baina gozamena Aitor eta biok elkarrekin emandako pausu bakoitzarekin etorriko litzateke. Ron merke eta ona erosteko proposamenei ezetz erranen genieke, baita benetako Habanoak erosteari ere. Euskaraz solasean hurbilduko zitzaigun horretaz deskonfiatuko genuke, eta mojito bat edo bertze edanen genuke abeslariak amari kantanteak nongoak diren galdetzen dion bizkitartean. Apur bat animatuz gero, dantzara aterako ginateke eta, bazter batetik begira egonen litzatekeen beltzaran gihartsu eta izerditua niregana dantza eske etorri eta gero, tomatea bezain gorri jarriko nintzateke.

Goizetik gauera elkarrez disfrutatu ondoren, ostatatuak egonen ginatekeen Teresaren, edo Mirtaren, edo Marinaren, edo Elenaren etxera itzuliko ginateke. Eta Karlosi arrazoia emateko bertze aukerarik ez nuke izanen, amodioa eginen nuke Kuban, goxo, gogoz, gosez…

Kuba aitzakiatzat harturik, bideaz gozatuko genuke, laguntasunaz, konpainiaz, ez Xorroxingo ur-jauzira Elizondoko turismo bulegotik etortzen diren turismo-kontsumitzaile orojaleak bezala, ur-jauzirako bidea galdetu eta gero ea ur-jauziak merezi duen galdetzen duten horiek, ea hogei minutuko bidea egin ondoren, ur-jauzi porkeri bat izan behar duen. Gorostapolotik Xorroxinerako bidea bide ederra da, bere antzinako galtzadarekin, errekattoak, belaiak, animaliak, arbolak, basoa… Zer gehiago nahi dute? Ur-jauzia kenduta ere, paseo aski ederra da gauzez gozatzen dakien batentzat. Pikutara turismo-irensle gupidagabeak! Biba Gorostapolo, Xorroxin eta bere hogei minutuko bidea! Biba ametsak eta biba Kuba libre!

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina