Orriak

2015(e)ko maiatzaren 27(a), asteazkena

HOTZAK, laugarren eguna (XIII)


 
XIII 

Ez antzara luma, ez eta ostiarik ere! erran nuen nire baitan, hau hotza! Hiru aldiz jaiki nintzen gauean arropa gehiago janzteko. Neukan arropa guztia jantzi eta gero, hutsik gelditu zen motxila. Motxila beraren barruan ere sartzekotan egon nintzen lo-zakura itzuli baino lehen, matrioska panpina errusiarren antzera.

Zenbat gradutan ote geunden? Auskalo. Onartzen dut hozbera naizela, baina hogeita hamar gradu zero azpitik eginen zituen bederen. Edo gehiago. Hozten jarraitzen bazuen, ez nekien nola agoantatuko nuen. Telebistan izaten diren bizirauteko realityak ikustean, beti galdetu izan diot nire buruari ea zergatik ez ote diren binaka edota inkluso hirunaka lo-zakura sartzen, eta orain ni gauza bera ari nintzen egiten. Bizpahiru buelta eman nizkion ideiari. Argi zegoen Jonekin ez nintzela sartuko, ez geneukan hainbertzeko konfiantzarik. Gainera, bere begirada zegoen, otsoak harrapakinari zuzentzen dion begirada. Astoa saldu eta mandoa erosi pentsatu nuen. Hotza saihesteagatik gau guztia beldurrez egon behar banuen, akabo negozioa.

Beraz, Karlos eta Karmeloren artean zegoen afera. Biak ala biak lagunak nituen, txikitatik. Konfiantza handia geneukan eta banekien beraiekin lo egiteko eskatuz gero, biek emanen zidatela baietza gaizki pentsatu gabe. Izan ere, aski ongi zekiten zer sentitzen nuen Aitorrengatik. Beharbada, edo ez, Karmelo aukeratzea zen logikoena, homosexuala zelako, eta gaizki ulertuak (edo tentazioak?) ekiditea errazagoa izanen zelako.

Edozein modutan, eta ez galdetu zergatik, zerbaitek erraten zidan norbaiti proposatzekotan Karlosi proposatuko niola azkenean. Aitorrek hanka egin zuenetik arras ongi zaintzen ninduen Karlosek, telefonoz deituz eta abar, eta ahal zuen neurrian, arreta handiz gainean egonez, animoa eta itxaropena gal ez nitzan. Gainera, super-mega-lo-zaku berria zeukan.

***

Bigarren postua egokitu zitzaidan sokadan, Karmeloren gibeletik. Aitzineko egunetan bezala, eguraldiak ez zuen batere laguntzen, eta haize bortitza zebilen. Tarteka harri bat edo bertze erortzen zen Karmelo zebilen tokietatik eta, domino ekidinezin batean bezala, nik ere bota nien nahi gabe harri solteren bat nire gibeletik zetozenei.

Izotz eskalada hasi zelarik nik aseguratu nuen Karmelo eta, hitzik erran ez bazuen ere, jakin banekien nahiago zuela Karlosek aseguratu izan balu. Horregatik edo hargatik ez nuen sobera seguru ikusten eta hegaldi polita egin zuen erori zelarik. Despistatu zela erran zuen, baina konfiantza falta zelakoan nengoen ni, sokada bereko kideen arteko konfiantza falta, hain zuzen.

Sobera pentsatu gabe, nire burua proban paratzeko, edo soka-kideen konfiantza irabazteko, edo biak, soka-buru joateko erran nuen.

Luze gabe, Karmelok hain era kezkagarrian iragarria zidan Milentas de Bozes izeneko paretara ailegatu ginen. Egia erran ez zen erraza ikusten eta tarte hori Shackletonen Bideak zituen gakoetako bat omen zen. Errespetuz, goitirantz begiratu nuen, aukera ezberdinak baloratu aldera. Zentzumen guztiak zorroztu nituen, baita beldur apur bat sentitu ere. Ongi zegoen hori. Beldur apur horrek adi-adi mantenduko ninduen eta, arreta galdu gabe, ahalik eta seguruenen jokatzera bultzatuko ninduen, erlaxatzen utzi gabe. Beldur apur hori behar nuen, neurrian eta kontrolaturik betiere. Beldurra, berez, ez da arazo bat, ezta beldurra duzula onartzea ere. Arazoak etorriko ziren baldin eta beldur hori izu bihurtuko balitz;,, izan ere, beldur punttu batek zentzumenak zorroztera eramaten zaitu. Izuak aldiz, blokeatu egiten zaitu. Izuak ez dizu pentsatzen uzten, eta horrelako paretatzar batean arazoak erran nahi du horrek, komeriak.

Arraildura estu batetik abiatu nintzen, pazientziaz, etxea behetik goiti hasiz. Emeki-emeki paretaren zati sentitu nintzen, eroso. Oinen eta eskuen artean sortzen zen desoreka orekatuan ikusi nuen nire burua, aitzina segitzeko ardura betez. Izotza kexatu egiten zen, kristal hautsien soinua imitatuz. Niretako musika bezalakoak ziren izotzaren aieneak, eta aske sentitu nintzen grabitatea haustean, grabitatea preso atxikitzen gaituen indar ikusiezina bailitzan. Askatasuna hitzaren hizki guzti-guztiak dastatu nituen paretan goiti eginez.

Aitzinera jarraitu nuen, konplexurik gabe. Burua eta gorputzeko gihar guztiak senti nitzakeen, bakoitza bere tokian, baita zeharo uztarturik eta koordinaturik ere bere funtzioa betetzen, konbinazio geldiezina osatzen. Kasik erraten ahal da militarki betetzen zituela gorputzak buruaren aginduak. Nire ehuneko berrehunean nengoen, zalantza ñimiñoena egin gabe.

Altura atzendu nuen, arriskua, baita hotza eta haizea ere. Burutik giharretara zihoazen aginduak baino ez nituen entzuten. Haizea isildu egin zen, elurra eta izotza berotu. Nire gorputzetik atera izan banintz bezala, paretaren erdian ikusi nuen nire burua, bertze perspektiba batetik, zelatan dagoen Anaia Nagusiaren begia nirea bailitzan. Pareta aztertu eta mugimenduak diktatzen zizkidan begiak. Mugimendu bat, bertze bat, metro bat eta bertze bat. Lurretik dabilen koadrupedoa sentitzen nintzen paretaren bertikaltasunean, gizakiaren jatorrietara itzuli izan banintz bezala. Eta konturatu gabe hori ari nintzen egiten, jatorrira itzultzen. Ordura artio jaun eta jabe nenbilen kirol-eskaladan, alpinismotik zetorren eskaladan, alegia. Bada, Milentas de Bozes-en mendian bertan paretak igotzearen esentzia hutsera ari nintzen itzultzen.

Ilargi betea pasatutakoan, berriz gizaki bihurtu eta egin dituen sarraskiak gogoratzen ez dituen otso-gizonaren moduan eta bertara teletransportatua izan banintz bezala, Milentas de Bozes paretaren bukaerara ailegatu nintzen, egindako balentriaz sobera kontzientea izan gabe oraindik. Segituan, lekuak eskaintzen zuen talaia naturaletik, inguruak aztertu nituen. Hondar orduetan egindako bidea eta nire hiru soka-kideak ikusi nituen, baita Mer de Rêves haranaren zatitxo bat ere lainoak utzi zidan apurrean.

Erregina ez, arrano sentitu nintzen. Eta bizia ikusi nuen.

Harri hura azpiko harana ikusteko talaia zen moduan, niretzat mendia bizia ikusteko talaia zen, bizirik nengoela sentitzekoa. Gure bizimodu eroak ez digu bizia sentitzen uzten eta aterabiderik gabeko espiral horretan eskalada etena zen, mozketa, iraultza, gure burua bertze perspektiba batetik ikusteko aukera. Jendea hain dago lanpeturik bizitzeko ahaleginetan non ez den konturatzen bizirik dagoela.

Ni bizirik nengoen, eta Milentas de Bozes-en zegoen arranoa nintzen.

-Biba hi, neska! -zoriondu ninduen Karlosek besarkada batekin niganaino ailegatu zelarik. Gero, bere burua eskaini zuen- Hemendik aitzin, nahi badun, ni neu joanen naun soka-buru.

-Ados.

Karlosek elurra eta haize bortitzaren artean ireki zuen bibakeraino falta zen bidea. Eguraldia zertxobait hobetu arren, lan gogorra egokitu zitzaion. Eta luzea. Kanpamentua muntatu genuelarik, erabat hoztuta ikusi nuen.

-Hurrengo ateraldia Arnedillora egin behar dugu -erran nuen Karlosen eskuak berotzeko ahaleginean nire eskuen artean igurtzen nizkiola.

-Nahi dunan lekura infernu hotz honetatik urrun baldin badago.

-Hor ere eskalatxeko bideak daude, esta? -galdetu zuen Jonek.

-Bai, baina bueno, nik ur termaletara erraten nuen, egun hauetan sufritzen ari garen hotza atzentzen saiatzeko.

-Apoyo la moción.

-Egia esan behar badut, ni ere gustura sartuko nintxateke ur beroko putxu batean.

-Aupa zu, Jon, nintzateke eta guzti! -sartu zen Karmelo isekari.

-Hori duk hori, ur beroko putzuak! Hori paradisua!

-Tira, nik Arnedillo erran dut, paradisua nahi baduzu, Karibera joan beharko dugu…

-Kubara, adibides.

-Hara bertzea, honek beroa nahi du eta bero dago gainera!

-Benga, benga, ez izan asto-zakilak. Kubara joaten den oro ez da larrua jotzera joaten, eta aski ongi dakizu zuk hori.

-Arrazoia dun, ba omen zegon bat edo bertze ezetz, baina galdetu Amaiurren -bota zuen Karlosek ironiaz-, urtero ateratzen da mutil-zaharren karabanaren bat, mendebalde urrunean bezala.

-Ez izan ergela Haibol. Infernu hotz honetatik urrun nahi zenuen, ezta? Bada, Kuba poliki urrunago dago Arnedillo baino.

-Definitiboki, hotzak gure argudiatzeko gaitasun guztia indargabetu du. Ze demonio ari gara Arnedillo Kubarekin konparatzen?

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina